Mugarik Gabeko Medikuen egoitza bat Sirian. (Argazkia: Mugarik Gabeko Medikuak)
Etiopian eta Angolan boluntario jardun zen erizain lanetan, eta aurreko urtearen amaieran, Siriara bidaiatu zuen Jon Larrañagak Mugarik Gabeko Medikuekin (MGM). Azken horretan, soldata txiki bat jasoz, profesional gisa. Erizaintzarekiko zaletasunak eta behar gehien duten ospitale horiei laguntza eskaintzeko grinak bideratu zuten zarauztarra halako proiektuetan parte hartzera. "Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea, gazteagotan
motxilero moduan ibili nintzen bidaiatzen hainbat alditan, eta erronkazale amorratua izan naiz beti".
Egoera honetara zehazki nola iritsi den ez dakiela adierazi badu ere, "osasuna oinarrizko eskubidea" dela nabarmendu du, eta hainbat eta hainbat herrialdetan eskubide horren "urraketa larriak" ematen direla salatu du. Geldi egotea kostatzen zaion horietakoa da Larrañaga, eta halako kasuek ezinegona sortzen diote. "Egoerari buelta emateko lagundu nahian hasi nintzen proiektu hauetan murgiltzen. Oraindik ere uste dut asko egin daitekeela laguntzeko".
Larrañagak aditzera eman duenez, boluntario batek garbi izan behar du ez doala bertakoen lana egitera. Kasu batzuetan, larrialdiak bultzatuta, uneak eskatzen duena egin behar dela esan du, baina beraien lana laguntza ematea dela. Formakuntzak eskaintzen dituzte, saio praktikoak, teorikoak, praktikak pazienteekin... "Beti beraien erritmoa eta funtzionatzeko era errespetatuz. Ezin da ezer inposatu. Beraiek dira bertakoak eta prozesuaren protagonistak, boluntarioak badaki laster etxera doala bueltan". Hori une oro errespetatzen saiatzen diren zerbait den arren, lekuak eta egoerak asko baldintzatu izan dutela azaldu du zarauztarrak.
"Siriako proiektua oso berria zen, eta batzuetan une larriak izan genituen. Etiopian arazoak bestelakoak ziren: ekonomikoki oso egoera kaxkarrean zeuden, askok ez zekiten idazten edo irakurtzen... Lekuaren arabera egunerokoa asko aldatzen da", aditzera eman du.
Siria aztergai hartuz
Duela urte batzuk izan zuen oihartzuna apaldu dela dirudien arren, Siriako gerra oraindik ez dela amaitu gogorarazi du Larrañagak. "Liskar handiak daude, turkiarrak beren mugatik sartu dira, eta kurduen kontra dihardute jo eta su. Kurduek sunitekin bat egin dute [hasieran oposizio demokratikoa deiturikoak]". Gatazka gehien ipar-mendebaldean dago gaur egun. 2015etik Daexek lurralde asko galdu baditu ere, oraindik indarra izaten jarraitzen du. "Egoera oso larria da. Daexek eremu jakin batzuk kontrolatzen ditu, baina gauza jakina da gainontzeko eremuetan infiltratuak dituela. Honek guztiak giroan beldur eta ezegonkortasun handia sortzen ditu".
Zarauztarra, zehazki, Siriako Kurdistanen egon zen, Hasake izeneko hiri batean, lurraldearen ipar-ekialdean. Hasieran, Irakeko Kurdistanera bidaiatu zuen, baina bertatik Siriako muga igarotzeko arazoak izan zituen, eta irailaren 13an abiatu bazen ere, Siriako lurrak zapaldu zituenerako ia urria izan zen. Abenduaren 19ra arte gelditu zen Hasakeko ospitalean lanean.
"Beharra zeukaten paziente guztiak artatzen genituen gure ospitalean, eta MGMek hala egiten dute bere gainontzeko egoitzetan ere. Kurduak, sunitak eta laguntza medikua behar duen edonor. Ez genuen azal koloreagatik edo ideologiagatik bereizketarik egiten". Ospitalea kokaturik zegoen zonaldeagatik gehienbat kurduak artatu zituzten. Baina azaldu duenez, horrelako lekuetan uneoro etikoki zuzen jokatzen ahaleginduta ere, zaila izan ohi da gatazka saihestea.
Siriako presidente Basar al-Assadek ez du onartzen MGMen egoitzarik bere eremuan. Bost egoitza dituzte iparralde osoan, mugaren beste aldean –al-Assaden eremuan– ez baitago egoitzarik jartzeko baimenik. Duela urte bazuk, MGMek al-Assad salatu zuten biztanleria zibilaren aurka altxatzeagatik eta ehunka hildako eragiteagatik, eta horren ondorioz, lur horietan lan egiteko baimena kendu zioten elkarteari. Kontuan hartu behar da al-Assadek Siriaren %50a kontrolatzen duela gutxi gorabehera.
Interesa ez da arazo
Euskal Herrira itzulita, "hemen bakoitzak bere bizitza dauka eta batzuk munduan zer gertatzen ari den jakin nahi duten bezala, beste batzuek modarekiko interesa erakusten" dutela azaldu du Larrañagak . Azpimarratu du bakoitzak bere zaletasunak dituela eta hori guztiz zilegia dela. "Bat ez da bestea baino hobea".
Zarauztarraren kasuan, egoera gertutik bizitzeko aukera izan duenez, garbi dauka salatzen jarraitu behar dela. "Izugarria da han gertatzen ari dena, baina, noski, jendeak ez dauka horren errurik. Bakoitzak bere arazoak ditu, Euskal Herrian ere gauza guztiak ez dira perfektuak, ezta gutxiago ere". Nabarmendu du interesa daukana ez dela ez daukana baino pertsona hobea. "Ezjakintasuna badago, baina ni ere ezjakina naiz beste herrialde askotan gertatzen ari denarekiko".
Ekialde Hurbileko lurraldean gertatzen ari dena jakiteko informazioa eskuragarri dagoela dio erizainak. «Hainbat siriar bertatik kanpo egonik, egoera salatzeko eta gertatzen ari dena munduari kontatzeko aukera edo baliabide gehiago dituzte".
Bere esanetan, gatazkan dauden beste zenbait lurraldetan ez da hala gertatzen. Esaterako, Afrikako zenbait herrialdetan gertatzen ari denaz jendeari informaziorik ez zaiola iristen aipatu du. Ez iristeaz gain, bilatuz gero ere oso zaila dela topatzen, are gutxiago informazio fidagarria. "Ni Angolan egon nintzenean, ez neukan arrastorik zertara nindoan eta zeri egin beharko nion aurre. Bertan ohartu nintzen diktadura batean bizi zirela eta ez daukatela hori munduari kontatzeko aukerarik".