Urtebeteko etenaren ondoren, Kopla Txapelketa bueltan da, eta, gainera, agertoki berri batean izango da: Hiruputzu gaztetxean. Zaharrak berri dio esaerak, eta egia da lehengotik asko duela jaialdiak, baina zalantzarik gabe, espazio berrira egokitu beharko dute orain. Hala ere, Putzuzulotik Hiruputzurako jauzia "guztiz naturala" izan dela nabarmendu du Koplazale elkarteak.
"Bi eten handi bezala ikusten ditugu elkarte barrutik: bata, pandemiak eragindakoa, eta bestea, Putzuzuloren eraisteak eragindakoa. 2020ko abenduan ez genuen txapelketarik egin, bestelako saio bat izan baitzen, eta 2021ean ez genuen modu arruntean jokatu, segurtasun neurriak eta maskarak zirela medio. Iaz, 2022an, ezin izan genuen antolatu ez zegoelako Putzuzulo gaztetxea. Beraz, 2019az geroztik, aurtengoa izango da normaltasunez jokatuko den lehen Kopla Txapelketa", aditzera eman du Koplazale elkarteko kide Amaia Urbietak: "Ea nola erantzuten duen jendeak!".
Datorren abenduaren 22an jokatuko dute XV. Kopla Txapelketa Hiruputzun, 22:00etan hasita. Baina, ohi bezala, sarrerak astebete lehenago jarriko dituzte salgai: antolatzaileak bihar bertan izango dira, 19:00etatik aurrera, Musika Plazan. Gehienez ere bost sarrera eskuratu ahal izango dira pertsonako, eta hasiera batean prezioa sei eurotan jarri bazuten ere, zazpi eurotara igo dute azkenean.
Sarreraren prezioa igotzeak, ordea, badu bere arrazoia: joan den astean Hiruputzu gaztetxera sartu ziren indarrez, eta materialetan «milaka euroko lapurreta» egin zietela salatu zuten gaztetxeko kideek. "Hiruputzuk bultzada behar duenez, erabaki dugu sarrera euro bat gehiago kobratzea. Alegia, sarrerak 6 + 1 euro balioko du, eta euro hori zuenean gaztetxera bideratuko dugu", azaldu du Urbietak.
Leku gutxiago
Hiruputzuko aretoa Putzuzulokoa baino "txikixeagoa" dela jakitun dira elkarteko kideak. Hori horrela, sarrera gutxiago jarriko dituzte salgai. "Zentzu horretan, apur bat adi gaude", zehaztu du Urbietak. "Izan ere, Putzuzulo topera betetzen zen, 400 pertsona jasotzen zituen, eta orain, askoz ere gutxiago sartuko dira".
Zalantzarik ez dago Kopla Txapelketa urteko kultur hitzordu garrantzitsuenetako bat dela, eta aurten oholtzara igoko diren hamar bertsolariak ere ez direla nolanahikoak izango: Oier Aizpurua zarauztarra, Oihana Arana eskoriatzarra, Aner Peritz zarauztarra, Aitor Bizkarra abadiñarra, Joanes Illarregi leitzarra, Jexux Mari Irazu larrauldarra, Alaia Martin oiartzuarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Irati Alcantarilla urruñarra eta Etxahun Lekue larrabetzuarra.
Ohi bezala, azken irabazlea gonbidatzen dute hurrengo ediziora, eta 2021eko zintzarridun Oihana Aranak baiezkoa eman dio gonbitari. Era berean, Zarauzko Kopla Txapelketako garaile edo kaskabilodun Oier Aizpuruak eta bigarren sailkatu Aner Peritzek bertan aritzeko txartela lortu zuten. "Guztira, hamar bertsolarik parte hartzen dute, kopuru handia da, eta horrek aukera ematen digu askotariko bertsolariak ekartzeko. Beraz, saiatzen gara genero, lurraldetasun eta adin aldetik aniztasuna plazaratzen. Badaude helduagoak zein gazteagoak, eta aurten gehienak gipuzkoarrak dira, nahiz eta beste herrialdeetakoak ekartzen ere ahalegintzen garen", adierazi du Koplazale elkarteko kideak. "Uste dugu kartel oso ona dela, kalitate handiko bertsolariekin", gaineratu du.
Txapelketak betiko dinamikarekin eta funtzionamenduarekin jarraituko du; ez du inolako berritasunik izango, alde horretatik. Hiru fase izango ditu; bertsolariei gaia jarriko diete, eta ofizioka hiru minutuz aritu beharko dute kopletan. Bertsoaldien amaieran kanpaia joko dute gai jartzaileek, eta ohi bezala, publikoa ariko da epaimahai lanetan. Txapelketa hasi aurretik antolatzaileek papertxo batzuk banatuko dituzte ausaz jende artean, eta haiek erabakiko dute nortzuk pasatuko diren hurrengo fasea, buruz burukora eta nork leporatuko duen garailearen zintzarria.
Gai jartzaile moduan, beste behin, Imanol Epelde eta Xabi Aizpurua arituko dira, eta zuzeneko musikaz, berriz, Jurdana Otxoa, Imanol Etxeberria, Aratz Olaizola eta Aitor Amilibia arduratuko dira.
«Indarrak neurtu»
Aurrez, joan den maiatzaren erdialdean, Kopla Txapelketa Herrikoia jokatu zuten Hiruputzu gaztetxean, herriko hamalau bertsolarirekin. Egitasmoa "primerakoa" izan zen, eta Koplazale elkartearen asmoa da zarauztarren arteko txapelketarekin jarraitzea. "Edonola ere, indarrak neurtu beharko ditugu, eta ez dakigu ziur urtean bi ekitaldi antolatzea gehiegitxo izango den ala ez", argudiatu du Urbietak. Momentua iristen denean erabakiko dute zer egin. Bitartean, Kopla Txapelketa nagusia izango da jokoan datorren astean, bertsoaren festa gaztetxean.