Mendiren hondartzako seriea oso-osorik jarri dute ikusgai, estreinakoz

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 13a, 11:00

Herrian bizi zen margolari ezaguna omentzeko egingo dituzten ekintzen barruan erakusketa antolatu dute San Enean eta irailaren 15era arte bisitatu ahalko da. Biharko pintura lehiaketan ere izango dute gogoan artista lekeitiarra.

Joan den asteazkenetik ikusgai dago San Enea kultur etxean Juan Luis Mendizabal Mendi margolariari eskainitako Gai bakarreko seriea erakusketa. Inauguraziorako eguna ere ez zuten nolanahi hautatu; izan ere, egun seinalatua zen uztailaren 10a Mendirentzat: urtebetetze eguna, batetik, eta Zarauzko hondartzari buruz margotu zuen serie ezaguna abiatu zuen eguna, bestetik. 1992ko uztailaren 10etik 1993ko uztailaren 10era, goizero-goizero eta hutsik egin gabe, formatu txikiko bi koadro margotu zituen malekoitik ikusten zuen eguneko bista jasotzeko. Bada, lehen aldiz lortu dute seriea osatzen duten 730 margolanak biltzea elkarrekin erakusteko; izan ere, sakabanatuta egon dira. Serie hori da, hain justu, mostraren erdigunea eta irailaren 15era arte bisitatu ahalko da 18:00etatik 20:00etara. Dena den, askoz lan gehiago ere baditu.

Azken horren harira, Manu Muniategiandikoetxea erakusketako komisarioak irekiera ekitaldian azaldu zuen, "Mendi margolari hutsa baino gehiago zenez, egokiena haren figura eta obra osoa islatzea" iruditu zitzaiela. Horregatik, aipatutako seriea eta Mendik egin zituen beste hainbat margolan ez ezik, lagun zituen beste artista batzuk emandako lanak ere jasotzen ditu erakusketak. Zentzu horretan, komisarioak gogoratu zuen Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi edota Nestor Basterretxearen garaikidea izan zela, eta bazuela harremana haiekin.

Halaber, jakinarazi zuen duela bost urte Mendi zendu zenean bere familiari egin zioten proposamenetik jaio dela erakusketa: "Haren omenezko erakusketa bat egitea eskaini zieten senideei eta ni ere harekin familia egiten nintzenez, ni arduratzea proposatu zidaten hurbilenak zituen senideek".

Ildo beretik, Muniategiandikoetxeak argitu zuen asteazkenean zabaldutako erakusketa Mendi gogoratzeko egingo dituzten ekintzetako "lehenengoa" izango dela, asmoa baita jarraipena ematea eta erakusketa gehiago antolatzea. Era berean, hitzaldiak eta bestelako jardunaldiak egingo dituztela iragarri du. Bihar bertan egingo duten kaleko pintura lehiaketan, esaterako, parte hartzaileek malekoian margotu beharko dituzte lanak Mendi omentzeko.

Gertukoa

Lekeition jaioa izan arren, Zarautzen finkatu zuen bere bizilekua Mendik eta aski ezaguna zen herrian. Horren erakusle da asteazkeneko erakusketa irekierak sortu zuen ikusmina, herritar ugari bertaratu baitzen.

Ildo beretik, Irune Urbieta Kultura zinegotziak gogoratu zuen "oso gertuko pertsona" zela zarauztar guztientzat. Horrez gain, "oso aktiboa" zela ere nabarmendu zuen herriko ikastetxeekin lanean jardun zuelako eta beste hainbat eremutan ere parte hartu zuelako, Udaleko kultura sailarekin tartean. Hori horrela, udalak ere parte hartze zuzena izan du margolariari eskainitako omenaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide