Zarauzko Surf Eskolaren itxiera

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 4a, 10:59

Hego Euskal Herriko lehen surf eskola ixtera doa, ez lan faltagatik, markak gailentzen dituen ereduarengatik. Hutsunea ez da pertsonen aldetik izan, erakunde eta gobernuena baizik.

https://www.youtube.com/watch?v=Cp8WwyEjHhc Uretako inurriak dira surflariak, eta badirudi gero eta gehiago direla, hori baieztatzeko gure hondartzetara begiratzea besterik ez dago. Azken urteetan surf eskolak ere ugari zabaldu dituzte goizetik gauera. Mikel Troitiño eta Haritz Larrañaga Zarauzko Surf Eskolaren arduradunak dira Hego Euskal Herriko lehen surf eskolaren sortzaileak.  25 urteren ondoren betiko pertsiana ixtera doaz enpresek eta erakundeek sustatuta,  indarrean ezarri den eskola ereduekin bat egiten ez dutelako. Ereduen arteko talka bat dago eta printzipio falta da inguruan antzematen dutena. "Mailaz jaitsi beharra dago mailara egoteko. Garrantzi gehiago ematen zaio Valentzian (Herrialde Katalana) asteburu batean lortutako diploma bati, Euskal Herriko Surf Federazioarekin zenbait astetan ondo landuta lortzen den diploma bati baino", dio Larrañagak. Garrantzia azaleko estetikari eman zaiola diote, horregatik, markak gailentzen dituen eredua dago indarrean, eta besterik eskaini ezean, jendea horra joaten da. Baina azpimarratu dute jendeak nahiago duela umil dagoen eskola txiki bat, non ikasleak zenbakiak baliran bezala tratatzen ez dituen. "Hutsunea ez da pertsonen aldetik egon, gobernu eta erakundeen aldetik baizik". Gurasoen ikuspegitik ere orokorrean eredu bakarra da nagusi: "Lehen ikastaroak ematen hasi ginenean, surfistek surfa ezin zela irakatsi esaten ziguten, eta orain badirudi ezin dela surfa ikasi eskola batetik pasatu gabe".

Nortasuna bereizgarri

"Talde txikiak, tratu zuzena eta bitartekaririk ez". Balio horiekin eman diote izaera eskolari, eta nortasun bereiztua izatearen garrantzia azpimarratu dute. "Bezeroen nahien arabera moldatzen bada nortasuna galtzen da. Esaterako, gure hizkuntzari baino beste bati emango zaio garrantzi gehiago". "Denda bat eskola bat bada, helburu nagusia zein da, erakustea ala saltzea?". Horiek dira indarrean dauden ereduak. Oro har, kalitateak txikitasuna eskatzen du, eta frogatuta dute Troitiño eta Larrañagak. "Une batean genuen eskaerari erantzuteko begiraleak kontratatzen hasi ginen, eta jabetu ginen zenbat eta jende gehiago izan orduan eta okerragoa zela, giroa kutsatzen da eta hobe da bakoitzak bere eredua izatea, gainera, horrela eskaintza desberdina da".

Udalaren erantzunik ez

Sei urte eman dituzte udalari helegiteak aurkezten, surf oholen alokairua arautzeko eskatu dute, esaterako; eta udalak hori erregulatzea zaila dela erantzun die. Proposamen asko egin dituzten arren, udaletik ez dute erantzunik jaso. "Zarauzko Udalak kalitateaz hitz egiten duenean erakutsi du ez dela ari esperientziaz, ez hizkuntzak jakiteaz, ezta diploma on bat edukitzeaz ere. Azaleko harreman jendetsu eta nortasun gabeez baizik, eta jada min batzuk egin dira, zarauztarrek itxi dituzten dendak txinatarrek zabaldu dituzte". Ez da surfaren gatazka, gizarte gatazka baizik. "Pepsi eta Coca  Cola agertzean beste edari txiki guztiak erortzen joan ziren, hori da surfean ere gertatu dena, jende gehiago gaudenean eredu gehiago eta anitzagoak egon ordez, alderantzizkoa gertatu da". Aspalditik pentsatu dute eredu horretatik ateratzea, ez dute gertatzen ari den guztiaren ardura gehiago izan nahi. "Eremu batzuetan erantzule gara, lehenengoak izanda ate batzuk guk ireki ditugulako, baina gure printzipioengatik ez dugu ardura gehiago izan nahi". Pena bat dute, ez direla gai izan beraien ereduan errelebo onik bilatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide