Herman Melville idazlearen zetazeo zuria da Moby Dick. Hortik datorkio izen artistikoa Eneko Burzako (Getxo, 1982) abeslariari, baina bere izengoitiak ez du hitz bereizketarik. Mobydick da, eta ez du zurikeriatan aritzeko ohiturarik. Gaur gaueko Kafe Torero ekimeneko gonbidatua izango da, eta 21:30ean eskainiko du kantaldia, Euskalduna tabernan.
Abuztuan Amaralen kontzertua irekitzeko ardura izan zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Nahiko esperientzia polita izan zen. Hasierako data bertan behera geratu zen arren, jarri zuten egun berria nahiko borobila izan zen. Zarauzko errugby elkartea eskertzeko modukoa benetan, baita bi egunetan hurbildu zen jende guztia ere.
Ezagutzera emateko eraskuleihoa izan al zen?
Beno, oraindik
Lettermanen show-koen deiaren zain nago. Jendeak beti pentsatzen du horrelako kontzertuak tranpolin metaforikoak izaten direla, Hollywoodeko musika filmetan edo telesailetan gertatzen den moduan. Nik uste dut komunikabideek eta jendeak garrantzia handiegia ematen diotela kontzertu jakin bati, errealitatea apur bat distorsionatuz eta eztanda artistikoaren utopiaren sinesmena elikatuz. Baina tranpolinak edo lorbideak ez dira normalean horrelako egoeretan agertzen. Bizitzan gertatzen diren karanbola surrealisten ondorioak dira normalean.
Baina zerbaitetarako balio izango zizun, ezta?
Horrelako egunetan kontzertuaz eta jendeaz gozatzen saiatzen zara, eta kito. Agian, Zarauzko norbait oso gustora geratu zen Amaraleko emanaldiarekin, eta ostegunean Euskalduna tabernatik agertzen da. Edo promotora txiki bat zurekin harremanetan jartzen da kontzerturen bat antolatzeko, gaurko saioarekin gertatu den bezala. Horiek dira benetako lorpenak, eta ez megaproduktore baten deia jasotzea makrokontzertu baten ostean.
Kafe Toreron zu zeu izango zara protagonista. Oholtza erraldoi batetik areto txiki batera!
Bai, nik uste dut hori dela berez nire zirkuitua. Kontzertu erraldoi horiek gozoki moduan hartzen dituzu, baina azkenean beste kontzertu bat gehiago dira. Areto txikitan intimismo puntu interesgarria sortzen da, agertoki handitan askotan lortzen ez dena. Ez dakit... Testuinguru ezberdinak dira, baina niretzat, behintzat, garrantzi berekoak.
Udan eskainitako emanaldiaren eta orain eskainiko duzunaren artean alderik izango al da?
Ez dut uste. Esan bezala, kontzertu guztiek dute balio berbera niretzat. Guztiek izan behar dute bereziak, eta prestatze prozesua kasu guztietan zaindu behar da.
And then she became God's friend eta Covers lanetako abestietan oinarrituko zara oraingoan ere?
Lan hoiretan agertzen diren abestiak jorratuko ditut, noski. Abesti berri batzuk ere bai, disko berria jendearen burmuinetan sartzen hasteko, eta, era berean, bertsiotarako lekua gordeko dut.
Balea Pack osoa izango da, alegia.
Zure musikak iturri askotatik edaten du, eta bertako zein kanpoko musikariekin konparatu zaituzte. Euskal kantautoreen eta estatubatuarren arteko zubia zarela esan al daiteke?
Tira, hori jaso dudan etiketarik politenetarikoa da, baina ez dakit agian handiegi geratuko zaidan. Zubia baino gehiago ibaia naizela esango nuke. Ibai iluna, eta fabrika ketsu asko ikusten dira bere bazterretan, ura arretzen.
Abesti berriak aurkeztuko dituzula aipatu duzu. Orain arteko norabidea al dute musikalki? Eta horiek grabatzeko asmorik baduzu?
Egia esan, orain gutxi bukatu dugu grabazioa, eta orain nahasketa eta edizio prozesuan gaude murgilduta. Nire ustez, disko berriak aurreko lanak baino asmo ilunagoa dauka. Galdetzen didanari beti esaten diot ez dela
disko polit bat. Ez dakit jendeari gustatuko zaion ala ez, baina uste dut koherentzia mantentzen duela momentu honetako errealitate pertsonalarekin. Grabaketa aurreko lanetan baino era profesionalagoan egin dugu, Michel Martin ekoizlearen esperientziarekin eta laguntzarekin. Musikari handien kolaborazioak izan ditugu; hala nola, Nacho Mastretta eta Ainara Legardon. Abesti batzutan banda formazioa ere entzun daiteke. Espero dugu hori guztia azken emaitzan islatzea.
Egun Madrilen bizi zara, baina oraindik ere zure zirkuitua Euskal Herrian dago. Estatura zabaltzeko helburua al duzu aurrerantzean?
Aurten, Estatuko
Artistas en Ruta deritzan ekimen interesgarri baten hartuko dut parte. Honen bidez kontzertuak antolatzen dira eta ekimeneko musikarioi kontzertuak egiteko baliabide batzuk ematen dizkigute. Hori dela eta, aurten Zaragozan, Madrilen eta Galizian aritzeko aukera izango dut, eta espero dut horrek kontzertu gehiago erakartzea. Nire kasuan beti saiatu izan naiz kontzertuak lortzen, bai Euskal Herrian bai Kuala Lumpurren, baina emanaldi gehienak Euskal Herriko txokoetatik sortu dira. Normala ere bada. Ni Madrilera orain dala urte eta erdi joan nintzen, baina urte gehiago eman ditut Euskal Herrian jotzen. Normala da kontaktu gehienak etxetik gertu sortzea, eta etxetik deitzen jarraitzen duten bitartean nik pozik jarraituko dut, nola ez.