'Pagoetako Haginak' izenpean, aldundiak ibilbide berria egokitu du Pagoetan

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 11a, 17:55

Zazpi kilometroko ibilbidea da, eta Aian hasi eta amaitzen da. Pagadiak eta haginen baso bat zeharkatzen ditu ibilbideak, besteak beste. Life Baccata proiektu europarraren barruan egin da proiektua.

Pagoetako Haginak izenpean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide berria egokitu du Pagoetan haginen basoa ezagutzeko. Erakundeak azaldu duenez, ibilbidearen helburua da ingurua bisitatzera etortzen direnen artean zuhaitz mota horren "aberastasuna erakustea", haien esanetan, "hagin dentsitateari dagokionez, inguru horrek Iberiar Penintsulako potentzialitate handienetakoa du eta". 

Zazpi kilometroko ibilbidea da (SL-Gi 4003), eta Aian hasi eta amaitzen da: Pagoetako Natur Parkeko ipar isurialdean hasten da, Laurgainen, eta bidean Aizkorteko haitzeko haginen basotik igarotzen da, baita Sagastizabal baserri eta pagaditik ere. Beorbarrote hagin bereziaren ondotik ere igarotzen da ibilbidea, baita Elutsaundi pagaditik ere.

Aldundiak ibilbide berria ezagutarazteko argitara eman duen txostenaren arabera, txangoan zehar inguruaren birpopulatzean sortutako hainbat zuhaitz mota ere ikus daitezke, inguruaren naturalizaziorako erabili direnak. 

Hain zuzen, lorpen hau Life Baccata proiektu europarrean kokatzen da, haginen kontserbazioa eta zaharberritzea helburutzat dituena. Aldi berean, proiektuaren bidez horrelako zuhaitzen eta euren habitataren berreskuratze eta zaintzan gizartea kontzientziatzea ere nahi da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide