Aritz Mutiozabal: "Istorio dibertigarri bat idatzi nahi nuen, ipuin klasikoetatik abiatuta"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2017ko abu. 1a, 12:25

'Aliren baba’ gaztetxoentzako liburua argitaratu du idazle zarauztarrak, "behartu gabe, jatorrizko ipuinak testuingurutik atera eta eta bakoitzaren elementuak istorio berrian uztartuz".

Aritz Mutiozabal, 'Aliren baba' liburua eskuetan duela. (Amaia Ventas Aldabaldetreku) Behin baino gehiagotan errepikatu duzu ipuina ez dela betikoa, ez dela arrunta. Irakurri ez duenarentzat, zer da? Istorioa ipuin kontalari batek kontatzen du, bera da narratzailea. Betiko ipuina ez dela dio, nolabait ere, irakurlearen arreta pizteko. Oro har, ipuin klasiko askoren nahaste-borraste bat da, eta azken emaitza istorio berri bat. Esan genezake kontalaria betiko ipuin bat kontatzen hasten dela, eta pixkanaka-pixkanaka ezagunak zaizkigun ipuin ezberdinetako xehetasunak eta ezaugarriak txertatzen doala, inprobisatzen ariko balitz bezala. Sarreran ondokoa diozu: 'Agian, denetarik pixka bat badu. Ipuin bat kontatzera noanean...'. Zer da, abisu moduko bat? Irakurleak liburuan aurkituko duenaren aurrerapen txiki bat da. Adi egon dadin, eta xehetasun, pertsonaia edo pasarte bakoitza zein ipuini dagokion antzeman dezan. Izan ere, istorio hau gaztetxoei zuzenduta dago, eta haientzako ariketa polita litzateke txikitako ipuin bakoitza gaur egun berriz irakurtzea eta aztertzea: norena den, bakoitzaren atzean dagoen mezuaz jabetzea, errepikatzen diren estereotipoak, egungo istorioen antzekotasunik duen eta abar. Denetarik pixka bat badu. Izenburutik hasita, ezin saihestu Ali Babaz gogoratzea. Izenburuak Ali Baba eta 40 lapurrak ipuinari egiten dio erreferentzia zuzenean; eta Alizia herrialde miresgarrian-i zeharka. Aitortu behar dut istorioa izenburutik abiatu nuela, erakargarria egiten baizitzaidan Ali eta baba uztartzea. Aspalditik neukan buruan, baina ez nekien nola gorpuztu. Duela hiru urte, Xabier Lizardi Sariko oinarriak argitaratu zituztenean, zezenari adarretatik heltzeko unea zela erabaki nuen. Istorioaren hezurdura izango zenaren eskema bat egin nuen, eta hilabete batean idatzi nuen; ondoren, beste hilabete bat pasatu nuen berridazten eta zuzentzen. Saritua izan ez bazen ere, idazteko behar nuen bultzada eman zidan… Eta, orain, Denonartean argitaletxearen babesean argitaratzeko aukera izan dut. Gero ere egiten dizkiozu keinuak beste istorio klasiko batzuei:  Indaba magikoa, Ozeko aztia, Txokolatezko etxea, Kalabaza tripontzia... Denak batu dituzu, eta beste ikuspuntu bat eman. Ezinbestekoa zen beste ikuspuntu bat ematea. Gauza ez zen haien jatorrizko kontakizunari fidel izatea, baizik eta testuingurutik ateratzea eta bakoitzaren elementu bat edo beste nire istorioan ongi uztartzea. Gehiegi behartu gabe, gainera. Elementu horiek ongi lotu behar ziren beraien artean, eta irakurtzean berehala identifikatu behar ziren. Egia esan, ez zitzaidan nekeza egin… Nire semeari ipuinak irakurtzen dizkiogu oheratzen denean, eta sasoi hartan ipuin klasikoen liburu potolo bat irakurtzen genion. Beraz, behar nuen dokumentazioa eskura neukan. Fantasiazko istorioa da, baina errealitate zantzuak ere baditu (sorgina langabezian, estresatuta, edozein pertsona bezalakoak dira sorginak... ). Haurrek hankak lur gainean izateko-edo? Beno, ez dut asmo horrekin egin… Gehiago izan da gaur egunera ekartzeko joera bat, eta bide batez sorgina humanizatzeko saiakera bat. Halaber, dibertigarria izan zitekeela iruditu zitzaidan arazoak eta sentimenduak dituen sorgin bat aurkeztea, emakume maltzur ahalguztidun horretatik haratago. Nahiz eta narratzaileak behin baino gehiagotan errepikatzen duen fisikoki guztion iruditegian gordeta dugun sorginaren itxura duela. Bukaerari ere ez diozu ohiko ipuinen tankera eman nahi izan: «Zoriontsu izateko ez dago printzearekin ezkondu beharrik». Aldarrikapen gisa? Estereotipoetatik eta batez ere ipuin klasiko askok duten ikuspegi sexistatik urruntzeko nahi bat egon da, zalantzarik gabe. Emakumezkoak protagonista diren ipuinak badira, Loti ederra, Edurne Zuri eta Txanogorritxo esaterako, baina horietan guztietan ezerezetik agertzen den gizonezko bat dago bukaeran, dela printzea dela ehiztaria, eta hura bihurtzen da salbatzailea. Kasu honetan, Ali izeneko neskato bat da protagonista, eta bera izango da heroia, gorabeheraz beteriko abentura bat bizi ondoren. Bizikleta lapurtu didate liburua «gizarte justuago baten aldarria» zela esan zenuen. Aliren baba-rekin zer adierazi nahi izan duzu? Ez dut mezu edo aldarri berezirik helarazi nahi izan. Besterik gabe, kontakizun bihurri bat idatzi nahi nuen, gizartearen oroimenean iltzatuta dauden ipuin klasiko ezagunekin jolastuz. Gaztetxoentzako bada ere, gurasoek edo, oro har, helduek ere ongi pasatzeko moduko liburua dela esango nuke. Nik behintzat asko gozatu nuen sortze prozesuan. Aurreko liburua kaleratu zenuenean egindako elkarrizketan beste hainbat lan hasiak zenituela zenioen: poemategi berri bat, haurrentzako beste istori bat, helduentzako narrazio bilduma bat... Ezin sortzeari utzi? Ba bolada luze samarra daramat ezer berririk sortu gabe. Poemategi berri hori iaz argitaratu nuen, Hutsartea izenburupean, eta haurrei zuzendutako istorioa hauxe da, Aliren baba. Helduentzako narrazio bilduma da astiroen doan proiektua, eta errespetu gehien ematen didana. Azken ukituak falta zaizkio, baina ez dut astirik hartzen guztiz errematatzeko. Gainerakoan, ideia batzuk baditut berriz idazten hasteko, baina ezertan hasi aurretik narrazioen proiektua bukatu nahiko nuke, gehiegi luzatu ez dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide