Margoekin, erantzun bila

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 21a, 09:53

Malen Agirrek (Oiartzun, 1988) erakusketa jarri du Arkami Arkitektoak estudio eta arte galerian. Zarautzen bizi den artistak aurten egin dituen zenbait obra daude ikusgai, eta horien artean, abstrakzioa da nagusi.

Margo, kolore eta mihise artean, etengabeko bilaketan bizi da Malen Agirre. Buruan dituen galderei erantzunak bilatzen saiatzen da artearen bidez, eta prozesu horren azken emaitza da lehengo astean inauguratutako Kolorea erakusketa: "Koloreak erraminta modura erabiltzen ditut, adierazi nahi dudana barrutik ateratzeko. Nire sentimenduen garraiolari bezala lan egiten dute koloreek", azaldu du artistak Kale Nagusian dagoen galerian.

Margolariak umetatik du "artearekiko eta estetikarekiko" fijazioa. Gurasoak sortzaileak izanik, etxean giro horretan hazi zen, eta ordutik, "eguneroko bizitzako edozein estimuluk" balio dio obra bati ekiteko txinparta modura: "Une oro izaten dut radarra piztuta, hori nirekin daramat. Naturan inspirazio handia aurkitzen dut, baina, egia esan, edozer gauzaren estetikak bultzatuta jar naiteke martxan".

Artelan berri bati ekitean, barrura begiratzen du, eta saiatzen da, hausnarketa prozesu baten ondoren, bere baitako galderei aterabidea ematen; "betiko galderei", bere hitzetan: "Urteekin, nire lan egiteko modua eboluzionatzen joan da. Nire buruari egiten dizkiodan galderak berdinak izaten dira beti; aldatzen doana, horiei erantzuteko modua da. Etengabeko aldaketa hori da erakusketako margoetan islatzen dena".

Jendaurrean jarritako margolanei erreparatuta, abstrakzioa da nagusi. Artista "askeago" sentitzen da eremu horretan, eta abstrakzioak "barruko behar bati" hobeto erantzuten laguntzen dio. "Nire lan egiteko modua oso inpultsiboa da, primitiboa, eta hori oso ondo ikus daiteke bilduma honetan".

Hasiera berri bat

Erakusketako obra guztiak izendatu egin ditu Agirrek: The bird of spring, Rebirth, Hazia... Hasiera berri batean murgilduta ote dagoen galdegin zaio artistari: "Nire bizipenek eragin zuzena dute sorkuntza prozesuan, eta azken bi urteetan aldaketa handiak bizi izan ditut. Batetik, ama izan naiz, eta bestetik, artea ofizio bihurtzearen aldeko apustua egin dut. Biek ala biek, hasiera berri baten aurrean jarri naute, bai", eman du jakitera.

Haurdun zegoela, margo artean ordu gehiago egiteko aukera izan zuen. Lehendik ere sorkuntzan asko ibili arren, haurdunaldian sentitu zuen indar guztiak artera bideratzeko bulkada: «Harro nago urratsa egin izanaz, ondo ari naiz lanean. Profesionalizatzeak baditu alde txarrak ere, noski. Ziurgabetasuna da horietako bat. Neure kabuz arituta, esparru artistikotik haratago dauden lanak ere egin behar izaten ditut, obrak ezagutzera emateko helburuarekin, baina oraingoz behintzat, ezin dut kexatu. Gustura nago jendearen erantzunarekin».

Indarra, fintasuna eta argia

Kolorea erakusketan jarritako artelanek indar handia dute. Obretan ondo antzeman daiteke, artistak azaldu duen modura, haren lanerako modu inpultsiboa.

Sakontasun handia antzeman daiteke Agirreren obretan. Dena den,indar hori guztia fintasun batek biltzen du; sotiltasunez eta goxotasunez ondutako energia bat transmititzen da haren margolanetan. Efektu hori, hein batean, koloreen arteko kontraste leunek sortua da. "Urteak daramatzat oreka bat bilatu nahian. Obrei indar handia ematen saiatzen naiz, intentsitatea. Aldi berean, azken emaitza fina izatea gustatzen zait, argitsua. Nire lanak gero eta sakonagoak direla uste dut, solidoagoak, baina dramatikotasunik ez dut bilatzen", argitu du.

Artistari gustatzen zaio bere obrei «arnasa» ematea, eta horri lotuta, beste eboluzio batean sartuta ikusten du bere artea. "Elementu gutxiagorekin lan egiten saiatzen ari naiz, margolanetan informazio gutxiago sartzen. Ikusleak kontrako inpresioa izan dezakeen arren, horrek lan handiagoa eskatzen dit niri. Soiltasunaren atzean, hausnarketa prozesu handia dago", dio pentsakor.

Azken erakusketan, tamaina desberdinetako lanak jarri ditu ikusgai. Askotan, gorputzak eskatzen dionaren arabera erabakitzen du margolanen neurria: "Obra handiek modu askeagoan lan egiteko aukera ematen didate. Estudioan atzera eta aurrera ibiltzen naiz, mugimenduan, eta halakoetan, sorkuntza prozesua fisikoagoa da. Lan txikietan, aldiz, zehaztasun gehiagorekin egiten dut lan, era zorrotzagoan". Gehitu duenez, urte bukaerara arte egongo da ikusgai erakusketa Kale Nagusiko galerian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide