Nola eragiten die lan erreformak herritarrei?

Zarauzko Hitza 2012ko mar. 29a, 09:35

Sindikatuen esanetan, «demokrazia aldiko errefoma erasokorrena eta kaltegarriena» da. Zein dira erreformaren gakoak? Nori eragiten dio 33 eguneko kalte-ordaina duen lan-kontratuak? Guztiei. Kontratu berria sinatzen dutenek, modu bidegabean kaleratzen badituzte, gehienez 33 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko. Bi urteko muga izango du horrek (24 hilabetekoa). Kontratu zaharra izanik, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina kobratzeko eskubidea duten langileen lan baldintzak errespetatuko dituzte, baina otsailaren 12ra arte; hots, erreforma indarrean jarri zen egunera arte. Ordutik aurrera, metatutako kalte-ordaina 33 egunekoa izango da, gainontzekoentzat bezala. Adibidez, langile batek 15 urte egin baditu enpresan, eta urtebete barru kaleratuko balute, bi zatitan kobratuko luke kalte-ordaina: 15 urteko lanaldiari lotuta, urteko 45 eguneko kalte-ordaina, eta beste urtebetez, 33 eguneko kalte-ordaina. Aldi baterako kontratuak jarraian lotu al daitezke? 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo da 24 hilabete baino gehiago irauten dute aldi baterako kontratuak jarraian lotzea. Zer kontratu-baldintza izango dituzte 30 urtetik beherakoek? Edozein tamainatako enpresek 30 urtetik beherako gazteak kontratatzen badituzte, 1.000 euroko hobaria jasoko dute kontratuaren lehen urtean, 1.100ekoa bigarren urtean, eta 1.200ekoa hirugarrenean. Eta kontratua enpresa txiki batean edo ertain batean egiten bada? 50 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat eta autonomoentzat kontratu modalitate berria sortu dute. Urtebeteko probaldia zehazten [...]

Sindikatuen esanetan, «demokrazia aldiko errefoma erasokorrena eta kaltegarriena» da. Zein dira erreformaren gakoak?
Nori eragiten dio 33 eguneko kalte-ordaina duen lan-kontratuak?
Guztiei. Kontratu berria sinatzen dutenek, modu bidegabean kaleratzen badituzte, gehienez 33 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko. Bi urteko muga izango du horrek (24 hilabetekoa). Kontratu zaharra izanik, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina kobratzeko eskubidea duten langileen lan baldintzak errespetatuko dituzte, baina otsailaren 12ra arte; hots, erreforma indarrean jarri zen egunera arte. Ordutik aurrera, metatutako kalte-ordaina 33 egunekoa izango da, gainontzekoentzat bezala. Adibidez, langile batek 15 urte egin baditu enpresan, eta urtebete barru kaleratuko balute, bi zatitan kobratuko luke kalte-ordaina: 15 urteko lanaldiari lotuta, urteko 45 eguneko kalte-ordaina, eta beste urtebetez, 33 eguneko kalte-ordaina.
Aldi baterako kontratuak jarraian lotu al daitezke?
2013ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo da 24 hilabete baino gehiago irauten dute aldi baterako kontratuak jarraian lotzea.
Zer kontratu-baldintza izango dituzte 30 urtetik beherakoek?
Edozein tamainatako enpresek 30 urtetik beherako gazteak kontratatzen badituzte, 1.000 euroko hobaria jasoko dute kontratuaren lehen urtean, 1.100ekoa bigarren urtean, eta 1.200ekoa hirugarrenean.
Eta kontratua enpresa txiki batean edo ertain batean egiten bada?
50 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat eta autonomoentzat kontratu modalitate berria sortu dute. Urtebeteko probaldia zehazten du: langilea epealdi horretan kaleratuz gero, ez du kalte-ordainik jasoko. Enpresariak 3.000 euroko zerga-kenkaria izango du lehen langilea kontratatzen duenean, baldin eta langileak 30 urte baino gutxiago baditu.
Eta kontratatutako langileak 45 urte baino gehiago baditu?
Iraupen luzeko langabea bada, Gizarte Segurantzaren kuotetan hobariak izango dira. Enpresak urtean 1.300 euro aurez ditzake, kontratua egin eta lehen hiru urteetan.
Emakumeak kontratatuz gero, hobariak al daude?
Ohituraz gizonezkoek bete dituzten sektoreetan kontratatzen dituztenean baino ez. 30 urte baino gutxiago baldin badituzte, beste 100 euro erantsiko zaizkie gazteen kasuan zehazten diren kenkariei. 45 urte baino gehiago baldin badituzte, eta iraupen luzeko langabeak baldin badira, hobaria areagotu egiten da; 1.300 eurotik 1.500 eurora.
Zein da hitzarmen kolektiboan lehenesten den ituna?
Enpresa hitzarmenak lehenesten dira, sektoreko edo/eta herrialdeko hitzarmenen aurretik.
Zer gertatuko da hitzarmenaren negoziazioa luzatu egiten bada?
Negoziazioa bi urtez luzatzen bada, indargabetu eta oinarrizko araua ezarriko da. Hau da, Langilearen Estatutua eta lanbide arteko gutxieneko soldata.
Enpresak murriz al ditzake soldatak, bere erabaki hutsez, langileekin negoziatu gabe?
Bai. Lan erreformak, lehen aldiz, beste lan baldintzen artean «soldataren zenbatekoa» ere aldatzeko aukera aitortzen dio enpresari, «arrazoi teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenari lotutakoak» baldin badaude. Legak zehazten du arrazoi horiek «lehiakortasunari, produktibotasunari edo enpresaren edo lanaren antolaketa teknikoari» lotuta egon behar dutela. Kategoria bakoitzean hitzarmenak zehaztutako gutxienekoaren gainetik dauden soldatetan ezar liteke.
Enpresak behar al lezake langilea lanpostuz edo lantokiz (geografikoki) aldatzera?
Bai. Lanaldia, txandak eta ordutegia alda ditzake enpresak, eta horrekin batera lagileak lekuz aldatzeko eta soldata jaisteko aukera ere badu. 15 egun lehenago jakinarazi beharko dio langileari, eta ados ez badago, kontratua amaitutzat jotzeko aukera izango du, baina kalte-ordain gutxiago jasota: lan egindako urte bakoitzeko 20 egunekoa, gehienez 12 hilabetean. Gero auzitegira jo dezake, eta epaia aldekoa izanez gero, lapostura itzuliko da.
Lege berriarekin errazagoa al da kaleratzea?
Kaleratzeko arrazoien zerrenda luzatu egin da, eta merkeagoa da. Araudi berriaren arabera, enpresak kaleratze kolektiboak egin ahal izango ditu, ez orain arte bezala, galerak edukiz
gero soilik; aurrerantzean, horretaz gain, galerak aurreikustea edo hiru hilabetez jarraian fakturazioa edo salmentak murriztea ere kaleratze kolektiborako arrazoiak izango dira. Hau da, ez da beharrezkoa enpresak galerak izatea; bederatzi hilabetez fakturazioa edo diru-sarrerak murriztea arrazoi nahikoa izango da. Kasu horretan, ez du lan-agintaritzaren onespenik beharko kaleratze kolektiboak egiteko. Gainera, kalte-ordainik merkeena ezarri ahal izango du; hau da, lan egindako urte bakoitzeko 20 egun, 12 hilabetez gehienez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide