Piztear da festa han-hemenka

Intza Trula 2024ko eka. 21a, 09:56

Herritarrak dantzan San Joan suaren bueltan, iaz, Urrestillan. (Aitziber Arzallus)

Sanjoanak ospatuko dituzte egunotan eskualdean. Urrestillan, Balentziaga eta Zelai Ondo auzoetan eta Anibarko Portuan dituzte egitarau oparoenak.

Uda garaiari ongietorria emateko prest daude eskualdeko herrietan, eta, urtero legez, festa giroan egingo dute. Gaurtik hasi eta asteazkenera bitartean, esaterako, San Joan jaiak ospatuko dituzte Urrestillan, eta larunbatetik astelehenera egingo dute Getariako Balentziaga auzoan. Zarauzko Zelai Ondo auzoan ere izango da zer egina gaurtik hasi eta igandera bitartean, egun horietan ospatuko baituzte sanjoanak han. Horrez gainera, tradizioarekin jarraituz, etzi, San Joan bezperan, sua piztuko dute eskualdeko herrietan, eta musikaz eta dantzaz girotuta igaroko dute urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena izango dena. Halaber, Orioko Anibarko Portuan jaiak ospatuko dituzte gaur eta bihar.

AIA

Aian, etzi, igandea, San Joan bezpera ospatuko dute herriko plazan. Horretarako, afaria eta San Joan sua antolatu dituzte, musikak eta dantzak girotuta. Ondoren, txokolatea banatuko diete suaren bueltan elkartzen diren guztiei. Udalak herritarrak gonbidatu ditu elastiko beltza eta baserritar zapia jantzita ateratzera kalera.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 21:30. Plazan elkartuko dira herritarrak.
  • 22:00. San Joan sua piztuko dute, dantzak eta musikak girotuta.
  • Ondoren, txokolatea banatuko dute.

AIZARNAZABAL

Aizarnazabalen, etzi, igandea, umeentzako jarduerarekin hasiko dute San Joan bezpera. Izan ere, beste urte batez, Aizarnazabalgo gaztetxeak umeentzako tailerra egingo du gaztetxean bertan. Iluntzean piztuko dute San Joan sua plazan, eta urtero legez, Alaitsu musika eta dantza eskolakoek emanaldia eskainiko dute haren inguruan.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 17:00. Gaztetxeak antolatuta, eskolako umeentzako tailerrak eta askaria.
  • 21:00. San Joan sua piztuko dute herriko plazan.
  • 22:00. Alaitsu musika eta dantza taldekoen emanaldia, suaren inguruan.

AZKOITIA

Azkoitian berezia izango da aurtengo San Joan bezperako sua, igandean. Izan ere, hiri gutunaren 700. urteurrena tarteko, ekitaldi berezia antolatu du Azkoitiko Udalak.

Igande arratsaldean hasiko da San Joan bezperako festa, Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkorrek eskainiko duten Doniene saioarekin, Balda plazan. Ondoren, Sahatsako dantzariak Kale Nagusitik plazara joango dira, eta behin plazara iritsita, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera emango dio dantzarien buruzagiari. Ondoren, taldeak dantzatuz egingo du Plazaberritik barrena Balda plazara arteko ibilbidea. Dantzariek, segizioarekin, Gipuzkoako ezpata dantza eta bandera dantza egingo dituzte, besteak beste. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak osatuko dute segizioa.

22:00etan hasiko da San Joan suaren bueltako festa. Aurten, Anaitasuna mendi bazkunak eta ISBko kideek jasoko dute omenaldia, sua pizten dutenean.

Sua piztu ostean, berriro aterako dira plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala, askotariko piezak eskainiko dituzte. Ondoren, herritarrek plaza dantzak egiteko aukera izango dute, Aitor Sorazuk gidatuta.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 19:15. Bizkargi musika eta dantza eskolaren eta Txalkor txistularien Doniene saioa, Balda plazan.
  • 21:25. Sahatsa dantza taldeko kideak Kale Nagusitik abiatuko dira plazara.
  • Jarraian, plazan Azkoitiko bandera hartuta, taldeak dantzatuz egingo du Plazaberritik barrena Balda plazara arteko ibilbidea. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak osatuko dute segizioa.
  • 22:00. San Joan sua piztuko dute Balda plazan. Anaitasuna mendi bazkunako eta ISBko kideek jasoko dute omenaldia, Azkoitia obraren doinuek girotuta. Azkoitiko Udal Musika Bandak, Parrokiko Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartuko dute ekitaldian, baita Bizkargiko zein Txalkorreko kideek ere.

AZPEITIA

Azpeitian, etzi, igandea, Juan Antxieta musika eskolakoen San Joan bezperako emanaldia ikusi ahal izango da suaren bueltan, herriko plazan.

