Haimar Zubeldia eta Unai Agirre izendatuko dituzte Mahasti Jaun Getariako San Anton Egunean

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 11a, 18:00

Txirrindularia iaz erretiratu zen, 20 urtez profesional mailan aritu ondoren. Agirre, berriz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistetako bat da. HaIen ibilbidea aitortuko dute txakolinaren uzta berriaren aurkezpenean, urtarrilaren 17an

Haimar Zubeldia, iazko Zarauzko Klasikoan egindako omenaldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku) San Anton Egunean, datorren asteazkenean, aurkeztuko dute Getariako Txakolinaren uzta berria. Urtero legez,  gastronomiaren, euskal kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsonak edo eragileak omenduko dituzte; aurten Zarauzko bizilagun Haimar Zubeldia eta Unai Agirre hernaiarra izendatuko dituzte Mahasti Jaun. Zubeldiak iaz hartu zuen erretiroa, 20 urtez txirrindulari profesional gisa aritu ondoren. Agirre, berriz, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistetako bat da, Euskal Sagardoa jatorri deiturako teknikaria izateaz gain. Omenaldiaren ondoren, topa egingo dute Zubeldiak eta Agirrek Getariako Txakolinako ordezkariekin eta hura osatzen duten arduradunekin zein askotariko erakunde publikoetako kideekin.
Tokiko ezaugarria mantenduz
Aurreratu dutenez, iaz 3.784.000 kilo mahats jaso zuten eta batez beste 3,4 milioi botila ekoiztu dituzte. Mahats biltzea irailaren bigarren hamabostaldian hasi zuten eta urriaren 15ean amaitu. "Eguraldi onari esker mahats biltzea modu mailakatuan egin zen. Bildutako mahatsa kalitatezkoa izan da eta honekin batez beste 11 graduko txakolina egitea eta ahoan txakolin orekatua izatea lortu da,  tokiko ezaugarria mantenduz", jakinarazi dute. Gaur egun 33 dira Getariako Txakolina osatzen duten upategiak; horietatik zazpi daude Zarautzen. Gainontzekoak, Aian (hiru), Beizaman (bat), Getarian (hamabi), Orion (bat), Alkizan (bat), Arrasaten (bat), Deban (bat), Hondarribian (bat), Mutrikun (bat), Oiartzunen (1), Olaberrian (bat), Oñatin (bat) eta Villabonan (bat) aurkitzen dira. Uzta berriaren aurkezpen ekitaldia 12:15ean hasiko da, herriko frontoian. Urola Kostako Hitzaren atarian dago ikusgai Getariako sanantonetako egitarau osoa, esteka honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide