Dagoeneko urte bat musikaren ikuspegia eraldatzen

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 24a, 16:00

La URSS taldearen kontzertua, Lege Berriaren apirileko ekitaldian. (Lege Berria)

Lege Berria kolektiboak bere lehen urteurreneko festa ospatuko du larunbatean Borghetton. 17:00etan hasiko da, eta herriko DJen saioak girotuko du pergola

Urte bat igaro da Zarauzko hogei gazte bildu eta Lege Berria kolektiboa sortu zutenetik. Lehenengo emanaldia iazko uztailaren 14an egin zuten, Oki Moki eta Haira taldeen eskutik. Geroztik, hainbat izan dira Lege Berriaren hain berezkoa den oholtzatik igaro diren musikariak, besteak beste, La URSS, Hiuzz, Jai/Egun, Katarsi edo azken ekitaldira bertaratutako Forma Norte bikotea.

Oraingoan, berriz, etxekoak izango dira Borghettoko pergola girotzen arituko direnak. Ekitaldia larunbat arratsaldean hasiko da, 17:00etan, eta sarrera doakoa izango da joaten direnentzat. Bertan izango dira Balza, III, Vanguardia Civil, Ines eta Anwolt DJak, eta eguraldiak laguntzen badu, musika entzun eta giro ederraz gozatu nahi duen orok derrigorrezko geldialdia izango du Zarautzen.

Iazko uztailean jakinarazi zuten kolektiboaren manifestua: "Zarautzen lan, dantza eta kanta egiten da. Batzuek egiten dute lan, askok dantza eta denek kanta", zioten. Dirurik irabazteko asmorik gabe sortutako talde bezala aurkeztu zuten beren burua, adierazpen kultural eta espresio librerako gune bat eskaintzea helburu zuen kolektibo gisa, hain zuzen. Partaideek gustuko duten musika zuzenean entzuteko aukera izan zezaten eta herrian urte osoan zehar eskaintza kultural zabalagoa egon dadin sortu zuten egitasmoa. "Gaztetxe berriaren irekierarekin, ekitaldi eta musika eskaintza ezberdina ekarri nahi genuen herrira. Bilera bat egin genuen uda hasi baino lehen, eta kolektibo bat sortzea erabaki genuen, kontzertuak eta DJ saioak bateratzeko asmoz", azaldu dute partaideek.

Zarauzko gaztetxera eraman dituzten artistak genero nahiz estetika ezberdinetakoak izan dira. Post-punketik igaro eta musika elektronikoa edo synth pop doinuak entzun dira Hiruputzun azken urte honetan; izan ere, kolektiboak askotariko proposamenak eskaini ditu bere ekitaldietan.

Bestelako bulkada

Lege Berria izena "bultzada ezberdin bat" eman nahi zuelako aukeratu zuen kolektiboak: "Herrian badaude ekitaldiak egiten dituzten beste kolektibo eta talde batzuk. Guk, ordea, ikuspuntu 'berri' bat proposatu nahi dugu".

Hasieran, inprobisatzen hasi ziren antolakuntzari dagokionez, ez zutelako irudikatzen zein ziren taldean behar ziren rolak: "Hogei pertsona gara kolektiboaren parte, eta bakoitzak formakuntza ezberdin bat dugunez, diziplina anitzeko taldea osatzen dugu. Hori dela eta, arlo ezberdinetako espezialistak ditugu gure artean".

Urte bat igaro ondoren, harrera positiboa jaso dute publikoaren aldetik: "Aipamenak ere jaso ditugu euskal eszenako idazle eta kazetarien aldetik; DIY [Do It Yourself; euskaraz, zuk zeuk egin] filosofia berriz bueltan datorrela ikusi dute horiek. Hori oso positiboa da guretzat. Entzuleei dagokienez, gainera, zerbait esperimentalagoa ekarri izan dugunean, kopuru handiagoa izan dugula nabaritu dugu". Ekoizpen aldetik ere erantzun onak jaso dituztela azpimarratu dute, argiei, soinuari, eszenatokiari eta argazkiei erreparatuz gero.

Gaztetxeari beste irudi bat eman nahi izan diote esperientzia aldetik: "Asko harrituta geratzen dira gure dekorazioa ikusten dutenean. Etorkizunera begira, geroz eta ekitaldi politagoak sortu nahi ditugu, baita talde handiagoekin harremanetan jarri ere. Horrez gain, gauza gehiago egin nahiko genituzke gaztetxetik at, posible den heinean. Uda eta gero egingo ditugun ekitaldietan, artista potenteagoak ekarriko ditugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide