Turistifikazioak eskualdean sortutako kalteak salatu ditu Etxebizitza Sindikatuak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 24a, 15:30

Urola Kostako Etxebizitzak Zarauzko malekoian jarritako pankartetako bat. (Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Azken urteetan turismora bideratutako lokal kopuruaren eta alokairuen prezioak izandako gorakadaz ohartarazi du antolakundeak, eta, hainbat ekintza burutu ditu herritarrak kontzientziatzeko.

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak hainbat ekintza egin ditu azken asteetan eskualdeak bizi duen turistifikazio prozesua salatzeko eta horrek herritarrengan eragiten dituen kalteei buruz ohartarazteko. Sindikatuaren esanetan, "langileriarentzat geroz eta garestiagoa da etxebizitza baterako sarbidea Urola Kostan, eta, ondorioz, gizarte talde zaurgarrienak bertatik kanporatzen ari dira". Horrekin batera "erantzuleak" ere seinalatu ditu: " industria turistikoaren bidez milioika euroko irabaziak dituzten higiezin-enpresak, errentistak, putre-funtsak eta ostalariak".

Hainbat datu ere eman ditu antolakundeak arazoaren diagnostikoa egiteko: "Jada 305 pisu eta apartamentu turistiko daude eskualdean, legez kanpokoak kontuan hartu gabe. Gainera, 2018tik hona erabilera turistikoko lokalak %181,8 areagotu dira Zarautzen eta %158,3 Zumaian". Bada, hori salatzeko, sindikatuak azaldu du pankartak eta kartelak jarri dituztela pisu eta apartamentu turistikoen atarietan, baita pintaketak egin ere ondorengo mezuarekin: Langile klasearen pobretzeari aurre egin. Turistifikazioaren aurka borrokatu. Horrez gain, esku-orriak banatu dituzte herritarrei industria turistikoak dakartzan eraginak zein diren ezagutu ditzaten.

Bide beretik, salatu dute azken hamarkadan %39 garestitu dela alokairuen prezioa Zarautzen, eta %25,4 Zumaian. Zarautzi lotuta gogoratu dute, gainera, "Espainia osoan metro koadro garestienetakoa duen herria" dela.

Bi hotel

Turismoari duen etxebizitza problematikari loturiko informazio zabalgoa ere eman du sindikatuak. Jakinarazi duenez, bi hotel handi zabalduko dituzte eskualdean: Zestoan eta Zarautzen, hain zuzen ere. Kokaleku zehatzak eman ditu, gainera: "Zumaiatik gertu, autobideko ordainlekuaren ondoan, Accor kate erraldoiaren Ibis Styles markak hotel berria irekiko du 2025ean, eta, hala, lehen aldiz sartuko ditu atzaparrak Euskal Herrian mundu osoan 650 hoteletik gora dituen multinazionalak. Zarautzen, berriz, Iñurritzan eraikitzen ari diren urbanizazioak, sei solairuko hotela eta 80 apartamentu turistiko hartuko ditu".

Iñurritzan egiten ari diren lanen harira, hain justu, antolakundeak kritikatu du udalak "opakotasunez" jokatu duela informazioa emateko orduan: "Jakina da proiektu horren existentzia. Xehetasunak, ordea, ez dira publikoak, nahiz eta herritarrengan eragin zuzena duen kontua izan".

Sindikatuaren arabera eraikitze prozesuan diren bi hotelei lotuta, era berean, antolakundeak jakinarazi du hainbat kide bietara sartu direla aurrera eraman dituzten ekintzen barruan. Zehazki, pankarta bana zintzilikatu dute eraikin bakoitzean Hotel bat gehiago, ehunka herritar gutxiago. Turistifikazioaren aurka borrokatu leloarekin; izan ere, haien hitzetan "makroproiektuek turistifikazio prozesua larritzen dute, eta beharrezkoa da horiek seinalatzea, salatzea eta herritarrek eragiten duten kaltearen berri izatea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide