Euskal Herria argindarrik gabe gelditu da gaur eguerdian, Europa hegoaldeari eta mendebaldeari eta bereziki Iberiar Penintsulari eragin diion itzalaldi handiak harrapatuta. Urola Kostako herrietan ere nabarmena izan da itzalaldia, baina ondorioak ez dira neurri berekoak izan herri guztietan. 12:30 eta 12:45 artean joan da argia denean, baina toki batzuetan ordubetera itzuli da, beste batzuetan arratsaldean zehar, eta izan dira zerbitzua guztiz normaltzera iritsi gabeko tokiak ere. Telefono bidezko komunikazioetan eta Internet zerbitzuetan ere sortu ditu eragozpenak itzalaldiak.
Igogailuetan harrapatuta
Herritarren artean ezinegona eta ziurgabetasuna eragin ditu itzalaldiak, baita hainbat eragozpen ere, baina gertaera larririk ez. Dena den, gorabeherak ez dira neurri berekoak izan batean eta bestean. Zarautzen, esaterako, toki batzuetan itzalaldia ia antzeman ere ez dute egin, eta oro har, aipatzeko intzidentziarik ez dute antzeman. Azpeitian bai, orokorra izan da itzalaldia, baina gutxi gorabahera ordubetera itzuli da argindarra herri osora. Orion 14:15ean berreskuratu dute argindar zerbitzua; eta Azkoitian, berriz, 17:30ak arte ez dute argindarra berreskuratu herri osoan, Udaltzaingoak baieztatu duenez. Horrez gain, ordea, telefono eta Internet zerbitzuetan ere antzeman dira arazoak eskualdeko hainbat tokitan; besteak beste, Orion eta Azkoitian argindarra berreskuratu ondoren ere telefono sarea ez dabil behar bezala.
Igogailuetan harrapatuta gelditutako herritarrek bizi izan dituzte, hala ere, une larrienak. Azpeitian, esaterako, gutxienez sei esku hartze egin behar izan dituzte suhiltzaileek eta udaltzainek igogailuetan ez gora eta ez behera gelditu ziren herritarrak ateratzeko, Udaltzaingoak bazkalondoan baieztatu duenez; eta antzeko esku hartzeak egin behar izan dituzte Azkoitian –bat, gutxienez– eta Zarautzen ere.
Zerbitzu publikoetan oro har arina izan da itzalaldiaren eragina, baina normaltasunetik kanpo lan egitea tokatu zaie, esaterako, anbulatorioetan, eguerdi parterako programatutako txandak datozen egunetara atzeratuz, besteak beste. Errepideetan, sefamoroak itzaldu diren arren, ez da ezbeharrik gertatu. Saltokiek, tailerrek eta bestelako lantokiek eta zerbitzuek behartutako geldialdiak egin behar izan dituzte baina normaltasuna berreskuratzen joan dira argindarra itzultzen joan ahala.
Ziurgabetasuna
Itzalaldiaren neurriaren gaineko informazioa hedatzen joan den heinean, ziurgabetasuna eta ezinegona areagotzen joan dira. Horren adierazgarri, Azpeitiko Udaltzaingoan jaso duten dei kopurua: 12:30etik aurrera –orduan joan da argindarra herrian– 190 dei inguru jaso dituzte, gehienak informazioa jasotzeko egindakoak. 19:30ak direnean, oraindik ez daudde argi tamaina horretako itzalaldiaren arrazoiak. Espainiako Gobernuak Nazioaren Segurtasunerako Kontseilua deitu du argindar etetearen arrazoiak eta ondorioak aztertzeko. 18:15 aldera hedabideen aurrean agerraldia egin du Pedro Sanchez gobernuburuak; argindarraren etena zerk eragin zuen ez dagoela argi adierazi du, eta espekulazioak alde batera uzteko eskatu.
Euskal Herriko hornidura elektrikoa eteteak eragin duen itzalaldiaren ostean, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak krisi mahaia eratu, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea martxan jarri du arratsaldean. Red Electrica Españolak (REE), bere aldetik, bazkaondoan jakinarazi du beste sei eta hamar ordu bitarteko epea beharko dutela normaltasuna berreskuratzeko. Europako Batasuneko Zibersegurtasunaren Agentziaren lehenbiziko ikerketek, azkenik, "arazo tekniko" batekin lotu dute gertatutakoa, baina gertatutakoa ikertzen jarraitzen dute oraindik.