Erizainak dira Sara Balenciaga (Zarautz, 1997) eta Maialen Unanue (Zarautz, 1997). Otsailaren 29an abiatu ziren 20 egunetarako Grezia aldera, Kios izeneko uhartera, SMH (Salvamento Maritimo Humanitario) gobernuz kanpoko erakundearekin, boluntario lanak egitera. SMHren eginkizunak dira itsasoko erreskateak eta osasun-laguntza eskaintzea. Egeo itsasoan piztutako etorkinen krisi humanitarioaren ondorioz sortu zen elkartea, 2015eko azaroan. Harrezkeroztik bai itsasoan, baita uharteetan ere, etengabeko laguntza ematen ari da. Aurreko astean itzuli ziren Unanue eta Balenziaga Zarautzera, eta han bizitakoak kontatu dituzte.
Zer helburu zenuten? Pentsatutakoa egin ahal izan duzue?
Gure helburua Kios uhartean dauden errefuxiatuen osasun beharrei erantzutea izan da. Horretarako, lana bi ataletan bereizten da. Batetik, arratsalderko Vial izeneko errefuxiatuen kanpamendura joaten ginen eta lehen arreta eskaintzen genuen, gaixo kronikoen jarraipena, larrialdiak... Bestetik, Turkiatik itsasoa zeharkatuz heltzen diren errefuxiatuei lehen osasun arreta eman eta erregistroa egiten genuen, horien artean, haurdun dauden emakumeak, haurrak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta abar izan ohi dira. Behar izanez gero, arreta espezifikoa behar duena uharteko ospitalera bidaltzen dugu.
Lehen egunak zailak izan ziren guretzat, Erdogan Turkiako presidenteak mugak ireki zituen Europari presioa egiteko asmoz eta lehen egunetan jende asko iritsi zen. Gerora, Greziak martxoan zehar iritsitako errefuxiatuei asilo eskubidea ukatuko ziela ohartarazi zuen eta atxilotu bilakatuko zirela ordutik aurrera iristen zirne pertsona guztiak. (Gu itzuli ginenean 340 pertsona inguru zeuden egoera horretan).
Hori gutxi balitz, ultraeskuindarrak boluntario eta errefuxiatuen aurkako ekintzak egiten hasi ziren, irlako egoera salatzeko asmotan. Besteak beste, Lesbosen Zaporeak proiektuko boluntarioak jipoitu eta kotxeak hautsi zizkieten, eta Kiosen Kostas izeneko erakundearen biltegia ere erre zuten.
Gure kasuan, Vialerako bidea oztopatzen ziguten gau eta egun barrikadak eginez. Larrialdi egoera horretan, bost egunez egon ginen kanpamendura joan gabe, eta ondorioz, bost egunez egon ziren errefuxiatuak osasun arretarik gabe. Gerora, SMHren proiektuak aurrera jarraitu du eta osasun asistentzia ematen jarraitu genuen beste egun guztietan.
Zer da Vial kanpalekuan topatu duzuena?
Vialen 8.000 pertsona baino gehiago bizi dira egoera oso prekarioan, beraien kabuz oihalez eta egurrez eginiko etxe modukoetan, edukiontzi modukoetan eta kanping dendetan. Bertan, higiene baldintza txarrak dituzte, argi-indar eta ur korronterik gabe bizi dira.
Horrez gain, ez dago behar duten guztiei osasun zerbitzuak emateko nahikoa giza baliabiderik eta materialik, beraz, erizainok hautaketa bat egin behar dugu, klinikara zein pasatzen diren aukera tu behar dugu, eta momentu hori oso gogorra izaten da.
Bestalde, txalupan etortzen direnen egoera kritikoa izaten da, bertako poliziak egiten diete harrera eta GKE desberdinei esker asistentzia ematen zaie, izan ere, askotan arropa guztiak bustirik dituzte, osasun arazoekin iristen dira edota ordu asko daramatzate ezer jan eta edan gabe.
