Darahli elkartearen eskutik ari dira Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuak ezagutzen Azkoitiko, Zestoako eta Zumaiako alkateak egunotan. Zumaia 1995etik ari da saharar herriari laguntzen, eta horri buruzko xehetasunak eman ditu Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.
Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak ere Darahli elkartearekin duten lankidetza azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio kanpalekuak ezagutzeko aukera eman dielako udaleko ordezkariei.
Mikel Arregi Zestoako alkateak, azkenik, herri zapalduen arteko elkartasuna azpimarratu du Aberri Egunaren atarian, eta gogorarazi du saharar herria "injustizia sozial eta politiko bortitza" pairatzen ari dela ia 50 urtez "nazioarteko komunitatearen pasibitate osoarekin".
Senidetzea berritu
Bestalde, Zestoak eta Tichlak 1995ean sinatu zuten senidetze hitzarmena berritu dute Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. Igandean egin zuten sinadura ekitaldia Arregik eta Tichlako alkate Galuha Bacherrek, hango herritarrekin zein Fronte Polisarioko koordinatzaile militarra den Abdula Hasserekin batera. "Herri txikien arteko elkartasuna" aldarrikatu zuen Arregik ekitaldi horretan, eta bide horretan, babesa adierazi zien saharar zein Tichlako herritar guztiei. Era berean, Arregik zein Fronte Polisarioko koordinatzaileak eskerrak eman zizkieten azken urteetan Saharako herriaren "oinarrizko bizi baldintzak" hobetzeko helburuz lanean aritu diren boluntario zestoarrei zein Wadna elkarteari.
Horrez gain, Zestoako Udalak bideratzen duen laguntza eta Tichlan dituzten premiak aztertu zituzten bilkura horretan, eta ur horniduran zein hango administrazioan lagungarri izan dadin, euskarri informatikoen kudeaketan laguntzeko prestutasuna azaldu zuen Arregik, udalak azaldu duenez. Hain zuzen, erakunde horrek hiru ordenagailu eraman berri ditu hara, epe motzean Tichlako errolda digitalizatzeko asmoz.