Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko hiru tailer berri antolatu ditu udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio arloak urteko lehen hiruhilekorako. Lehena Eguneroko gatazken kudeaketa da, eta helduen eta haurren arteko emozioetan jarriko du arreta. Ikastaroa Nerea Mendizabalek eskainiko du, euskaraz, ondorengo egun hauetan: urtarrilak 31, otsailak 7, 14, 21, 28 eta martxoak 6, 17:30etik 19:30era. Matrikulak 15 euro balio du, eta 8-20 pertsona inguruko taldea osatu beharko da.
Bigarren tailerra gaztelaniaz izango da, eta Pakita Mateosek emango du, Porros y adolescentes izenburupean. Taldea ostegunetan elkartuko da; zehazki, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 6an, 13an eta 20an, 18:00etatik 20:00etara. Kasu honetan, 8-15 pertsonako taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko, eta matrikulak 10 euro balioko du.
Hirugarren tailerra 0-12 hilabete artean dituzten seme-alaben familientzat zuzendua dago, eta beraien haurtxoekin parte hartu ahal izango da. Gaztelaniaz izango da ikastaroa eta Julene Armendarizek eskainiko du. Taldea asteazkenetan elkartuko da: hau da, urtarrilaren 15ean, otsailaren 12an eta 26ean eta martxoaren 11n eta 25ean, 17:30etik 19:30era. Kasu honetan, gutxienez 8 eta gehienez 10 pertsonako taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko, eta matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da.
Izena urtarrilaren 13a baino lehen eman behar da prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Plazak mugatuak direnez, zozketa egingo da izena eman dutenen artean; Zarautzen bizi diren pertsonek izango dute lehentasuna. Era berean, ikastaroa egiteko gutxieneko pertsona kopuru bat egon beharko du izena emanda, eta, hala ez balitz, ikastaroa bertan behera geldituko litzateke. Informazio gehiagorako, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatzita eskuratu daiteke edo 943-00 51 27 telefono zenbakira deitu.
Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Aranak tailer hauen helburu nagusia osasuna sustatzea dela gogorarazi du: “Osasunaren sustapena ikuspegi zabalean ulertzen dugu Prebentzio sailetik. Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara. Tailer hauen bidez zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskaini nahi dizkiegu ongizaterako eta egoera emozionalak hobetzeko”.