Martxan jarri dute eraso sexistei aurre hartzeko EraStop aplikazioa

Urola Kostako Hitza 2019ko api. 3a, 14:51

Hiru funtzionaltasun ditu EraStop mugikorrerako aplikazioak: 'Eraso bat jasaten ari naiz', 'Etorri nirekin' eta 'Salatu eraso bat'. Lehenengo funtzionaltasuna aktibatzeko botoia sakatuz gero, berehalako abisua jasoko dute udaltzaingoek, denbora errealean.

Duela urte eta erdi inguru sortu zuten EraStop mugikorrerako aplikazioa, "eraso sexistei aurre hartzeko". Egun, Durangon, Bilbon eta Iruñean dago martxan, eta gaurtik aurrera, Zarautzen ere erabili ahalko da. Emakumeei zuzendutako aplikazioa dela azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak: "Emakumeok pairatzen dugun indarkeria espezifikoaren aurrean baliabideak martxan jartzea beharrezkoa da". Bere esanetan, Parekidetasun sailetik asmo horrekin abiatu dituzte taxi-bus zerbitzua eta EraStop Zarautzen.

Doan deskargatu daiteke aplikazioa, mugikorrean. Vazquezen esanetan, "emakumeak hainbat egoeratan seguruago sentitzea" bilatu nahi dute, "esate baterako, gauez etxerako bidean". "Uneren batean eraso sexista bat jasateko arriskua somatuz gero, aplikazioa erabiltzeko aukera izango dute emakumeek".

Hiru funtzionaltasun

Mikel Goñi arduratu da EraStop teknikoki hornitzeaz. Hiru funtzionaltasun nagusi hauek barnebiltzen ditu: Eraso bat jasaten ari naiz, Etorri nirekin eta Salatu eraso bat. Aplikazioak erdigunean erdigunean duen botoiak, ikusgarrienak, lehenengo funtzionaltasunari erantzuten dio. Botoi hori zapaltzean, hurbilen dagoen Udaltzaingoari abisu bat iritsiko zaio, alarma moduan, erabiltzailearen kokagune zehatzarekin, denbora errealean. Hala, "udaltzaingoak berehala bertaratuko dira erabiltzailea dagoen leku zehatzera".

Etorri nirekin funtzionaltasunari dagokionez, erabiltzailearen kontaktu zerrendan dagoen pertsona batekin harremanetan jartzea ahalbidetzen du, modu birtualean. Erabiltzaile bakoitzak erabakitzen du norekin jarriko den harremanetan, baina beharrezkoa izango da biek aplikazioa deskargatuta izatea. Etorri nirekin botoia sakatzean, hautatutako kontaktu horrek erabiltzailearen kokagune zehatza jasoko du.

Berehalako erantzuna

Goñik azaldu duenez, aplikazioaren helburua "arrisku edo mehatxu egoeretan ahotsa ez erabili behar izatea" da: "Izan ere, egoera horietan hitz egiteko hainbat ezintasun sortzen dira, esate baterako, urduritasunaren ondorioz". EraStop-en ezaugarri nagusietako bat "berehalakotasuna" dela nabarmendu du, alde batetik, aplikazioak barnebiltzen dituen botoiak sakatzean informazioa denbora errealean helarazten duelako, eta bestetik, udaltzaingoek berehalako "protokolo azkar bat" jarraituko dutelako. Goñiren arabera, aplikazioa martxan jarri duten herrietan, erabiltzaileek botoia sakatu eta 2-3 minutuan bertaratzen da tokian tokiko Udaltzaingoa.

Bestalde, teknikariak argitu duenez, Zarauzko erabiltzaile batek beste herri batean aplikazioa erabiliz gero, abisua ez du Zarauzko Udaltzaingoak jasoko. Hurbilen dagoen Udaltzaingoak jasoko du seinalea beti.

Eraso bat jasaten ari naiz botoia sakatzean, erabiltzailearen mugikorra blokeatu egiten da, erasotzaileak abisua baliogabetu ez dezan. Alarma ezeztatzeko, soilik erabiltzaileak ezagutzen duen pasahitza sartzea beharrezkoa da. Udaltzaingoek denbora errealean izango dute mugimendu hauen guztien berri, modu birtualean beti ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide