Herriko landa eremuko emakumeen egoera aztertzeko beka sortu dute

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 20a, 09:00

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia eta Irati Baroja Berdintasun teknikaria. (Zarauzko Udala)

Uztailaren 9a amaituko da deialdira aurkezteko epea, eta proiektu sarituaren egileak 6.000 euro jasoko ditu.

Zarauzko landa eremuetako emakumeen egoera aztertzea helburu duen beka deialdia aurkeztu du Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak. Aipatu eremuan gertatzen diren genero desberdintasunak identifikatzea eta horiek gainditzeko hainbat estrategia ondorio gisa planteatzea lirateke ikerketaren oinarri nagusiak, eta lan hori garatzeko proiektu sarituaren egileak 6.000 euroko beka jasoko du.

Berdintasun zinegotzi eta Landa Eremuko arduradun Gloria Vazquezek adierazi du  emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun ezak "erpin asko" dituela: "Landa eremukoak ezaugarri bereziak ditu, eta horregatik azterketa zehatza eta geldoa eskatzen dute. Eremu horretan bat egiten dute landa-munduak XXI. mendeko gure gizartean pairatzen dituen zailtasunak eta emakumeek berezkoak ditugun oztopoak, emakume izate hutsagatik".  Zentzu horretan, beka bera "erronka bikoitza" bezain "erakargarria" dela azpimarratu du.

Alde batetik, "klima-aldaketak eragindako mundu batean, isuriak murrizteko tokiko ekoizpena bultzatzea funtsezkoa eta ia iraultzailea da", gaineratu du Vazquezek. Bestetik, "emakumea beti izan da landa ustiaketetako erreferentea, ekoizpenaren beste edozein eremutan bezala, baina bigarren maila batean utzi da, eta, ziurrenik, lan baldintza txarrenak pairatzen". Errealitate hori ezagutaraztea eta, horrela, egoera hobetzeko aukerak izatea da planteatzen duten erronka bekaren bidez.

Ikerketa-lan zorrotza egitea nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, zehaztu duten baldintzen artean, unibertsitate ikasketak lehenetsi dituzte, batez ere, metodologia ezagutzak dituztenak eta horrelako ikerketan oinarritutako ondorioak ateratzeko bermea dutenak. Bekaren inguruko informazio guztia Emakumeen Etxearen webgunean kontsulta daiteke; bertan ere bete daiteke eskabide orria. Uztailaren 9a izango da deialdira aurkezteko azken eguna.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide