"Ikusleari barruan zerbait kateatzea nahiko genuke"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 4a, 09:10

'Azken oturuntza' ikuskizuna sortu duen laukotea, Aner Euzkitze eskuinean. (Oli Artola)

Leire Vargasekin eta Haizea eta Oihana Arana ahizpekin batera, Aner Euzkitzek Azken oturuntza ikuskizuna aurkeztuko du bihar, 20:15ean, Modelon, Literaturiaren barruan.

Azken oturuntza aurkeztuko duzue bihar Modelo aretoan, azken afaria bailitzan?

Beno, saiatu gara izenburua horretarako ere erabiltzen. Ez dakigu azkena izango den edo afaria izango den, baina pixka bat horretatik ere izango du. Izenburua pentsatu genuenean lotura erlijiosoa hor egon zitekeela pentsatu genuen, eta primeran etortzen zitzaigun. Ez da izango azken afari bat bezala, baina izango da azken afari bat, era berean.

Laukote gisa egingo duzuen azken ikuskizuna izango al da?

Hori ere ez dakigu. Ez dugu planteatu laukote itxi bezala funtzionatzea. Egia da Erre ikuskizunarekin bukatzera goazela, hiru emanaldi baino ez zaizkigula geratzen, eta hortik aurrera ez dugula talde itxi bezala aritu nahi. Posible da gutako hiru eta beste bat gehitzea aurrera begira; izan ere, Leire kanpora doa, Erasmus bekarekin. Beraz, etorkizunera begira ez dugu ezer esku artean, eta zerbait etorriko balitz, ez dakigu zer formatutan izango litzatekeen. Egia esan, ez gaitu askorik kezkatzen.

Momentuz, Erre proiektuko kideak igoko zarete oholtzara, berariaz Literaturiarako prestatutako ikuskizun batekin.

Bai, hori da. Iazko ekainean jaso nuen Literaturiakoen mezua, eta orduan esan ziguten ea zerbait egingo al genuen. Harrezkero, pixkanaka sortzen joan gara, eta azkenean, emanaldia prestatu dugu Literaturiarako; agian, Zarautzen bakarrik egingo dugu.

Orduan, ikusi nahi duenak ostiral honetan izango du lehen eta azken hitzordua?

Esango nuke, badaezpada ere, eta ez da jendea emanaldira azaltzeko tranpa bat, bene-benetan ez dugula beste hitzordurik lotuta ikuskizun honentzako. Ezta lotzeko asmorik ere. Proposamenen bat edo beste iritsi zaigu, baina gure prestutasun ezak eta abar direla medio, ezinezkoa zaigu. Horregatik, ziurra den emanaldi bakarra Zarauzkoa da, eta lehenago esango nuke besterik ez dela egongo, besterik egongo dela baino.

Ikuskizun berria ere aldarri bat izango al da bertsoz?

Erre ere ez zen bertsoz bakarrik, eta emanaldi honek, segur aski, literaturaz gehiago izango du, Literaturiarako delako. Kasu honetan ere formalki gauza hibrido bat egiten saiatu gara: edukiko du literaturatik, baina baita bertsotik, antzerkitik eta musikatik ere. Beraz, forma aldetik ez da gauza itxi bat izango, baina ahalegindu gara, Literaturiarako dela ikusita, literaturari zegozkion eduki gehiago txertatzen.

Zeintzuk izango dira zuen kezkak, zuen mezuak?

Guri gai bat jarri ziguten: eten. Aurtengo Literaturiaren gaia hori da, eta motzean esanda, etenek iradokitzen digutenaz hausnartu genuen; hortik abiatuta, zer eten mota landu nahi genituen edo zer eten motari buruz hitz nahi genuen erabaki genuen. Gai dezente atera ziren, eta horiek landuko ditugu: batzuetan gehiago sakonduko dugu, eta beste batzuk airean geratuko dira.

Ikuskizunari azpi-izenburu bat ere jarri diozue: Ez dakit norentzat izan daitekeen interesgarria. Ziur badakizuela, ezta?

Ziur-ziur, ez! Tira, hori jolasaren parte da. Erre ikuskizunean badaukagu pasarte bat testuen testuak lantzen direna; hau da, jendearen testuak hartu eta horiek elkartuta testuak sortzen ditugu. Kasu honetan, formula hori emanaldi osora zabaldu dugu, eta beste egile batzuen testu puskak irakurriko ditugu: horrek emango du bide gero sortuko den elkarrizketa, sorkuntza, lana, literatura, bertsoak, kantua eta abar egiteko. Izenbururako ere horrekin jokatu genuen: liburu pila bat hartu eta horietan bila aritu ginen. Ez dakit norentzat izan daitekeen interesgarria Ana Malagoni lapurtutako esaldi bat da, eta grazia egin zigunez, azpi-izenburu bezala erabiltzea erabaki dugu. Gero interesgarri norentzat izango den? Gauza batzuk aurreikusten ditugu, baina uste dut sorpresa batzuk ere har ditzakegula. Erre lanarekin hala izan zen, eta ikuskizun honekin ere errepikatuko da.

Zuen aurreko lanarekin aire berria eman zenioten eszenari.

Guri proposamen oso irekia egin ziguten, eta egingarrien eta ohikoen zitzaiguna gauzatzen saiatu ginen. Ez genuen beste munduko ezer esan, ezta esan gabekorik edo esploratu gaberik azaldu ere. Erre lanean gure eguneroko gaiak hartu eta emanaldi batean bildu genituen, eta kasu honetan ere, ez dakit norentzat izango den berria edo norentzat normala, baina geneuzkan etenak aztertu eta horietatik hurbilenekoak zein interesgarrienak zaizkigunak aukeratu ditugu; horiei buruz hitz egingo dugu. Gauza berriak esan nahi ditugu, baina ez dakit benetako aldaketa berririk dakarren ikuskizunak.

Azken oturuntza izanda, digestio onekoa izango al da?

Nahiko genuke ikusleari barruan zerbait kateatuta geraraztea, edo erabat erraz ez digeritzea. Nolabait ere, ordu laurdenean ahazteko moduko zerbait ez izatea, eta jendeari elkarrizketatxoak sortzea horren harira, baita pentsaraztea, aldaraztea eta barre gogoz egitea ere. Beraz,  jendea etor dadila prest jasotzeko, eta ikus dezala emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide