Jon Muñoa: "Lurrikararen aurretik gaitza hemen baino kontrolatuago zegoen Kroazian"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 27a, 09:39

Igandean lurrikara gogor batek astindu zuen Zagreb hiria. Han zegoen Jon Muñoa zarauztarra une horretan, eta haren arabera, laster ikusiko da gaitzaren hedapenean nolako kaltea eragin duen.

Zagreben izan da Jon Muñoa (Zarautz, 1998) Erasmus ikasketa programarekin. Hiriari sekulako astindua eman zion lurrikara batek igandean, eta mundu osoari eragiten ari den koronabirusaren krisiari gehitu zitzaizkion fenomeno naturalaren ondorio lazgarriak. Egoera ikusita, Muñoak bere esperientzia etetea erabaki zuen, eta atzo itzuli zen Zarautzera. Euskal Herritik ikasturtearekin jarraitzeko aukera izango du.


Igandearen aurretik, nolakoa zen egoera Kroazian?
Otsailaren amaieran agertu ziren lehen kasuak han, baina, leku guztietan bezala, pixkanaka positibo gehiago agertzen joan ziren. Hogei kasu ingurura iritsi zirenean eskolak itxi zituzten. Martxoaren 13an ehun pertsonatik gora elkartzen ziren ekitaldiak bertan behera geratu ziren, eta horrela, pixkanaka neurriak gehituz zihoazen. Martxoaren 16an unibertsitateak itxi zituzten, printzipioz, bi asterako. Igandean, lurrikara gertatu zenean, konfinamendua ez zen guztizkoa; herritarrak kalera atera zitezkeen, gehienez, bost pertsonako taldeetan, baina saltokiak itxita zeuden, eta ia ez zen inor ikusten kalean barrena. Halere, parkeetan eta paseorako tokietan jende asko zebilen, eta pil-pilean zegoen konfinamendu totala ezarri behar ote zenaren eztabaida politikoa.


Nolakoa izan zen igande goiza?
Lurrikara 06:25ean gertatu zen, Zagrebetik bederatzi kilometrora. Ni eta nire gelakidea lotan geunden erresidentzian. Esango nuke sei-zortzi segundo inguruko dardara izan zela. Gela mugitzen sumatzen genuen, eta leihotik begiratuta ohartu ginen jendea kalera ateratzen ari zela. Ez genekien zer egin eta, besteei jarraika, gu ere jantzi eta kanpora atera ginen. Lehenengo dardara izan zen gogorrena, 5,4koa Richter eskalan. Bigarrena ere indartsua izan zen, 4,6 ingurukoa. Hurrengoak intentsitate baxuagokoak izan ziren.

Gure erresidentzian hormak pitzatu ziren, eta gela batzuetan armairuak jausi ere bai, baina, orokorrean, eraikinak ez zuen kalte garrantzitsurik jasan. 60ko hamarkadatik aurrera egindako eraikin gehienek, garai komunistakoek, ez zuten kalterik jasan egituran, ondo samar eutsi zioten lurrikarari; baina hiriko alde zaharra, Lehen Mundu Gerraren aurreko eraikinak dituena, suntsituta gelditu da. 

Muñoaren erresidentziako horma, igande goizean. (Jon Muñoa)


Nola utzi du horrek herrialdea?
Garbi dago koronabirusaren hedapena saihesten ez duela lagunduko lurrikarak. Normala den bezala, goiz hartan herritar guztiak kalera atera ziren, arau guztien aurka, eta une hartan ziur jende ugari kutsatu zela. 

Etxerik gabe geratu ziren familientzat ikasle erresidentzia handi batean jarri dute babeslekua, eta horietan segurtasun neurriak bermatzea ezinezkoa da. Ikasle guztiak atera eta desinfektatu egin zuten erresidentzia. Orain arte Espainiak eta Italiak baino askoz kontrolatuago zuen koronabirusaren kontua Kroaziak, baina orain litekeena da gauzak aldatzea. Laster ikusiko dugu lurrikarak zer kalte eragin duen gaixotasunaren hedapenean, eta gauzak aldatu egingo dira ziurrenik; ez dute horren kontrolpean izango kontua.


Zure esperientzia ere bertan behera gelditu da.
Bai, azkenean, neronek erabaki nuen itzultzea. Berez ekain erdialdean edo uztailean nintzen itzultzekoa, baina egoera nola zegoen ikusita... Euskal Herrian konfinamendua ezarri zutenean, Zagreben jarraitzea erabaki nuen, han gauzak hobetoxeago zeudelako, eta Erasmusarekin jarraitu ahal izango nuelakoan. Baina gainontzeko ikasleak pixkanaka-pixkanaka beren herrialdeetara itzultzen hasi ziren, eta gero eta ikasle gutxiago geratzen ginen erresidentzian. Azkenean, Erasmuseko ia ikaskiderik gabe eta oso zerbitzu gutxirekin nengoen han. Euskal Herrian nahiko egoera antzekoan egon beharko nuen; beraz, erabaki nuen nahiago nuela han geratzea baino etxera etortzea. Erasmuseko esperientzia dagoeneko zapuztuta zegoen, eta ez zeukan zentzurik han geratzeak.


Arazorik izan al zenuen itzultzeko?
Erabakia hartu nuenean uste nuen kontrol pila bat egongo zirela, baina uste baino errazagoa izan zen dena. Hori bai, pasaporte espainiarra izan ez banu, ez zidaten utziko itzultzen. Martxoaren 16an, astelehenean, sartu zen Sanchezen dektretua indarrean, eta Espainiara zihoazen hegazkinetan espainiar pasaportea zutenak bakarrik sar zitezkeen. Aireportuan ikusi nituen bidaiari batzuk, esaterako, hegazkinera igo gabe geratu behar izan ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide