Zarauzko garaiko udako kartelak eta eskuorriak daude ikusgai San Telmo museoan

Aritz Mutiozabal 2023ko abu. 6a, 11:30

Clima ideal. Udako kartelak erakusketaren barruan jaso dituzte Zarauzkoak ere. Mostra urriaren 15era arte bisitatu daiteke.

Donostiako San Telmo museoan Clima ideal. Udako kartelak aldi baterako erakusketa dago ikusgai uztailetik. Bertan, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera Donostia eta Gipuzkoa turistikoki iragartzeko erabili ziren kartelen bilduma jaso dute; eta, bide batez, garaiko kartelek zuten indar grafikoa aztertzen du erakusketak, aldi horretako marrazkilari onenen eskutik.

Besteren artean, Zarauzko bi kartel handi paratu dituzte. Bata, aski ezaguna da, Playa de moda eta La mas espaciosa del Cantabrico dioena; Nicolas Mugika Errastik 1929an eginiko koloretako litografia, hain zuzen ere. Bestea, aldiz, apenas ikusia da: Zarauz, residencia veraniega dio, eta German Horaciok paperean eginiko koloretako litografia bat da. Bigarren kartel honetan, terraza batetik itsasora ematen du paisaiak, eta mahai gainean edalontzi bat eta golfeko makila eta pilota ageri dira. Hirugarren kartel bat ere badago, baina Gipuzkoako kostaldeari egiten dio erreferentzia; Zarautz ez ezik, Orio eta Zumaia ere aipatzen ditu.

Bestalde, erakusketa aretoko mahai batean, 60ko hamarkadako Zarauzko udako egitarauaren esku orriak ere jarri dituzte erakusgai, 1925eko 1928ko Euskal Jai Eguneko egitarauak –Mauricio Flores Kaperotxipik eta Jose Joaquin Montoro Sagastik eginak–, eta baita Zarauzko hondartza iragartzeko 50eko hamarkaren bueltan atera zituzten kartel ertain eta txikiak ere.

Clima ideal. Udako kartelak erakusketa urriaren 15era arte egongo da; asteartetik igandera zabaltzen ditu ateak San Telmo museoak, 10:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide