Maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia, Elkar mugituz egingo dugu lelo hartuta, eta pixkanaka, eskualdeko herriak hasi dira izena ematen eta lantaldeak martxan jartzen. Orion, esaterako, aste honen hasieran egin dute aurreneko herri batzarra, eta bigarren bilerarako data ere jarri dute; otsailaren 3an izango da, astelehenarekin, 18:30ean, Kultur Etxean.
Getarian eta Azpeitian ere zehaztuta dituzte aurreneko bilera irekiak. Getarian urtarrilaren 27an izango da batzarra, 18:00etan, Alondegian. Azpeitian, berriz, otsailaren 19an egingo dute aurreneko herri batzarra, han ere 18:00etan hasita, Basazabal jauregian. Patxi Saez Azpeitiko Udaleko euskara teknikariak jakinarazi duenez, bitartean, "sukaldeko lana" ari dira egiten, eta koordinatzailea ere martxan dela azaldu du. Aitziber Besga izango da arduraduna. Aurten lehenengo aldiz, Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean aukeratu dute koordinatzailea.
Beste herri batzuetan, berriz, egunotan zehaztuko dute herri batzarrak deituko dituzten ala zer bide hartuko duten Euskaraldia herri mailan lantzeko. Atzo arratsaldean zituzten bilerak, esaterako, Azkoitian eta Zestoan.
Zarautzen eta Zumaian, azkenik, oraindik ez dute jakinarazi lehen bilera horiek noiz egingo dituzten.
Aurtengo berrikuntza
Joxe Mari Unanue da Aiako eta Orioko koordinatzailea, eta hark azaldu du aurtengo Euskaraldiaren helburu nagusia dela bi urteko hutsunearen ondoren "Euskaraldian lortzen diren hizkuntza ohiturak berreskuratzea, eta elkarguneak sortuta, jendea euskararekin eta euskalgintzarekin lotzea".
Aurtengo berrikuntza nagusia zein den ere kontatu du Unanuek, lehenengo aldiz Euskaraldia Hika egitasmoa egingo delako Euskaraldiaren barruan. "Aurrena herri bakoitzak erabakiko du bertan parte hartu ala ez. Baietz erabakitzen duten herrietako herritarrek, izena ematean, aukera edukiko dute hor ere parte hartzeko". Baietz erabakitzen duenak, ahobizi edo belarriprest txapan, H hizkia duen pegatina itsatsiko du. Hala, herritarrek jakingo dute pertsona horiekin hika egin dezaketela.
Orion eta Azpeitian, adibidez, eman dute izena Euskaraldia Hikan ere. Azpeitian, gainera, badute esperientzia, aurreko Euskaraldian herri batzuek beren kabuz erabaki baitzuten Hikaldia egitea, tartean Azpeitiak. Orduko egitasmoa "lehen pausoa" izan zela uste du Saezek, eta herrian harrera "oso ona" izan zuela. "Gurea bezalako herri euskaldunetan bestelako erronkak behar direla uste dut, eta hitanoarena bada, batez ere nokaz jardutea". Hasitako bide horrek nora eramango dituen ez dakien arren, horri jarraitu behar zaiola uste du. "Aurtengoan Taupak berak txertatu du Hikaldia Euskaraldiaren barruan, ariketa osagarria izan daitekeela ikusi duelako, eta herrian badugu hitanoarekin lotutako ekintzaren bat egiteko asmoa", aurreratu du. Hori bai, Saezek uste du ez dela bistatik galdu behar Euskaraldiaren helburu garrantzitsuena: "Helburu nagusia da ahalik eta belarriprest gehien gerturatzea Euskaraldira, eta hori ez dugu ahaztu behar", nabarmendu du.