Urrestillan, berriz, Urrestillako Festa Batzordeak antolatuta, gaurtik asteartera bitartean ospatuko dituzte San Joan jaiak. Profesionalen pilota jaialdia izango da gaur han, eta hortik aurrera, hilaren 26ko iluntzera arte bata bestearen atzetik kateatuko dituzte festetako egunak eta ekintzak. Besteak beste, Labankada, Rekiem, Iratzar eta Fury DJaren kontzertuak eta emanaldiak izango dituzte bihar; herri afaria eta San Joan zuhaitzaren zein suaren bueltako urteroko festa handia etzi; prozesioa, musikarien eta erraldoien kalejirak eta DJak, astelehenean, San Joan egunean; sagardoa, mus txapelketa eta umeentzako puzgarriak eta merienda, 25ean; eta 26an, zuhaitza bota eta festak bukatu aurretik, patata tortilla lehiaketa, ume jolasak eta afari-merienda.

Urrestilla

Gaur, ostirala

  • 22:00. Profesionalen eskuzko pilota jaialdia.
    • Lau eta erdiko San Fermin Torneoa: Egiguren V.a vs  Zabala.
    • Altuna-Rezusta vs Elordi-Zabaleta.

Bihar, zapatua

  • 19:45. Kontzertuak: Labankada, Rekiem, Iratzar eta Fury DJa.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
  • Ondoren, herri afaria.
  • 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
  • 00:30. San Joan sua piztea, eta suaren inguruan dantzaldia.
  • Ondoren, Laket taldearekin dantzaldia.

Ekainaren 24a, astelehena, San Joan eguna

  • 09:00. Diana, herriko txistulariekin eta trikitilariekin.
  • 11:45. Azpeitiko Musika Bandaren kalejira.
  • 12:00. Prozesioa eta meza.
  • 13:00. Buruhandiak. 22:00. Lizartxo eta Davila DJa.

Ekainaren 25a, asteartea. San Joan Txiki

  • 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
  • 15:00. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Merienda.

Ekainaren 26a, asteazkena, San Joan hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • 20:30. Afari merienda.
  • Gero, zuhaitzaren entierroa.
Azpeitia

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 22:00. Juan Antxieta musika eskolakoen San Joan bezperako emanaldia, herriko plazan.

BEIZAMA

Beizaman ere ospatuko dute etzi San Joan bezpera. Afarirako elkartuko dira 20:30ean, eta iluntzean piztuko dute sua.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 20:30. Afaria.
  • Iluntzean, sua piztuko dute.

ERREZIL

Errezilen ere San Joan sua piztuko dute etzi. Norberak eramandakoarekin afaria egingo dute lehendabizi, eta iluntzean piztuko dute sua.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 20:30. Afaria, plazan. Norberak eraman beharko du afaria.
  • Iluntzean, sua piztuko dute.

BALENTZIAGA (GETARIA)

Getariako Balentziaga auzoan bereziak izango dira aurtengo sanjoanak, festen 50. urtemuga ospatuko baitute. Bihar mus txapelketa eta musika emanaldiak izango dituzte auzoan. Iganderako, berriz, meza, askaria, buruhandiak, danborrada, San Joan sua eta DJ saioa antolatu dituzte. Astelehenean agurtuko dituzte jaiak, hamaiketakoarekin, Niala magoaren ikuskizunarekin, afariarekin eta erromeriarekin, besteak beste.

Bihar, zapatua

  • 16:30. II. Mus Txapelketa.
  • 19:00. Agostirekin eta Barrenarekin musika festa.
  • 20:30. Ogitartekoak salduko dituzte.
  • 22:00. Agostirekin eta Barrenarekin musika festa.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 10:00. Meza, kaleko hildakoen alde.
  • 17:30. Txokolate jana. Oharra: edalontzia etxetik eramatea komeni da.
  • 18:00. Buruhandiak.
  • 19:00. Hirugihar pintxoak dastatzeko aukera.
  • 21:30. Danborrada, Getariako Musika Bandarekin.
  • Ondoren, San Joan sua piztuko dute.
  • Ondoren, Arno DJa.

Ekainaren 24a, astelehena, San Joan eguna

  • 12:00. Txistorra ogitartekoak banatuko dituzte.
  • 17:30. Niala magoaren ikuskizuna.
  • 19:30. Bertsoak, tabernaren inguruan. Bertsolariak: Libe Goenaga, Danel Olano eta Amets Aizpurua.
  • 20:30. Afaria. Sardinak, postrea eta txotxa.
  • Ondoren, Izerren eta Alabierren eskutik, erromeria.

ORIO

Orion, batetik, juntadizoa egingo dute etzi. Ehun haur eta gaztetxo inguru elkartuko ditu Harribil dantza taldeak herritarrei emanaldi berezia eskaintzeko. Kosta Tailerretik aterako dira, eta herrian barrena ibiliko dira. Amaitzeko, Arranplako plazoletan elkartuko dira suaren bueltan dantza egiteko.

Bestetik, Anibarko Portuan festak ospatuko dituzte gaur eta bihar, hainbat ekitaldirekin.

Anibarko Portua

Gaur, ostirala

  • 20:00. Buruhandiak eta triki-poteoa.

