Ostiralean sinatu zuten Visesak, udalak eta Zarautz-Lurrek lankidetza hitzarmena. Jaurlaritzako entitate publikoak partzela erosiko du bertan etxeak eraikitzeko
Ostiraleko sinadurarekin «ofizialki baieztatu zuten» Visesa izango dela Aldapetako orubean 50 etxebizitza eraikiko dituen sustatzaile publikoa. Publiko hitza nabarmendu nahi izan zuen Xabier Txurruka alkateak: «Partzela horretan proiektua gauzatuko duen entitatea publikoa izatea nahi izan dugu, Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta bere berme guztiekin». Akordio horren bidez, Visesak Aldapetako lur zatia eskuratuko du, etxebizitzak eraikitzeko. Zarautz-Lur erakunde publikoak 2.467.627 euroan salduko dio lur saila.Txurrukak eta eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Murok agerraldia egin zuten akordioa sinatu ostean, Aldapetan bertan. Biek ala biek aitortu zuten «egun pozgarria» zela. Txurrukak, une hura «giltzarri» zelako datozen urteetan gauzatu nahi duten proiektua bultzatzeko, eta Murok, «50 familiari etxebizitzak eskaini, Santa Ana Fundazioari azpiegitura bat eman eta Vista Alegreko irisgarritasuna bermatzeko akordioa» azkenean bideratu dutelako.
Hitzarmena sinatuta eta Plan Orokorraren aldaketa onartu ondoren —maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten behin-behinean eta gehiengoz, eta orain jendaurrean dago—, Plan Berezia idatziko dute. Era berean, eraikuntza eta urbanizazio proiektuak idazten ari dira. «aurten proiektuak prestatu eta onartu nahi ditugu, 2017rako Visesak lehiaketa egin dezan, esleitzeko eraikuntza eta urbanizazio proiektuak, urte horretan bertan obrekin hasteko» zehaztu zuen. Dena ongi bidean, 2019an etxebizitzak ematea dute helburua.
«Pausoz pauso» joango diren arren, Txurrukak aurreratu zuen beste akordio bat sinatuko dutela jaurlaritzako etxebizitza departamentuarekin, zerrendei dagozkien izapideak Zarautz- Lur erakunde publikotik kudeatzeko. Murok, bere aldetik, zehaztu du datorren abendua bitartean zehaztuko dituztela etxebizitzak eskatzeko irizpideak.
Etxebizitzak baino gehiago
Aurreko proiektua ez zela bideragarria ohartu zen egungo Udal Gobernua. «Urbanizazio eta eraikuntza kostuek egiten zuten bideraezina». Visesako teknikarien laguntzarekin, proposamen berri bat landu dute. Besteak beste, eraikina trinkotu eta horren okupazioa murriztu dute. «Eraginkortasun energetikoari eta lur zoruaren okupazioari dagokionez, onurak besterik ez ditu ekarriko horrek».
50 etxe egingo dituzte Aldapetan: 30 tasatu eta 20 babes ofizialeko. Babes ofizialeko etxebizitzak udalak erosiko ditu, alokatzeko. Horietatik bi izan ezik. Horiek N-634 saihesbidearen ondorioz desjabetutako familiei emango zaizkie. Tasatuak, berriz, salmentan jarriko ditu. Horietatik 26 hiru logelakoak izango dira eta beste lau bi logelakoak. Jaurlaritzaren dekretuan oinarrituko dira prezioak zehazteko. Hala, 175.000-200.000 euro inguru balioko dute, azaleraren arabera. 66-90 metro koadro bitarteko etxeak izango dira. Eraikinak hamar solairu izango ditu eta bi ezkaratz, babes ofizialeko etxeetara heltzeko bat eta tasatuetara sartzeko bestea. Etxe bakoitzak garaje eta trasteleku bana izango ditu.
Etxebizitzak egiteaz gain, hainbat onura ekarriko dizkio horrek inguruari, alkateak adierazi zuenez. Batetik, Vista Alegrerako igogailua eraikiko dute. Bi zati izango ditu: batetik, San Inazio kaletik eraikina egongo den plazara, eta bestetik, plazatik Sarakatua dorrearen mailara. Halaber, udalak zenbait lokal bereganatuko ditu. Eraikineko behe eta lehen solairuko 300 metro koadro Santa Ana Fundazioari emango dizkio, harena zen Aldapetako partzela ordaintzeko. Beste hainbeste metroko beste lokal bat helburu sozialetara bideratuko du erakundeak.