Batzokiko sukaldera sartu, eta Argentinako jakiak topatu. Hogarrera joan, eta Senegalgo jakiak prest. Galeperra elkartean, berriz, Guatemalako zaporeak zain. Larunbatean herriko elkarte gastronomikoetan aurki zitekeenaren hiru adibide baino ez dira. Izan ere, Bertakoak egitasmoak beste urte batez lortu du egunerokoan elkarri jarri ohi dizkiogun mugak hautsi, eta bertan eta atzerrian jaiotakoak mahaiaren bueltan elkartzea.
Bizikidetza eta kultur aniztasuna bultzatzea da Zarauzko Udalak sustatutako ekimenaren helburu nagusia. Eta, noski, herri bakoitzak ditu bere ohiturak janariari dagokionez, baina amankomunean dute kultura gehienetan izaten dela garrantzitsua sukaldea. Kanpotik etorritakoak hemen integratzeko eta hemengoek integrazioan laguntzeko bidean, pauso txiki bat gehiago da Bertakoak, urtero irudi eta une gogoangarriak uzten dituena.
Hamar elkartetan
Guztira, hamar ekarte gastronomikok parte hartu dute aurtengo egitasmoan. Horietako bakoitzean herrialde bateko gastronomia hartu dute ardatz. Ondorengoa da zerrenda: Alkartasuna elkartean, Hondurasko gastronomia; Arrano elkartean, Boliviakoa; Batzokian, Argentinakoa; Ezkertokian, Nikaraguakoa; Francisco de Zurbaran elkartean, Senegalgoa; Galeperra elkartean, Guatemalakoa; Gure Kabian, Euskal Herrikoa; Itxas Mendi elkartean, Marokokoa; Pentsiodunen Iñurritzako Elkartean, Brasilgoa; eta Kayua elkartean, Kolonbiakoa.
Udaleko Immigrazio Sailekoak "gustura" daude aurtengo egitasmoak emandakoarekin. Parte hartu duten herritarren kopurua hazi egin da: iaz, 130 izan ziren, eta aurten, 145 lagun animatu dira parte hartzera. Kuantitatiboki eta kualitatiboki aurrerapausoa eman dutela uste du Julen Aranguren Immigrazio teknikariak. "Helburua bete da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten zarauztarrei, halako prestutasuna erakusteagatik".
Aurtengo berrikuntza nagusia izan da lehen aldiz euskal herritarren sukaldaritza ere ordezkatu dutela egitasmoan. Hotz Zarautz elkartea arduratu zen Gure Kabia elkartean euskal kultura ordezkatu zuen bazkaria prestatzeaz, eta egun Zarautzen bizi diren pertsona errefuxiatuak izan ziren bazkari horretako gonbidatuak.
Ekimenak izandako «erantzun ona» ikusita, aurrerantzean egitasmoa hobetzen jarraitzeko asmoa agertu du Aranguren: "Data, agian, ez da onena, Gabonetatik oso gertu dagoelako, baina herritarrek gustura parte hartzen dute, eta hobetzen jarraitzeko asmoa dugu»", adierazi du teknikariak.