Bihar, larunbata

  • 11:00. Puzgarriak eta apar festa.
  • 11:30. Jubilatuen hamaiketakoa, Kaiua tabernan.
  • 12:30. Sardina jana eta sagardoa txotxetik, trikitilariekin.
  • 13:30. Patata tortilla lehiaketa eta dastaketa.
  • 14:30. Lagunarteko bazkaria.
  • 16:30. Haur jolasak, puzgarriak eta txokolate jana.
  • 21:30. Lagunarteko afaria.
  • 22:30. DJa.
Orio

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 21:00. Kosta Tailerretik aterata, herrian barrena ibiliko dira, eta, azkenik, Arranplako plazoletan elkartuko dira suaren bueltan.

ZARAUTZ

Zarauzko Zelai Ondo auzoan sanjoanak ospatuko dituzte gaurtik igandera, Zelai Ondoko jai batzordeak antolatuta. Bertan, ez dira faltako ohiko parrilladak, bolatokiko jardunaldiak, kontzertuak, haurrentzako ekintzak eta auzo bazkaria. Etzi, San Joan suarekin emango diote amaiera festari.

Horrez gainera, Jalgi dantza taldeak, urtero ekainean ohi duen bezala, 2024ko aurkezpen emanaldia eskainiko du bihar, 17:30etik aurrera, Iñurritzako zelaian. Ohiko moduan, Iñurritza auzoko jai batzordeak antolatzen duen San Pelaioak Martxan egunaren barruan izango da saioa. Zortzi haur talde, gazte eta helduen bi talde eta helduen ikastaroetan osatutako sei talde aritu dira ikasturte osoan zehar euskal dantzak ikasten eta lantzen: 300 dantzari inguru, guztira.

Zelai Ondo

Gaur, ostirala

  • 19:00. Txupinazoa eta bandera igoera, Zulaika botikaren biribilgunetik.
  • 19:00-20:00. Madiber magoaren ikuskizuna.
  • 19:30. Parrillada, bolatokian.
  • 21:00. Erromeria, Bide Batez taldearekin.
  • 23:30. Bon DJa, pistan.

Bihar, larunbata

  • 09:00. Goizeko Ihintza txistulariak, auzoan zehar.
  • 11:00-14:00. Puzgarriak eta haur txokoa pistan. Oharra: Ekarri etxeko oihal zaharrak banderinak egiteko.
  • Ondoren, pata tortilla lehiaketa.
  • 12:00. Tortillak aurkezteko epea, parrillagunean.
  • 13:00. Tortilla lehiaketaren sari banaketa eta pintxo poteoa.
  • 16:00-18:00. Puzgarriak, pistan.
  • 17:00-19:00. Haize Orratz gaztelekuaren eskutik, Gazte Gunea pistan (12-18 urte).
  • 17:00-20:00. Bolatokia eta toka irekita egongo dira, Zelai Ondoko Bol&Tok taldearen eskutik.
  • 19:30-22:30. Parrillada, bolatokian.
  • 20:00-22:00. Davila DJa.
  • 23:00-03:00. Erromeria Fan&Go taldearekin.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 09:00. Goizeko Ihintza txistulariak, auzoan zehar.
  • 10:00. Bola eta toka txapelketa, Andres Illarramendiren omenez.
  • 11:00. Haur txokoa, pistan.
  • 11:30. Auzoko krosa, Zulaika botikaren biribilgunean. 4 maila bereiziko dira: 3-5 urte; LH 1-2; LH 3-4; eta LH 5-6. Ez da izena eman behar, zigilua momentuan jarriko dute.
  • 14:00. Auzoko bazkaria pistan, Paellas Arraun Euskadiren eskutik.
  • 20:00. Sardina jana bolatokian.
  • 21:00. Xaukena elektrotxaranga, pistan.
  • Jarraian, Xaukena elektrotxarangarekin kalejira.
  • 22:00. San Joan sua Mitxelenan, Antonio Aranzabal zenaren zelaian.
  • Ondoren, Xaukena elektrotxarangarekin berriz ere Zelai Ondora.
Iñurritza

Bihar, larunbata

  • 17:30. Jalgi dantza taldearen aurkezpen emanaldia, Iñurritzako zelaian.

ZESTOA

Zestoan ere suaren bueltan antolatu dute festa, iganderako. Sua Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak girotuta piztuko dute.

Etzi, igandea, San Joan bezpera

  • 22:00. San Joan sua piztuko dute herriko plazan, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak girotuta.

ZUMAIA

Zumaiarrek bi hitzordu izango dituzte etzi, San Joan bezperan. Batetik, San Joan iturrian sua piztuko dute eta haren bueltan ariko dira dantzan Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleak. Bestetik, Ekhi Gaua izango da Gernika parkean.

  • 21:30. San Joan iturrian sua piztuko dute, eta haren bueltan ariko dira dantzan Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleak.
  • 23:00. Ekhi gaua izango da Gernika parkean, dantza, musika eta antzerkiarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide