Inauguratu dute Zarautzen surfa omentzen duen eskultura

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 13a, 11:32

Zarauzko Udalak jarri du malekoian, Borghetto inguruan, Jose Luis Lasa eskulturgile zarauztarrak egindako eskultura. Hiru metroko altuera eta 1.500 kiloko pisua du, eta senitartekoek HITZAri kontatu dizkiote euren sentsazioak inaugurazioaren amaieran.

Jose Luis Lasa Maioz eskulturgilea, bere lanarekin (Onintza Lete Arrieta)

Lagun eta senideen artean inauguratu dute ostiral eguerdian Jose Luis Lasa eskulturgile zarauztarraren Surflariari omenez eskultura malekoian, Borghetto parean. Xabier Txurruka alkateak, Irune Urbieta Kultura zinegotziak eta eskultura ekoitzi duen Alfa Arte enpresako Jesus Rodriguezek hartu dute parte ekitaldian.

Jose Luis Lasak bete du bere ametsa: malekoian dago berak herriari eskainitako eskultura, Zarauzko ikurretako bat omenduz: surfa. Izena ere halakoxea jarri dio: Surflariari omenez. Hainbat hilabetez ekoitzi du Eibarko Alfa Arte enpresak, Lasarekin elkarlan estuan. Emaitza, brontzezko artelana, 1.500 kiloko pisua duena eta hiru metroko altuera.

[caption id="attachment_378565" align="aligncenter" width="1200"] Irune Urbieta, Xabier Txurruka eta Jose Luis Lasa

Xabier Txurruka alkateak egin ditu aurkezpen lanak. "Egun pozgarria da gaurkoa, Zarauzko Udalak udan, eguraldi apartarekin eta lagunartean aurkezten duelako Jose Luis Lasa Maioz eskulturgileak bultzatutako Surflariari omenez izeneko eskultura hau. Eskerrik asko, Jose Luis. Gu oso gustura gaude emaitzarekin, lan bikaina izan da". 

Lasak ere eskerrak eman nahi izan ditu, eta azpimarratu du berarentzat une honek duen garrantzia. "Niretzat ohorea da alkate jaunarekin eskultura hau inauguratzea. Egun berezia da, inoiz ahaztuko ez dudana. Nire proiektuan sinestu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet: alkateari, familiari, lagunei eta nirekin lan egin duten guztiei".

Horrez gain, esan du nahiko lukeela eskultura hau izatea "Zarauzko surflarien eta surfaren ikurra" eta "oraingo nahiz datozen belaunaldiek, denek goza dezatela eskultura honetaz".

Prozesua, artistikoa bezain teknikoa

Lasak eskulturaren maketa zehatza utzi zion Eibarko Alfa Arte enpresa espezializatuari, eta haiek maketa hori 3 Dn eskaneatu zuten, eta ondoren artxibo informatiko hori materializatu egin dute kontrol numerikodun makina batekin. Jesus Rodriguez Alfa Arteko arduradunak azaldu duenez, kortxo sintetikodun material arin bat izan da aurreneko emaitza. Orduan, Lasak gainbegiratu egin du eta beharrezko aldaketak zein diren zehaztu ditu, "makinak ezin dituelako xehetasun guztiak jaso".

Ondoren, enpresako espezialistek berriz egin dute eskultura, benetako tamainan, eta Lasak azken aldaketak komunikatu eta oniritzia eman ondoren, zenbait lan tekniko egin dituzte. Azkenik, muntaketan ere parte hartu du Lasak, dena bere gustura gelditzeko.

Brontzean egin dute eskultura, baina azken fasean patina eman diote, berde itxura har zezan. "Berde kolorekoa ikusten dena ez da pintura, baizik eta azaleko oxidazioa, geuk eman dioguna, bost minututan 1.000 urte pasa izan balira bezala emateko. Geuk oxidatzen dugu nahieran, berak berezkoa jasan beharrean. Horrek babestu egiten du. Noski, beti ez da itxura honekin egongo, baina eskulturak mila urte iraungo ditu".

Rodriguezek esan du "plazera" izan dela Lasarekin lan egitea, dena oso ondo joan dela, eta oso ondo burututako lana egin dela.

Tamaina txikikoa aurrena

Txurrukak gogorarazi du Lasak tamaina txikian egin zuela aurrena eskultura, brontzean, eta udalari eman ziola, hark Pukas familiari oparitzeko. Iaz, Pro Zarautz txapelketaren 40. urteurrenaren harira egin zuten hori. Era berean, Zarauzko Udalari utzi zizkion egile eskubideak, eta horrek tamaina handiko eskulturaren lanak esleitu zituen. 50.000 euro inguruko inbertsioa egin dute.

[caption id="attachment_378568" align="aligncenter" width="467"] Jose Luis Lasaren bilobak, aitonaren eskulturaren aurrean

Seme-alaben eta biloben erreakzioa

Surflariari omenez eskulturaren inaugurazioa amaitu eta segituan hurbildu dira lana gertutik ikustera eta ukitzera Jose Luis Lasaren senitartekoak, tartean Mikel Lasa semea eta Oihana Iribar erraina, eta baita bilobak ere.

"Bozetoak ikusiak genituen, baina orain etorri gara hona, eta guretzat ere sorpresa bat izan da, aurreneko aldiz ikusi dugulako", esan diote HITZAri Mikel Lasak eta Iribarrek.

"Guretzat oso berezia da eskultura hau herrian, malekoian, egotea; zer esanik ez aitona Jose Luisentzat", azaldu du Iribarrek. "Hemen geldituko da, legatu polita da herriarentzat".

[caption id="attachment_378567" align="aligncenter" width="700"] Mikel Lasa semea eta Oihana Iribar erraina

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide