Zer izan da zuretzat bizilagun duzun idazle handi bati buruzko ikastaroa zuzentzea?
Esango nuke lana eta pasioa uztartzen dituela. Are gehiago, ikerketaren alderdia eta humanoa bateratzen ditu. Gainera, uste dut ez dela neure sentsazioa bakarrik, jende askorena da, eta Zarautzen buelta bat ematea aski da hori ikusteko. Denok ezagutzen dugu Anjel Lertxundiren libururen bat edo prentsan idatzi duen zerbait. Jendeak berea eta gertukoa sentitzen du haren obra, eta estimatu egiten du. Horregatik, Lertxundi ezagutu eta estimatzen dugunoi poz handia ematen digu haren obra ikerketa esparrura eraman ahal izatea.
Beste Anjel Lertxundi bat deskubritu al duzu ikerketa akademiko horri esker?
Ez dakit. Baietz erantzun nezake, susmoei forma emateko eta zure burua beste modu batera begiratzera behartzeko modua izan delako. Egia da oraindik egiteko dagoela, baina hizlari mordoa ditugunez, perspektiba askotatik aztertu dute Lertxundi, eta haiekin hitz egitean konturatzen zara gauza asko daudela oraindik ikertu ez ditugunak. Beraz, Lertxundi ezagutzen dut, bai, baina aldiro pentsatzen dut gehiago sakondu beharra dagoela, sekulako obra delako harena eta liburu bakoitzaren atzean lan handia dagoelako.
Gustura hartu duzu, beraz, Lertxundiri buruzko Udako Ikastaroa zuzentzeko eskaintza.
Bai. Esan bezala, aukera dugulako, nolabait, ikerketan sakontzen hasteko, sistematizatzeko eta etorkizunari begira bidea markatzeko.
Hiru aste eskas barru eskainiko duzue ikastaroa Donostiako Miramar jauregian. Urduritasunik eragiten dizu izan dezakeen harrerak?
Urduri banago, jende asko aritu garelako antolaketan, gauza asko daudelako eta asko kostatzen delako xehetasun bakoitza zaintzea. Era berean, oso lasai ere banago, ordea, idazle handi bat eta lana primeran egingo duten hizlari oso onak ditugulako. Inoiz ezin duzu jakin zer gertatuko den gero, baina ziur nago asko ikasiko dugula eta oso ondo pasatuko dugula; izan ere, ospakizun giro ederra ere espero dugu ikastaroan.
Eta ikerlari lana albo batera utzita, zein da zuretzat Anjel Lertxundi?
Anekdota batekin esan dezaket bi Anjel Lertxundi zirela lehen: batetik, kalean ikusten nuena, eta, bestetik, liburuetan irakurtzen nuena. Orain nire ilobari gertatzen zaio gauza bera: etxean irakurtzen du Lertxundi, eta gero kalean ikusten du. Horrek shock moduko bat eragiten dio, izan ere, pertsona atsegina eta irekia da kalean ikusten duen hori, baina, aldi berean, sekulako idazlea ere bada. Nik ere prozesu hori pasatu dut, esan bezala, eta gaur egun, Lertxundi pertsonalki ezagutzeko zortea dut. Niretzat luxua da hori eta oso esperientzia polita, aldi berean. Mimo handiz tratatu nau beti, eta barrua betetzen dit horrek