Nerea Loiola: "Semea bera ohartu da nolako lana duen liburu bat argitaratzeak"

Intza Trula 2024ko urr. 2a, 11:00

Nerea Loiola, Zarauzko Udal Liburutegian. (Intza Trula)

Badira bi urte Nerea Loiolak (Deba, 1985) literatura ogibidetzat hartu zuenetik. Semearekin ondutako 'Miraren mendekua' liburua kaleratu du; "opari bat" izan da harentzat.

Matematikako irakasle izateari utzi eta literaturarekiko apustua egin zenuen duela bi urte inguru. Irudikatzen zenuen modukoa izaten ari al da idazle bizitza?

Niretzat bizimodu ezezagun batera salto egitea izan zen, eta ez nekien ondo aterako zen ala ez. Baina, egia esan, bi urte hauek oso-oso ederrak izan dira, eta hurrengoa ere halakoxea dator. Apustua egin nuen, eta oraingoz ondo ateratzen ari zaidala esan dezaket.

Iritzi artikuluak eta haurrentzako zein helduentzako liburuak idatzi, irakurketa taldeak dinamizatu... Etengabe ari zara lanean.

Literaturatik bizi nahi nuen nik; hau da, nire idazketatik, baina horrela soldata egonkor bat edukitzea oso zaila da. Horregatik, beste diru iturri batzuk behar nituen, eta horiek nire idazketarekin zerikusia izan zezaten nahi nuen. Horrela hasi nintzen iritzi artikuluak idazten, baita irakurketa taldeak dinamizatzen ere: soldata egonkorrago bat ematen didate, eta aldi berean nire idazketa eta sorkuntza lana aberasten dituzte. Azkenean, denbora berean gauza pila bat egiten ari naizen sentipena daukat.

Zurrunbilo horren erdian, ba al duzu denborarik helduentzako bigarren liburu bat idazteko? Hiru urte dira Epizentroa kaleratu zenuenetik.

Duela urtebete jakinarazi zidan Gipuzkoako Foru Aldundiak Raul Guerra Garrido beka irabazi nuela, hain zuzen ere, helduentzako bigarren liburu bat idazteko. Liburuaren azken xehetasunekin nabil orain, eta laster argitaratuko dut helduentzako nire bigarren liburua: Zebrak eta bideak, hain zuzen ere. Sei narrazioko bilduma izango da.

Eskapu liburuen fenomenoa berreskuratu duzu eta buru-belarri zabiltza horretan.

Duela bi-hiru urte inguru hasi nintzen eskapu liburuekin. Haurra nintzenean asko gustatzen zitzaizkidan Aukeratu zure abentura izeneko liburuak, eta konturatu nintzen ez zegoela horrelako libururik euskaraz; beraz, saiatu egin behar nuela pentsatu nuen, eta oso erantzun potentea izan du proiektuak. Liburu horiekin jolastu egin daiteke, baina jolasteko irakurketa kontziente bat egin behar da, bestela ez zara gai ondo erantzun eta aurrera egiteko. Tranpa moduko bat da. Uste dut azkenean funtzionatu egin dutela, eta oso pozik nago horregatik, baita jarraitzeko asmoarekin ere.

Atzo aurkeztu zenuen Miraren mendekua eskapu liburua. Berezia da, lau eskutara baitago idatzita.

Miraren mendekua opari bat izan da niretzako, Xuhar semeak egin didan opari bat. Orain arte kaleratutako eskapu liburuak 10 urtetik gorakoentzat izan dira, eta semeak egun batean honela esan zidan: "Ama, primerako liburuak idazten dituzu, baina nik ezin ditut irakurri. Zergatik ez duzu egiten eskapu liburu bat nire adinekoentzat?". Komentarioak grazia egin zidan, eta bion artean idaztea proposatu nion. Jolas moduan hartu nuen nik hasieran, baina konturatu nintzen berak oso serio heldu ziola kontuari. Denbora baten ostean konturatu nintzen bazegoela proiektu bat, bazegoela liburu bat, eta Ereingo argitaletxeari proposatu nion egitea. Haiek baiezkoa eman zidaten, eta Eskapu Txiki izeneko bildumako lehen liburua aurkeztu genuen atzo.

Zer da ama batentzat semearekin horrelako sormen lan bat osatzea?

Ilusio handia egin dit, gehienbat, berak ikusi duelako zer-nolako lana daukan liburu bat argitaratzeak. Beste lanbide batzuk erraz irudika ditzakegu; izan ere, gure iruditerian badakigu zer egiten duen sukaldari, suhiltzaile edota irakasle batek, baina liburu bat argitaratzeak zer eskatzen duen irudikatzea ez da hain erreza. Prozesu osoaren parte izan da semea, eta aukera eduki dut berari erakusteko nire lana zer den.

Bideo-elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko azken zenbakian dago ikusgai. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide