Samara Velte: «Denboraren iraganarekin, gero eta arrotzagoa zait Karmele»

Aritz Mutiozabal 2013ko ots. 6a, 12:17

(Aritz Mutiozabal/Hitza) 2008ko azaroaren 25ean estreinatu zuten Eta Karmele? antzezlana, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek taularatu bazuten ere, Samara Veltek (Zarautz, 1991) idatzi zuen. Orain, antzezlana liburu bihurtu du, Edo! argitaletxearen babesean, eta argitalpena gaur arratsaldean aurkeztuko duet Garoa liburu-dendan, 19:30etik aurrera. Eta Karmele?-k taula gainetik paperera egin du jauzi. Askotan alderantzizko joera izaten da antzerkian. Segur aski, bai. Ez dakit idazlearentzat asebetegarriagoa den ala ez, baina joera hori izaten da. Lan hau enkartuz sortutako zerbait izan zen. Ainhoa Alberdik antzerki bat egin behar zuen, eta proposamena egin zidan. Berez, egun batean antzezteko egin genuen, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako. Istorioa oso formatu txikikoa denez, nahiko erraz mugitu da. Ia konturatu gabe. Orain, bost urte geroago, Edo! argitaletxe sortu berriak argitaratzeko aukera eman dizu. Edo! argitaletxea duela bi urte hasi zen hariak mugitzen. Argitaletxeko kide Oier Guillanek zertan zebiltzan kontatu zidan, orduan, eta genero askotako lanak argitaratu nahi zituztela; tartean, antzerkia. Hori horrela, Eta Karmele? argitaratu nahiko luketela esan zidan. Egia esan, ez nenbilen horren bila, taula gainerako egin bainuen. Antzerkiak asko du testutik, eta oso gutxi ekintzatik. Dena dela, antzezlanaren funtsa ez da testua bakarrik. Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek eman dioten itxurarekin asko irabazi du. Hori gabe, testua oso biluzik geratzen da. Antzeztuta irakurrita baino indar handiagoa duela uste al duzu? Antzerkiak ikaragarri janzten du testua. Ez dakit testua bakarrik irakurtzen dutenei zer-nolako inpresioa egingo dien. Segur aski, testuan arreta gehiago jartzeko  eta larrutzeko denbora izango dute. Horrek beldur pixka bat ere ematen dit. Bi emakume auto batean, Karmeleren zain. Nor da lan honi izena ematen dion emakumea? Samuel Beckett idazlearen Godoten esperoan liburutik sortu zen ideia. Ainhoak irakurri zuen, eta  antzeko zerbait egitekoa gogoa zeukan. Bi gizonen arteko elkarrizketa bat da, askotan oso absurdoa, eta Godoten zain daude. Falta den pertsonaian baino gehiago beste bien arteko harremanean oinarritzen da. Antzerkia egiteko aukera suertatu zitzaigunean, ildo horri heldu genion. Gure kasuan, pertsonaiak emakumezkoak dira, eta Karmele aitzakitzat hartuta, bien arteko harremana kontatzen da. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako prestatu zenuten. Egun horretarako zenez, harremanetan dagoen indarkeria islatzen saiatu ginen. Ez horrenbeste fisikoan; antzezlanean dantza baten bidez erakusten da. Oso esplizitoak ez izaten saiatu ginen, eta batik bat indarkeria harremanetan existitzen dela adierazten. Eta Karmele?-ko pertsonaiak lagunak dira, eta asko maite dute elkar, baina agerikoa da nola hitz egiten duten elkarren artean. Bi emakume hauek gorpuzterako orduan, hasieratik jarri al zenien Ainhoa eta Iraiaren aurpegia? Hala izan zen, bai. Haien estiloa zein den banekien, eta haiek kontuan hartuta idatzi nuen. Agertokian erabiltzen duten estetika, hala ere, aktoreek erabaki zuten. Arraroa egingo litzaizuke beste aktore batzuk antzeztuko balute? Segur aski, bai. Dena den, ez du zertan okerrago izan. Testu honek aukera hori ematen du, oso zehaztugabea delako. Elkarrizketek ez dute eskatzen ezer gehiago, ia gordinak dira. Aktoreek objektu batzuk erabiltzen dituzte, eta horiek liburuan txertatu ditugu orain; nolabait ere, antzeztuta nola izan daiteken jakiteko. Kutsu absurdoa dute elkarrizketek. Horregatik dira horren gordinak. Ez daude lotuta atrezzo fisiko batera,ezta testuinguru batera ere. Hasieran antzerkian oinarrituta idatzi genituen, eta ondoren osatzen joan ginen. Hiru hilabetez belaki bihurtu nintzen, inguruko solasaldi absurdoak baina, era berean, zerbait esaten zidatenak xur­gatzen. Azken finean, pot-pourri moduko bat izan zen, eta, askotan, batetik bestera jauzi egiten dute, jarraikortasunik gabe. Idatzi zenuenean, artean, batxilergoko bigarren mailan zenbiltzan. Hori da ardura potoloa, ezta? Bada, ez. Kontzientzia handirik gabe egin genuen; nik, behintzat, bai. Ainhoak ez du testurik idazten, eta ezagutzen ginenez, antzezlan txikiren bat egiteko askotan deitzen ninduen. Eta hau ere horrela sortu zen. Emanaldi bakarra izan behar zuen, eta, gero, gutxi batzuk gehiago. Horrexegatik, jolas modura idatzi nuen. Harrezkero, bost urte pasatu dira, eta 80 aldiz antzeztu dute jada. Espero al zenuen halako ibilbiderik? Bai zera! Denboraren iraganarekin, gainera, gero eta arrotzagoa egiten zait. Karmele atzetik segika dudan sentipena dut. Beharbada, nire burua gaur egun testu horretan islatuta ikusten ez dudalako egiten zait arrotza. Nolanahi ere, antzezlana oraindik oso gustura ikusten dut, eta pozik nago egiten ari den bidearekin. Testuarekin, ordea, baditut nire gorabeherak. Horrenbeste denbora eta gero, Karmelek betikoa izaten jarraitzen al du,  ala aldatu egin da? Nik esaten diot bera aldatu dela, baina berak dio ni naizela aldatu dena. Nik esaten diot agian badela gure harremanari distantzia pixka bat jartzeko garaia, baina atzetik jarraika daukat. Orain, etxeko apalean izango dut. Moldaketarik egin al duzu liburura eramaterakoan? Berezko testua da, baina antzerkian erabiltzen diren hainbat baliabide ez geneuzkan sartuta, eta horiek txertatu ditugu: beharraren arabera sortutakoak, publikoa aurrean funtzionatzen zuena kontuan hartuta... Horiek aipatu egiten dira, besterik gabe. Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek ida­tzi dizute liburuko hitzaurrea; Antzezlaneko pertsonaiei aurpegia jarri dieten aktoreek, alegia. Lan honen inguruan hirurok ibili gara beti, eta nik Eta Karmele? ez dut uletzen Ainhoa eta Iraia gabe. Eta, izatekotan, haiek ni baino gehiago dira Karmele. Azken laupabost urteetan harreman gehiago izan dute harekin. Nik 2008an idatzi nuen, eta, harrezkero, ikusle soil gisa jarraitu dut. Uste dut behar zutela beren lekua argitalpen honetan ere. Liburuaren azala irudikatzen dute, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide