Udazkenean zarauztarrekin bilduko da udala TAO sistema "borobiltzeko"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ira. 24a, 04:00

Datuak zenbakitan
  • Euskotren zerbitzua. Uztaila eta abuztuan 74.767 lagunek erabili dute herrira heltzeko.
  • Garraiobide publikoak, orokorrean. Uztaila eta abuztua artean 94.306 pertsonek erabili dituzte herriako garraiobideak. Iaz epe berean baino 10.966 bidaiari gehiagok erabili dituzte.
  • Herriko autobusak.  33. 170 erabiltzaile izan dituzte. 2012 baino 3.793 bidaiari gehiago izan dituzte.
  • Autoak. Uztailean eta abuztuan 552.013 auto sartu dira herrira. 139.550 TAO txartel atera dituzte, iaz baino 5.541 gehiago.
Aldirietako aparkalekuak «ia egunero beteta» egon dira. Argazkian, Abendaño autoz josita, uztailean (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Zarauzko Udalak mugikortasun politika aldatu eta hierarkia finkoa ezarri zuen uda aurretik, oinezkoei lehentasuna emanez, bizikletan dabiltzanen, garraio publikoaren eta auto pribatuen aurretik. Eta badirudi «erantzun ona» izan duela horrek. Uztailean zein abuztuan iazko bisitari kopuru bera iritsi da autobidetik Zarautzera, baina, aldi berean, herri barruan autoaren gehiegizko erabilera «apaltzea» lortu da TAO sistema herri osora zabalduz. «Mugikortasun jasangarriaren alde hartutako erabakiek orokorrean emaitza egokiak eman dituzte, eta bisitariak uxatzetik urrun, mantendu eta modu jasangarriagoan mugitu dira», adierazi du udalak. Horren adierazle dira datuak: aldirietako aparkalekuak «beteta egon dira ia egunero», eta TAO eragiketak %3,97 «soilik» igo dira iaztik. «Honek adierazten du mugikortasunaren ikuspegitik genituen helburuak bete egin direla, eta bisitari kopuru handi batek ibilgailua herrian aparkatzeko ohiturak aldatu, eta doako aparkaleku alternatiboak erabili dituela». Horri esker, trafikoa «lasaitu» egin da, eta herritarrek aparkatzeko «leku eta aukera gehiago» izan dute uda sasoian, auzo batzutako «kaosa erabat arinduz». TAO sistemak «ongi funtzionatu» duen arren, «gabeziak» ditu oraindik. Hori dela eta, planteamendua «borobiltzeko» udazkenean herritarrekin iritziak trukatuko dituzte udal ordezkariek. 33.170 erabiltzaile Oinezkoentzako berreskuratutako espazioek «oso harrera ona» izan dutela dio udalak. «Peatonalizatu berri diren Zigordia eta Ipar kaleen erabilera ezin hobea izan da. Horrez gain, hainbat jarduera egin dira espazio libre horretan, ingurua biziberrituz».  Bizkaia kaleako erdipeatonalizazioari esker oinezko zein bizikleta erabiltzaileentzat «ibilbide naturala berreskuratu» dela diote. Era berean, bide gorri sarea osatzeko pausoak eman ditu udal uda aurretik, hondartzara bizikletaz iristeko lotura berriak egin, eta kaltzadan bizikleta erabiltzaileentzat guneak egokituz. Horrek ere «emaitza baikorrak» eman ditu, udalaren arabera. Ibilgailu partikularrei dagokienez, lehengo udako datuak mantendu dira: 552.013 ibilgailu sartu dira herrira uztailean eta abuztuan, Bidegiren datuen arabera. Horiek eta autobidea ez beste bideetatik herrira iritsi direnek bi aukera izan dituzte auto pribatua aparkatzeko: aldirietako aparkalekua erabili, ala TAO txartela ordaindu. Ildo horretatik, doako aparkaleku disuasorioek «harrera ona» izan dute. «Eguzki Zahar beteta egon da ia egunero, eta Astik eguraldi oneko egunetan erantzun bera izan du. Abendañon ere nabarmena izan da erabilera». Bisitari horiek herri kanpoko aparkalekuetatik herrigunera zein hondartzara iristeko autobusa erabili dute. Ildo horretatik, herri barruko autobusak bidaiari aldetik orain arteko «marka hautsi» duela nabarmendu dute: 33.170 erabiltzaile izan ditu, 2012an baino 3.793 lagun gehiago. «Zerbitzu honetan egindako hobekuntzek eragin nabarmena izan dute datuen igoeran».  Udako bi hilabete horietan TAO zerbitzuko 139.550 txartel atera dituzte. Ildo horretatik, iaz epe berdinean baino 5.541 operazio gehiago egin dituzte makinetan, aurreko urtean baino %3,97 gehiago. «Ez da iazko datuak era esanguratsuan gainditzea lortu», diote udaletik. Autobideaz gain, beste bidetatik ere iritsi dira bisitariak herrira: garraio publikoa erabiliz. Guztira, 94.306 bidaiari iritsi dira herrira askotariko garraiobidetan. Iaz baino 10.966 lagun gehiago. «Garraioaren kulturan aldaketa garrantzitsua proposatu genuen, eta ohiturak aldatzeak denbora behar duen arren, erantzuna positiboa izan da orokorrean», diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide