Patxi Santamaria aktorea eta Antxon?Sarasua musikaria. (Aritz Mutiozabal)
Piano isatsdun batek hartzen du Modelo aretoko oholtza gaina. Kontzertu klasiko baterako prestatuta dagoela dirudi, eta hasiera batean horretarako da, baina unean uneko zirkunstantziek beste norabide bat emango diote emanaldiari. Bederen1 taldeak gaur gauean estreinatuko duen AM Classics ikuskizunak asko du musikatik, baina baita antzerkitik eta, batez ere, klownetik ere. Patxi Santamaria aktorea eta Antxon Sarasua musikaria batu dituen komedia musikala da, eta 22:00etan izango da ikusgai Modelon bertan.
Sarasua bere jarduna serio hartzen duen piano-jole ezagun bat izango da. Santamaria, berriz, tramoia; hau da, "aktore izan nahi zuen pertsona, pixka bat traketsa, eroa eta pailazoa". Piano-joleari enbarazu egiten badio ere, oholtzan geratu eta kontzertua lardaskatuko du. Bi pertsonaia antagoniko badira ere, "azkenean, ia-ia paperak aldatuko dituzte: piano-jolea aktore bihurtzen da, eta aktorea musikari", adierazi du Santamariak.
Ikuskizunaren ideia aspaldikoa du aktore zarauztarrak. Zumaiako Musika Bandak gonbidatuta, Udaberriko Kontzertuan hartu zuen parte duela zazpi urte inguru. "Aktore bat nahi zuten, hitzik esan gabe eta gorputzarekin adieraziz, emanaldian parte hartuko zuena". Egoerarako bere ibilbidean hainbat aldiz erabili duen pertsonaia eraman zuen taulara: klown, mimo eta pertsona arruntetik duen laguna, alegia.
"Publikoko pertsona bat iristen zen bere maletarekin, eta esertzeko toki bila ari zela, eszenatokian bukatzen zuen, musikarien tokian. Bertan geratzeaz gain, bandarekin elkar eragiten zuen". Ideia interesgarria iruditu zitzaion, "lehenago edo geroago" zerbait egin zezakeela pentsatuz. Duela bi urte Sarasuari proposatu zion, eta "nire sorpresarako baietz erantzun zidan".
Bikote lana
Pertsonaia ameslari edo tramoiari eutsi egin diote, baina musika banda piano batetara murriztu dute. Piano-jole batek ordezkatu du, eta bikote artistikoa osatu dute. Santamariaren oinarrizko gidoitik abiatuta, ikuskizuna gorpuzten joan dira entsegutan, eta Sarasuak nabarmendu duenez, "zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez ikusten, ideiak ateratzen joan dira".
Prozesua "bidaia luzea baina polita" izan da, eta argi zuten ez zutela presaka ibili nahi. "Gainera, ez dugu izan aukerarik hiru hilabetez buru-belarri horretara jartzeko, beste proiektu batzuetan ere gabiltzalako. Beraz, luzatu egin da, baina ez geldirik egon garelako, baizik eta lana handia duelako", dio musikariak.
Sarasuarentzat esperientzia berria da antzerkikoa, eta ez zuen uste "horrenbeste aktore lan" egiten bukatuko zuenik ikuskizunean. Santamariak, bere aldetik, "hemen bi musikari gaude" ere adierazi du. Batak bestea bere esparrura eraman duten seinale. Musikariaren esanetan, "pixkanaka ikusten joan gara zer aukera genituen bion artean ikuskizun osatuago bat sortzeko".
Bikotearen ideiak bateratzeko eta zorrozteko, zuzendari lanak egingo zituen norbait hartzea erabaki zuten, eta, hala, Didau Antzerki Faktoriako Juanma Alvarezekin harremanetan jarri ziren. Era berean, Didauko kide Ainhoa Agirre diseinu grafikoaz arduratu da, eta Mikel Erguin dantzariaren laguntza izan dute gorputz mugimendua lantzeko orduan. Bestalde, Arantxa Izeta aktore eta bikoizlearen off ahotsa entzuten da obran.
Norbere bidea
AM Classics izenburua esanahi bikoitzarekin lotu dute. Alde batetik, AMk irrati frekuntziarekin jokatzen du, eta Classics-ek garai bateko musika nahiz komediarekin. Bestetik, Ak aktoreari egiten dio erreferentzia, eta Mk musikariari. Nolabait ere, "klasikoei eta ez hain klasikoei" omenaldia egiten die ikuskizunak: Mozart, Beethoven, Sex Pistols, Bee Gees... eta Frank Sinatraren My way abestia ere izango da entzungai, Harkaitz Canok euskaratua. Santamariaren hitzetan, "abesti horrek badu guretzako eta obrarentzako esanahi berezia. Azken finean, bakoitzak bere bidea egitearen aldarria da".
Hitzik gabeko antzezlana da, eta musika da nagusi. "Oro har, kontzertu bat da, eta kontzertutan ez da hitz egiten", nabarmendu du Sarasuak. Bukaeran, ordea, bakarrizketa labur bat egiten dute "teatroaren derrigortasunari buruz", Karl Valentin 20ko hamarkadako komiko alemaniarraren testua oinarri izanda; Inazio Tolosak itzuli die testua, eta Asier Serranok ere ekarpenen bat egin die. Beraz, has dadila antzerkia, has dadila kontzertua.