Joxemari Iturria hil da, Azkoitian eta Azpeitian herrigintzan egindako lanagatik ezaguna

Ihintza Elustondo 2025ko mar. 28a, 09:43

Joxemari Iturria, 2021ean. (Nerea Uranga)

Joxemari Iturria (Errezil, 1945) hil da, 25 urtez Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan kontserje izandakoa eta Urolako Trenaren alde borrokan aritutakoa. Ezaguna zen jende askorentzat Azkoiti-Azpeitian, bi arlo horietan ez ezik, herrigintzan egin zuen lan eskergagatik. 

Joxemari Iturria (Errezil, 1945) hil da, 25 urtez Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan kontserje izandakoa eta Urolako Trenaren alde borrokan aritutakoa. Ezaguna zen jende askorentzat Azkoiti-Azpeitian, bi arlo horietan ez ezik, herrigintzan egin zuen lan eskergagatik.

Langabezian zegoela suertatu zitzaion Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan kontserje edota atezain hasteko aukera, eta ikastolan zegoen etxebizitzan jarri zen bizitzen familiarekin. "Derrigorra bezala zen, edota baldintzetako bat bai behintzat, ikastolako kontserjea ikastetxean bertan bizitzea", esan zuen 2021ean Azkoitia Guka aldizkariak –orduan Maxixatzen– hari egindako elkarrizketan.

Ikastolako kontserje edota atezain lanerako kontratatu zuten, baina gutxien-gutxien atezain jardun zuen. "Gehiago aritu nintzen ikastetxearen mantenuan. Niri hasieratik hala esan zidaten: 'Hemen atean egoteko eta fotokopiak ateratzeko nahiko jende dago, eta guk mantenuaz arduratuko dena behar dugu, matxurak-eta konponduko dituena. Beraz, ni sarreran-eta gutxi egoten nintzen, tokatzen zenean bakarrik. Eguna erreminta kaxarekin batera eta bestera gauzak konpontzen pasatzen nuen, eta ikastolako haurrek ere horretan ikusten ninduten beti". Behin, guraso bat joan zitzaion Iturriari esanez etxean arropa garbigailua matxuratu eta umeak esaten ziela Joxemariri deitzeko, hark konpontzen zituelako gauza guztiak.

2006an hartu zuen erretiroa, eta beste bi urte behar izan zituen bizimodu berrira egokitzeko: "Pentsatu nuen: 'Orain, deskantsu pixka bat eta mendira'. Gero, baina, segituan hasi nintzen batean eta bestean: Azpeitiko jubilatuen batzordean, jubilatuen astelehenetako elkarretaratzeetako taldean eta arlo sozialeko taldean, Elkar-ekinen, Zero Zaborren... Ni beti izan naiz pixka bat militantea, eta orain ere hala segitzen dut. Hemen inork ez du ezer ematen; gu ez bagara mugitzen, jai dago".

Urolako Trenaren aldeko borrokan

1988an itxi zuten Urolako Trena, baina erakundeetako agintariek hartutako erabakiak denetariko erreakzioak piztu zituen inguruotan. Baziren erabakia onartu zutenak ere, baina ehunka herritar agertu ziren trenaren alde. Borroka hartan zarata asko atera zuen eragilea izan zen Urolako Trenaren Aldeko Komitea. Talde hartako kideak arduratu ziren trenaren aldeko mezua lau haizetara zabaltzeaz, eta komiteko kide zen, besteak beste, Iturria.

Hemen irakur daiteke borroka horren harira Azpeitia Guka aldizkariak –lehen Uztarria– 2018an egindako erreportajea; Iturriak ere hitz egin zuen erreportaje hura osatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide