"Zarauzko kale bat da gaur aipatu nahi dudana: Gurmendi kalea". (Amaia Ventas)
Igaro berria den aste hori erabat anarkista joan zaigu, gorriz margotutako festa-egunak lanegun beltzekin tartekatuak baitzituen FAIren banderako koloreak legez; eta jai-egun gorri horietako bat baliatuz, Hondarribira joan ginen. Han, bada kale bat Matxin Arsu izena duena, eta kontatzeko moduko historia da delako Matxin horrena, beste baterako utzi beharko dudana, ez baitago lekurik oraingo honetan. Kontuak kontu, Matxin Arsuk erakutsi dit, beste behin ere, herrietako kale-izenetan izaten direla herri horretako iragana, edota, gutxienez, herri horretako agintarien nondik norakoa zein den jakiteko bidea.
Esate baterako, gerra ondorengo Zarautzen baziren hainbat kale oso izen markatuekin: Victor Pradera, Calvo Sotelo, Jose Antonio Primo de Rivera, Generalisimo Franco, 20 de Septiembre, General Beorlegui… berrogei urtez iraun eta Franco hil ondoren izena aldatu zitzaienak. Herria haziz joan zen neurrian, kale berriak ere sortu ziren, eta haiei ere izena eman behar, jakina. Zarauzko kale horietako bat da gaur aipatu nahi dudana: Gurmendi kalea.
Norbaitek pentsa dezake Urteta auzoan dagoen baserri dotorearen izenetik datorkiola deitura kaleari (eta ez dabil oso oker), baina zehatzago izan nahi duenak esan beharko du baserri horretako leinukoa zen Frantzisko Gurmendiri zor diola izena kaleak.
Etxearen eta gurmenditarren albistea aspalditik datorkigu, eta Lope Martinez Isastik Gipuzkoako oinetxeen artean aipatzen du Gurmendi 1625. urtean argitaratutako liburuan. Geroztik, Gurmendi baserrian, munduan beste hainbat lekutan bezalatsu, hainbat gorabehera izan ziren, eta duela laurogeita hamar bat urte su hartu zuen. Hala ere, etxe aurreko harrizko lau zutabe eta bost arku ederrak zutik geratu ziren, eta haiek bereizten dute etxea eta berezko dotorezia ematen diote.
Ez dakigu etxe horretan edo aurreko batean jaio zen Frantzisko Gurmendi, ez baitago albiste askorik haren bizitzaz, baina badakigu Zarautzen jaioa zela eta oso gazte joan zela Madrilgo Gortera, seguru asko ahaide zituen idiakeztarren anparoan, haiek Madrilen bizi baitziren lehenagotik Felipe III.aren zerbitzari.
Gure Gurmendi horrek liburu bat argitaratu zuen 1615. urtean, ia orrialde osoa betetzen duen izenburu horietako batekin, baina
Doctrina phisica y moral de Principes deitzen dena, oro har, eta arabieratik itzulitakoa. Izan ere, arabista baitzen Gurmendi, eta arabiera menderatzeaz at, gai zen turkiar eta pertsiar jendeari ulertzeko. Hala dio, harrituta, Erregeren Kontaduriaren arduraduna zen Juan Bautista de Pastrana jaunak soneto batean:
Parece encanto y ques milagro, o sueño
qvn Guipuzcoano de Çarauz vezino,
que solo de Gurmendi a Madrid vino,
y de la casa de Gurmendi es dueño.
criandose en Madrid desde pequeño,
con el dueño de Idiaquez peregrino,
sea en la lengua Arabiga ladino,
y entienda al Afro, Assio, y al Isleño.
Raro aprender de lenguas, pues en suma
las traduze y entiende, y aun comenta,
y aquel estilo infiel buelve Christiano.
Señor Excelentissimo esta pluma
altos puntos emprende, mucho intenta
si V. E. le honra y da la mano.
Madrilgo jauntxoak ezin ulertu berarentzat baso-ertzeko etxe galdu bateko zarauztar batek, Gurmenditik Madrilera etorritako batek, euskara eta gaztelania jakiteaz gain, beste hainbat hizkuntza ikas zezakeenik. Gaiztakeria apur batekin esanda, laurehun urtetan gauzak ez direla gehiegi aldatu inperioko elebakarreko monolingue tematien baitan eta haiek beste hizkuntzei egiten dieten estimuan: nahikoa dute berearekin, ezin ulertu zertarako ikasi besteak.