Ekaitz Goikoetxea: "Bertsopaperei beste zabalkunde bat bilatu beharko litzaieke"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 16a, 11:47

Transexualitatea eta errefuxiatuen drama. Bi gaien “originaltasuna” goraipatu, eta idatzizko bi bertso sortak saritu dizkio Zarauzko Udalaren Kultura Sailak antolatzen duen Basarri sariketako epaimahaiak Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenari (Beasain, 1980). Bertsolariak dio bertsopaperak bizitza esperientziaren "emaitza" direla.

Iaz, lehenengo bi sariak jaso zenituen Basarrin, eta aurten ere bai. Ez da marka makala. Ez dakit sekula gertatu den. Iaz, poz handia eragin zidan, 13 urte neramatzalako lehiaketetara aurkeztu gabe. Beti idatzi izan dut, niretzat, baina lehiaketetatik urrunduta nenbilen. Bi arrazoigatik: 23 urtez geroztik, jada adin batean sartzen gara bestelako erantzukizun batzuetan murgiltzen garena, eta denbora gutxiago izan dut zaletasunetarako. Bestetik, neure burua agortu samar ikusten nuen, kosta egiten zitzaidan zortzi bertsoko sortak idaztea. Sorpresa handia izan zen sari bat ez biak niretzat izatea. Gaien berria nabarmendu dute. Oso gertutik bizi ditudan gaiei buruz idatzi dut; niregan hori aldatu da. Iaz, lehenengo saria etxegabetzeei buruz zen; nire ikasle baten eta haren familiaren egoera papereratu nahi nuen. Egunerokoan, etorkinekin ere lanean ari gara, harrera egiten. Saiatzen naiz behar handiena duten pertsonekin konprometitzen. Hitzetatik harago, iruditzen zait jarreretan-eta sakondu behar dugula, eta hor egon behar dugu, berdinetik berdinera, horizontalean lanean. Transexualitatearen gaia ari da azaleratzen, eta lehen saria jaso du. Non aurkitu duzu iturria? Ikasle bat dut, azkeneko hiru urtean, transexuala dena. Bigarren Hezkuntza egitera gure institutura etorri zen, eta ikasketaburu nintzen. Gurasoak beldur ziren, ikaskide berriekin gorabeherak izan zitezkeelako edo. Ordura arte guretzat pentsaezinak ziren erabaki batzuk hartu beharra zegoen: soinketa orduak azkena jarri, etxean dutxa zedin; edo zer komunetara joan behar zuen… Ikusi genuen gaia landu egin behar zela institutuan, ikasleekin. Aurten, tutoretza izango dut, eta asko hitz egin dut berarekin, asko irekitzen den neska bat da: bere kezkak jada barneratuak zeuzkanean, lehenengo aldiz neska gisa kaleratu zenean, hamar minuturako etxera joan behar izan zuen… Oso egoera gordinak eta gogorrak dira. Berak nortasun ikaragarria izan du, eta du, eta ikaragarrizko gurasoak ditu; beti babestu izan dute, prozesu osoan. Kuadrilla oso zabala du, eta asko babestu dute. Alde horretatik, oso-oso ondo hartua izan da institutuan, herrian eta inguruan. Gaur egun, 15 urte ditu, eta bera ari da antzeko egoeran dauden hainbat transexuali laguntzen. Nolakoa izan zen zortzi bertsoen idazketaren sorburua? Gaiak nire inguruan zeuden, eta eragin egiten zidaten. Zer esana banuen, bila joan beharrik gabe, bertso sorta bat egiteko lain. Egia esan, esateko beharra sentitzen nuen, borroka horiei ahotsa jartzeko beharra, eta bertso forman sortu dira. Izan zitekeen olerki edo ipuin, baina ikusten nuen 10-8an edo 8-8an etortzen zitzaizkidala, gehiegi tira gabe ateratzen ziren sortak. Oso pozik nago, estetikoki eta teknikoki bertso onak egiteko gai izan naizelako. Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide