Bihar, maiatzak 15, San Isidro eguna da, eta urteroko gisan, egutegi katolikoan nekazarien zaindari izendatua duten santuaren egunean festa eta ospakizunak izango dituzte hainbat tokitan. Urola Kostan, lau tokitan egingo dituzte festak San Isidroren omenez: Aratzerrekan (Azpeitia), Arroabean (Zestoa), Madariagan (Azkoitia) eta Meagan (Getaria).
Bihar, San Isidro egunez, lauretan izango dituzte ekitaldiak; eta Madariagan izan ezik, datozen egunetan ere ez dituzte jai giroko hitzorduak faltako.
Aratzerrekan, Madariagan zein Meagan elizkizunak egingo dituzte bihar goizean San Isidro ospatzeko –prozesio eta guzti, azken bietan–, eta horien aurretik zein ondoren izango dituzte hamaiketakoak, musika, dantza edota herri kirol erakustaldiak. Aratzerrekan aitzurra eta Meagan ikurrina igota hasiko dituzte jaiak, eta horiek jaitsitakoan bukatuko dituzte. Arroabean, aldiz, arratsaldean izango dituzte biharko ekitaldiak: elikagaiak penduluarekin testatu ondoren, horiek dastatuko dituzte pintxo-potean.
Asteburuan gehiago
Madariagan, esan bezala, biharko egunera mugatuko dituzte ospakizunak, baina Meagan, Arroabean eta Aratzerrekan asteburua baliatuko dute festetako egitaraua osatzeko.
Meagakoak izango dira aurten San Isidro festa luzeenak; izan ere, ostegunetik igandera arte, lau egunetan izango dituzte festa ekitaldiak, hango auzo elkartean eta haren bueltan. Arroabean, berriz, ostegunetik zapatura ospatuko dituzte sanisidroak eta ostiralekoa izango dute egun nagusia, etzi egingo baitute, besteak beste, herritarren afaria Ederki elkartean. Ostiralean Meagan eta larunbatean Arroabean, mus txapelketak izango dituzte egitarauko hitzordu bakar.
Aratzerrekan, berriz, igande arratsaldean berreskuratuko dute aurten sanisidroetarako prestatu duten jai egitaraua.
Azkoititik autobusak
San Isidro egunean Azkoitiko herrigunetik Madariagara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua eskainiko du aurten ere Azkoitiko Udalak.
Bihar Madariagan 11:00etan egingo duten elizkizunera joan nahi dutenek autobusez egin ahal izango dute bidaia. 10:00etan nahiz 10:30ean aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko geltokitik –Eroski ondoan–. Bueltako autobusak, berriz, 13:00etan eta 13:30ean abiatuko dira Madariagatik.
Egitarauak
Aratzerreka
Bihar, osteguna. San Isidro eguna
- 11:00. Txupinazoa eta aitzurraren igoera.
- 11:30. Meza, San Isidroren omenez.
- 12:00. Hamaiketakoa.
- 12:30. Herri kirolak. Harri jasotzen: Olaia Esnaola eta Haritz Aranguren Norde. Aizkoran: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a.
Maiatzak 18, igandea
- 16:30. Iagomagoren saioa.
- 17:30. Umeentzako jolasak eta poniak.
- 18:30. Merienda.
- 20:00. Aitzurraren jaitsiera.
Arroabea
Bihar, osteguna. San Isidro eguna
- 18:00. Elikagaien testatzea penduluarekin, Txaran. Norberak ekoitzitako edota erositako produktuak etxetik eraman daitezke.
- 19:00. Testatutako produktuekin pintxo-potea, Iagomeister Dubek musikarekin girotuta.
Etzi, ostirala
- 17:30. Potx magoaren ikuskizuna, frontoian.
- Ondoren, haurrentzako bingoa eta buruhandiak.
- 21:00. Afaria, Ederki elkartean.
Maiatzak 17, larunbata
- 16:00. Mus txapelketa, Ederki elkartean. Izen ematea 15:30ean irekiko dute.
Madariaga
Bihar, osteguna. San Isidro eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Meza aurretik, prozesioa egingo dute San Isidroren irudiarekin.
- Meza ondoren, hamaiketakoa.
Meaga
Bihar, osteguna. San Isidro eguna
- 10:00. Txupinazoa eta ikurrin igoera, Gazte Alaiak txistulari taldearekin.
- 11:00. Elizkizuna eta prozesioa.
- Ondoren, txakolin dastaketa eta txerriki errea, auzo elkartearen inguruan.
- 14:30. Auzoko edadetuen bazkaria, Azkue hotelean.
Etzi, ostirala
- 22:00. Mus txapelketa azkarra, auzo elkartean. Izena han bertan eman beharko da 21:30-22:00 artean.
Maiatzak 17, larunbata
- 17:00. Haur jolasak, eta, ondoren, txokolatada.
- 21:30. Trikiti afaria auzo elkartean, Enaitz eta Erkizirekin.
- Ondoren, festak jarraipena izango du auzo elkartean, musikaren laguntzarekin.
Maiatzak 18, igandea
- 12:00. Sagardo dastaketa eta txerriki errea auzo elkartearen inguruan. Gure Txeru dantza taldekoen emanaldiak girotuko du tarte hori.
- Jarraian, Izer eta Alabier trikitilaren saioa.
- 12:30. Patata tortilla lehiaketa, auzo elkartean.
- Ondoren, bazkaria auzo elkartean, lehiaketara aurkeztutako tortillekin.
- 18:00. Izer eta Alabierrekin erromeria, auzo elkartean.
- Ondoren, ikurrinaren jaitsierarekin, festen amaiera.