Zarauzko historia askotariko gertakariz eta pasartez osatuta dago, eta Zarauzko Udal Liburutegia eta Kultura departamentua horiek berreskuratzeko eta hedatzeko lanean ari da azken urteetan, liburuxka dibulgatiboak argitara emanez. Orain, herriko historiaren –batik bat, historia ilunaren– pilula berri bat argitaratu dute, Velasco. Zarauzko Etxea, hilerria eta buru-hezurrak izenburupean. Pedro Gonzalez Velasco zirujau eta antropologo famatuak XIX. mendearen amaieran herriaren iruditegian sorrarazi zuen kondaira makabroa du kontagai argitalpenak. Izan ere, hilerritik lapurtutako buru-hezur bilduma bat osatu zuen.
Liburuxka lantzeko orduan, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Geografia eta Historia Fakultatean Kultur Antropologiako irakasle titularra den Luis Angel Sanchez Gomezek idatzitako Entre cadáveres:una biografía apasionada del Doctor Pedro González Velasco (1815-1882) liburua izan dute oinarri. Sanchez Gomezek Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren laguntzarekin argitaratu zuen ikerketa duela bi urte, eta bertan Velasco doktorearen nondik norakoak jasotzen ditu. Hain justu ere, ikerketaren seigarren kapituluan bildu ditu Zarauzko gertakariei buruzko kontuak, eta, azken finean, pasarte hori da udalak ateratako liburuxkan jasotakoa. Euskaraz zein gaztelaniaz dago ale berean, eta doan eskuratu daiteke Sanz Enea kultur etxean.
Hilerriko lurren ondoan
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, goi burgesiako eta nobleziako familia askok Zarautz aukeratu zuten beren udako egoitza eraikitzeko. Pedro Gonzalez Velasco izan zen horietako bat, eta gaur egun Villa Munda dagoen tokian eraiki zuen bere etxea; 1861. urtean hasi ziren obrak egiten. Jatorrizko etxea ez dator bat gaur egun ezagutzen den bi solairutako Villa Munda eraikinarekin. Liburuxkak halaxe kontatzen duenez, gainera, Villa Munda izena Velasco hil ondoren hartu zuen, haren alargunak saldu zuenean. Jabe berriak bere emaztearen omenez jarri zuen izena, Raimunda de Osorio Ortegaren omenez.
Velascok bere etxea eraikitzeko lursail haiek erosi nahi izatea arrarotzat jo zen, nolabait ere udal hilerria hartzen zuen lurren ondoan zegoelako. Egia da epe laburrera hilerria lekualdatzeko asmoa zuela udalak, baina doktoreak zuen fama ez-konbentzionalak susmo txarra sortu zuen. Eta horrelaxe izan zen: hilobiak profanatzen hasi zen, buru-hezurrak bereganatuz. Are gehiago, horrenbeste tematu zen, ezen azkenean hilerri zaharra erosi zuen. Egundoko buru-hezur bilduma osatu zuen, eta gaur egun Madrilgo Antropologiako Museo Nazionaleko biltegian daude gordeta. Beste batzuk, berriz, Parisko Gizakiaren Museoko bildumen artean aurkitzen dira: Velascok sasoi hartan Paul Broca antropologo eta anatomista frantsesari oparitutakoak.