Gari Berasaluze Kultura zinegotzia eta Kontxi Aizarna Imanol Urbietaren emaztea (biak erdian), udal musika eskolako irakasleez inguratuta (Argazkia: Antxon Etxeberria)
Urriko lehenbiziko astean jarriko dute abian Zarautzek «merezi» duen musika eskola. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten, hura kudeatuko duen Imanol Urbieta elkartearekin batera. «Zarautzek ez du udal musika eskolarik izan, eta, ondorioz, urteetan eta urteetan sakabanatuta egon da musika irakaskuntza Zarautzen, izan Musika Bandaren inguruan aritu den eskolan, izan Kame Musika Eskolan, izan musikariek pertsonalki sortutako eskola partikularretan», nabarmendu zuen Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Orain, Imanol Urbieta Udal Musika Eskola «amets izatetik errealitate izatera pasatzekotan da». Hala, aurrerantzean herriko musika irakaskuntza araututa egongo da, eta egoitza izango du Maria Immaculada eskola zaharrean.
«Erditzea», ordea, ez da «samurra» izaten ari, denek lekua izango duten «sinfonia bat konposatzea ez baita hain erraza». «Batez ere, agertoki berri batean kokatzen gaituelako udal musika eskolaren sorrerak. Horregatik, gurasoak urduri daude erditze honetan, baina ahalegindu gara haurrari ahalik eta mimo gehienarekin heltzen».
Horretarako sortu dute «musika eskolaren gurdiari tirako» dion Imanol Urbieta elkartea. Elkarte horretan hainbat agentek izango dute ordezkaritza: musika irakasleek, gurasoek, Musika Bandakoek, irakaskuntza pribatuan diharduten musikariek, udalak, baita Urbietaren oinordekotza pedagogikoa eta sasoi batean Xirula Mirula zenaren izaera bermatzeaz arduratuko direnak ere. «Azken batean, irakaskutzaz harago, Zarautz musikaren kolorearekin eta musikaren inguruko ekitaldiekin beteko duen mugimendu berri eta herrikoi baten hazia ernetu nahi du guztien laguntzarekin».
Kontxi Aizarnak, Urbietaren emazteak, musikaria haren izena eramango duen proiektu berriarekin «oso pozik» dagoela jakinarazi zuen. «Zarautzen betidanik izan da musikarako zaletasun berezia, eta bazen ordua halako herri musika eskola bat egotekoa. Eskola honetan musika irakasteaz gain, zaleek elkarrekin hainbat proiektu partekatzeko lekua izango dute». Eskolak izena baduela esan zuen, baina baita izana ere: Imanol Urbietaren ibilbide pedagogigoa kontuan izango du. «Hainbat helburu zehatz izango du, 1974ean eskola sortu zuenean Imanolek jarri zituenak, hain zuzen: musikaz gozatzea, hori bizitzea eta haurrei irakaskuntza atsegina egitea, haien nortasuna errespetatuz. Musika ikastea gozamen propiorako izateaz gain, hori gerora herrira zabaldu ahal izateko».
Puntako irakasleak
Hori posible izan dadin, musika munduan eskarmentu handia dutenek eskainiko dituzte ikastaroak: Karmelo Mendizabalek emango dizkie musika tailerrak 4 eta 7 urte bitarteko haurrei, Miren Izarrak eta Marina Lertxundik musika hizkuntzako hainbat maila, Carlos Muñozek flauta irakatsiko du, Iosu Isastik klarinetea, Erlantz Fernandezek tronpeta, Iñigo Isastik tronboia, Garbiñe Berakoetxeak biolina, Joseba Egañak txistua, Juan Ramon Azpitartek tritikia, Iñaki Letamendiak perkusioa, Jexux Mari Lopetegik gitarra klasikoa, Amaiur Cajaravillek gitarra garaikidea eta Laura Bilbaok pianoa—eskaeraren arabera, Juan Carlos Irizarrek ere eman dezake ikastaro hori—. Bilbao eta Isasti izango dira irakasleen ordezkariak, eta Lertxundi, berriz, musika eskolako zuzendaria.
Dagoeneko zabaldu dute matrikula egiteko epea, eta irailaren 20ra bitartean egin ahalko da hori, eskolan bertan (sarrera Lapurdi kaletik) bigarren solairuan dagoen idazkaritzan, 10:30etik 12:30era, eta 17:00etatik 19:00etara. Bertan adieraziko zaie ordainketa zein kontu korrontetan egin behar den. 360 haurrek egin dute dagoeneko aurrematrikula.
Musika hizkuntzan matrikulatzea hamar euro kostako da, eta kuota ere hamar eurokoa izango da hilabetero, hamar hilabetean zehar. Instrumentu jakin bat ikasi nahi dutenek 30 euro ordaindu beharko dute matrikulatzeagatik eta kuota beste 30 euro hilabetero, hamar hilabetean zehar. Musika tailerreko matrikulak eta kuotak 20 euro kostako dira; azken hori hilabetero ordaindu beharko da, hamar hilabetean zehar. Instrumentu multzoetan matrikulatzea, berriz, zortzi euro kostako da, eta horren kuota zortzi euro ordaindu beharko da hilabetero, hamar hilabetean zehar.