Kanpalekuetara koronabirusa iristen bada, zer?
Toki guztietan bezala, neurriak hartu dira koronabirusaren aurka, baina bertako baldintzen aurka ezer gutxi egin dezakegu. Lehen esan bezala, kanping dendetan eta plastikozko edukiontzietan bizi dira. Ur estaldurarik gabe eta horrelako baldintzetan, pandemiari aurre egiteko baldintzak lortzea oso zaila da.
Horregatik, SMH-k beste elkarteen laguntzaz kanpaina bat jarri du abian, maskarillak, eskularruak, eskuak garbitu ahal izateko ur lozioak, botikak eta beste hainbat material lortzeko.
Oraindik ez dago kutsatu jakinik bertan. Birusa kanpamendura iritsi ezkero benetan larria izan liteke, izan ere, ez dago isolamendua egiteko modurik eta uharteko ospitalea txikiegia da biztanleria osoari arreta eskaintzeko. Honegatik guztiagatik, ezinbestekoa da laguntza ematea ekonomikoki edo materialki, izan ere, egoera zail horri aurre egiteko baliabide gutxi daude bertan.
Zer dio hango jendeak egoeraz?
Irlen egoera zaila da. Lesbosen, Samosen eta Kiosen milaka errefuxiatu daude harrapaturik. Kanpamenduek aspaldi gainditu zituzten beren edukiera gaitasunak eta egoera oso prekarioan bizi dira. Etorri aurretik badakite nora datozen, baina gerran dauden herrialdeetatik ihesi dabiltza eta etortzen jarraituko dute. Horren aurrean Europak ez du irtenbiderik ematen, eta krisi erraldoi honen aurrean, lotsagarria da gobernuz kanpoko erakundeek soilik erantzutea. Gainera, askotan, oztopo ikaragarriak jartzen dizkiete.
Errefuxiatuei dagokienez, etorkizun hobeago baten bila egiten dute ihes, askok, ikasketa maila altuak dituzte eta beraien jatorrizko herrialdeetan lan duinak zituzten. Beraiekin lan egiteko aukera izan dugu, itzultzaile boluntario gisa aritzen dira lanean Vialeko erakunde ezberdinetan. Gure nahi eta ilusio berdinak dituzte eta borrokatzen jarraituko dute bizi baldintza duinak lortu arte.
Itxaropenik ba al dago egoera hobetzeko?
Itxaropenik ez bagenu ez ginateke lanean egongo. Baina beharrezkoa da egoera honi Europak erantzun azkar bat ematea eta pertsona hauei irtenbide bat eskeintzea. Hori egiten ez bada jende honek ez dio inoiz errefuxiatu izateari utziko.
Han bizitako esperientziatik, zerekin geratzen zarete?
S.Balenciaga: Bertatik jaso dudana ikaragarria da, pertsona hauen indarra eta gaurkotasuna bizitzeko gogoak asko bete nau. Mundu kapitalista batean bizi gara, milaka abantaila ditugu etxeetan, teknologia, janaria, lana, konfinamenduaren ondorioz etxean egon behar gara erosotasun guztiak eskura ditugula eta ez gara konturatzen zenbat pertsona dauden gu baino egoera okerragoan non birusa beraientzako arazo bat gehiago besterik ez den. Beraiek zortedun sentitzen dira gu bertan egoteagatik, baina ez dakite benetan gu garela pribilejiatuak beraiengandik ikasitakoagatik.
M. Unanue: Kiosen bizitakoa berezia izan da. Interesgarria eta polita da pertsona errefuxiatuekin harremandu eta errealitate ezberdinak ezagutzea, batzuetan gogorra ere bai. Ez da erizain paziente erlazio arrunt bat, testuinguruak enpatia eta konplizitate berezi bat izatera behartzen zaitu. Asko ikasi eta gozatu dut, oraindik burua han dudala esango nuke, baina dudarik gabe, itzuliko naiz.