Zarauzko txokoak, pintura ikasleen begiradatik

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 18a, 09:57

Artezaleetako Jasone Irigoien irakaslearen hogeita lau ikasleren margolanak ikusteko aukera dago Torre Luzeako aretoan martxoaren 17ra bitartean. Irigoien "gustura" da emaitzarekin, baita erakusketa jartzearekin ere. "Bagenuen gure lanak erakusteko gogoa", adierazi dio hedabide honi.

Zarauzko Txokoak izeneko erakusketa zabaldu dute Torre Luzean Artezaleetako pintura tailerrekoek. Jasone Irigoien irakaslearen hogeita lau ikasleren margolanak zintzilikatu dituzte, eta ostegunetik daude ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Martxoaren 17ra arte egongo da zabalik erakusketa, eta emaitzarekin "gustura" da Irigoien, baita erakusketa jartzearekin ere. "Bagenuen gure lanak erakusteko gogoa", azaldu dio hedabide honi.

Iaz hasi ziren gaia lantzen, baina hormetan badaude lehenagoko lanak, baita orain gutxi amaitutakoak ere. Askotariko estiloak, eta askotariko lekuak aukeratu dituzte ikasleek beren lana egiteko, eta oso aberasgarria iruditzen zaio hori irakasle aiarrari. "Zarautzekiko bakoitzak duen begirada islatzea proposatu nien, askotan postaletan edo argazkietan Zarautz jakin bat agertzen zaigulako, baina beraiek, egunerokoan, hainbat txoko bizi dituzte, eta badute haiekiko lotura emozional bat. Hortik abiatuta, bakoitzak bere ibilbidea egin du, eta bere erara landu du gaia, eta niretzat hori da aberatsa: hainbeste ikuspegi desberdin ikustea, eta teknika desberdinak erabilita, beren bizipenetatik margotu izana".

Jasone Irigoien irakaslea. (Onintza Lete Arrieta)

Askotariko txokoak aukeratu dituzte: badago hondartza, noski, baina baita herriko beste gune batzuk ere –tartean errepide ondoan jartzen diren kilometroen harri zuri-gorria–, eta bateren batek jendea dantzan jarri du San Joan suaren bueltan. Teknikak, ere, askotarikoak ikus daitezke: arkatza, akuarela, akrilikoa, oleoa eta teknika mistoa.

Hogeita lau ikasle

20 urte izango ditu erakusketan parte hartu duen ikasle gazteenak, eta 80ra bidean izango da zaharrena. "Ez dago adin mugarik margotzeko", nabarmendu du Irigoienek.

Erakusketako partaideen zerrenda ere partekatu du hedabide honekin: Imanol Urdanpilleta, Pilar Herrero, Izaskun Mendizabal, Gervasio Gabirondo, Juani Goikoetxea, Javier Aramendi, Manolo Gonzalez, Enrike Iglesias, Rosa Santamaria, Leonor Lopez, Mariana Balmaceda, Bianca Castro, Elena Argarate, Mirari Iturrino, Eneko Alberdi, Miguel Angel Luengo, Nerea Pizarro, Consuelo Blanco, Esther Hernandez, Patxi Elola, Esther Plagaro, Dorleta Iruretagoiena, Elixabete Lopez eta Virginia Esteban.

Rosa Santamaria ikaslea. (Onintza Lete Arrieta)

Rosa Santamaria da ikasleetako bat. Bi urte daramatza eskolak hartzen, eta aurreneko aldiz parte hartu du erakusketa batean. "Ilusio handia" egiten diola aitortu du. Pozik da eskolekin, baita erakusketarekin ere: "Astean behin ematen digu eskola Jasonek. Irakasle zoragarria da, eta giro oso ona dago guztion artean. Denok animatu gara gure lan bat edo bi erakustera. Imanolena [Urdanpilleta], esaterako, izugarria da. Ez da ederra bakarrik: testura eta kolore konposizioa ere sekulakoa da

Irigoienek hamabost urte badaramatza pintura tailerrak ematen haurrei eta helduei, eta azpimarratu du garrantzitsuena dela "bakoitzari laguntzea bere teknika eta nortasuna bilatzen pinturaren eta teknika desberdinen bitartez". Irigoienentzat interesgarriagoa da "ikasleari entzutea, nirea inposatzea baino". Desberdina da eskolak helduei eman ala haurrei eman, batez ere umeek mugimendu gehiago behar dutelako, baina antzekotasunak ere badirela uste du aiarrak: "Bakoitzak ditu bere desioak eta nahiak, eta hori aurkitzen laguntzen diet. Hori berdina da haurretan eta helduetan".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide