Heziketa eta sormen eskolak eskainiko dituzte hilean behin Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urr. 18a, 04:08

Jasone Irigoien Hesolak ekimenaren koordinatzaileetako bat, Karmen Agirretxe Artezaleak elkarteko arduraduna, eta Gari Berasaluze Kultura zinegotzia, egitasmoaren aurkezpenean. (Amaia Ventas/Hitza) Hesolak ikastaroak
  • Urriak 26. Rapa eta bertsolaritza, Imanol Epelderen eskutik.
  • Azaroak 30. Gabonetako opari birziklatuak, Amaia Zinkunegiren eskutik.
  • Abenduak 14. Oteitzarekin jolasean, Manu Muniategiandikoetxearen eskutik.
  • Urtarrilak 18. Dantza garaikidea, Eneko Balerdiren eskutik. pOtsailak 22. Musika sormen tailerra, Makalaren eskutik.
  • Martxoak 29. Literatura tailerra, Uxue Alberdiren eskutik.
  • Apirilak 26. Bideo edizioa, Debolex ekoiztetxeko kideen eskutik.
  • Maiatzak 31. Antzerkia, Patxi Santamariaren eskutik.
  • Ekainak 14. Jolastuz sortu, Jasone Irigoienen eta Maddalen Serrasen eskutik.
  • Uztailak 26. Graffitiak, Haritz Irureta Piru-ren eskutik.
Pasa den astean aurkeztu zuen udalak Zarautz Ehuntzen, herritarren bizi kalitatea hobetzeko ehun plan zehatz. Horien artean datorren ikasturtera begira Ebro Etxea artetxe bihurtzeko konpromisoa hartu zuten, Zarautzen arterako eta sorkuntzarako leku erreferentziala sortzeko. Lehen urratsa Hesolak sormen eta hezkuntza eskolak antolatzea izan da. 2014ko uztaila bitartean askotariko hamar ikastaro labur izango dira, hilean behin, larunbat goizetan—zenbait kasutan arratsaldetan ere izango dira— eskainiko direnak. Dagokion alorrean erreferentzia dutenak aukeratu ditu Artezaleak elkarteak irakasle gisa; besteak beste, Uxue Alberdik gidatuko du literaturari lotutako eskola, Manu Muniategiandikoetxeak Oteitzari buruzkoa, eta Haritz Irureta Piru-k irakatsiko du graffitiak egiten. «Kalitatea ziurtatuta» dagoela nabarmendu du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Bestalde, Ebro Etxea herritarrei zabaltzeko asmoarekin prestatu dute programa. «Normalean gazteak ez dute parte hartzen halako ikastaroetan. Gazteei eta haurrei zuzendutako eskaintza zabaltzea izan da, beraz, gure erronketako bat», adierazi du Jasone Irigoienek, Hesolak ekimeneko koordinatzaile batek. «Horretarako zer hobeto ikastaro arinak, motzak eta merkeak eskaintzea baino». Artezaleek antolatzen dituzten ikastaro iraunkorretara bertaratzeko aukera ez dutenek hilean behin interesatzen zaien gaiari lotutak eskoletara joateko aukera izango dutela nabarmendu du Berasaluzek. Behin ikastaroa amaituta, parte-hartzaileek Artezaleak eta Kultura Sailaren diploma jasoko dute, curriculumean heziketa osagarri gisa aurkezteko baliagarria izango dena. Hilaren 26an, datorren larunbatean egingo dute lehenbizikoa: Rapa eta bertsolaritza. Bi diziplinak uztartu eta horien arteko loturak aztertuko dituzte parte-hartzaileek 10:00etatik 13:00etara Ebro Etxean, Imanol Epelderen gidaritzapean. Ikasleek rap abesti bat osatzen ere ikasiko dute. Interesa dutenek asteartera bitartean eman dezakete izena 943-83 55 68 zein 607-42 44 97 telefono zenbakietara deituta, edota hesolakzarautz@gmail.com helbidera mezua bidaliz. Lehen ikastaro hori 15 euro kostako da. Datak gerturatzen diren heinean emango dituzte gainontzeko ikastaroen inguruko xehetasunak. Informazio zabalagoa eskuratu nahi izanez gero, ordea, Artezaleak taldearen webgunea (www.artezaleak.com) zein Facebook eta Twitterreko orriak bisitatu ahalko dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide