Udazkenean sartzearekin bat, abiadura hartzen ari da Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatu duen Euskaraldia. Batetik, igandean amaituko delako izena emateko epea entitateentzat; hau da, enpresa, saltoki, elkarte eta erakundeentzat. Bestetik, norbanakoak has daitezkeelako apuntatzen belarriprest eta ahobizi rolak hartzeko. Gainera, atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Bergaran.
HITZAk testigantza batzuk bildu ditu eskualdeko enpresa eta elkarteen artean, Euskaraldian izena emateko arrazoiak azaldu zitzaten. Datozen egunetan, UKTko webguneetan–Baleike.eus, Karkara.eus, Maxixatzen.eus, Urolakosta.hitza.eus, Zarauzkohitza.eus eta Uztarria.eus– aurkituko ditu irakurleak testigantza hauek eta gehiago.
Bestalde, herri batzuetan boluntarioak behar dituzte, eta lagundu nahi duenak info@euskaraldia.eus helbidera idatzi dezake, herria zehaztuta.
Josu Gonzalez de Txabarri
Alustiza Autobusak (Aia)
Euskarari garrantzia handia ematen diote Alustiza Autobusak enpresan, bi arrazoi nagusigatik: negozioa, eta norbere ohiturak. «Herri euskaldun batean bizi gara eta euskara da gure hizkuntza. Euskaldunak izanik, erosoena lanean euskaraz aritzea da, eta guri horrela ateratzen zaigu; euskaldunak garelako, gure hizkuntza delako, erosoa zaigulako eta gure bezero gehienen hizkuntza ere badelako. Azken finean, bezeroak zaindu behar dira, eta kalitatezko zerbitzua eman. Beraz, asko dira Euskaraldian parte hartzeko arrazoiak. Gainera, herri euskaldunetako entitate euskaldunek ez badugu parte hartzen, nork egingo du? Eremu euskaldunetan bizi garenok eredugarri izan behar dugu», iritzi dio Josu Gonzalez de Txabarrik.
Gorka Zabaleta
Urolako Komunikazio Taldea
Urola kosta eta erdiko hedabideok dozenaka urte daramatzagu euskara hauspotzen eta bere erabilera sustatzen. Karkara, Baleike, Uztarria, Maxixatzen, Hitza eta Erlo Telebistaren egitekoan kazetaritza eta euskara izan dira beti funtsezko ardatzak. Orain, Urolako Komunikazio Taldean bat eginik, are eta indar gehiagorekin eragin nahi dugu euskararen erabileran, eta Euskaraldia aukera paregabea da horretarako. Arigune handi bat gara, gurekin eta gure bitartez milaka herritar aritzen baitira egunero euskaraz; eta saregile ere bagara, euskaraz aritzen diren herritarrak, taldeak, elkarteak, enpresak edota erakundeak elkar lotuz sare zabal eta indartsua sortzen dugulako. Euskaraldian parte hartuko dugu denon ariguneekin sare sendoagoa lortzeko.
"Multinazionala izan arren, nahi dugu bermatu euskararen presentzia"
Ianire Flores Ansola
GKN (Zumaia)
Zumaiako GKN enpresak bat egin du Euskaraldiarekin, hainbat arigune sortuz, bai kanpo mailakoak, bai barne mailakoak. «Multinazionala izanda ere, euskararen presentzia bermatu nahi dugu gure lantokian. Horrelako ekimenek bultzadatxoa ematen diote lankide askori, eta emaitza politak ekartzen ditu. Lehen ere egindakoek– Elhuyarrekin nahiz Soziolinguistika Klusterrarekin, adibidez– sail batzuetan bilerak euskaraz egitea ere ekarri du emaitzatzat». Hala laburbildu du bigarren Euskaraldi honetan ere parte hartzearen arrazoia Ianire Flores GKNko ordezkariak.
«Horrez gain, etxean bezala sentitu nahi dugu, etxean baino ordu gehiago pasatzen ditugunez lantokian», azpimarratu du. Ariguneak identifikatzeko lanetan murgilduta dabiltza, baina batzuk argi dituzte jada: «Ziur gaude kanpo arigune bat harrera izango dela, eta barne ariguneei dagokienez, sei-zortzi zabaldu nahiko genituzke: erosketak, giza baliabideak, arlo finantzieroa, etab.». Gaur egun zazpi euskara ikasle dabiltza GKNn lanean, eta horien inguruan ere nahi dute sortu ariguneetako bat. Binakako ariguneak ere sortuko dituzte, produkzioan binaka aritzen direnez lanean.
Floresek kontatu du, gainera, enpresak errespetu handia erakusten duela euskararekiko, eta «bultzada handia» sentitu dutela haien partetik. «Guretzat sekulakoa izan zen enpresa hasi zenean komunikatu guztiak euskara hutsean bidaltzen guri».
Itsaso Ezenarro
Getariako guraso elkartea
Aitziber Otegi
Kimu Bat (Azpeitia)
Azpeitiko Kimu Bat enpresako Aitziber Otegik azaldu du berena beti izan dela enpresa euskalduna, eta azken urteetan barne lana egin dutela idatzizko dokumentazioa ere euskaraz izateko. «Ahozko hizkuntza beti euskara izan da, eta lana egin dugu idatzizkoa ere hala izateko; T-10 dokumentuak eta halako guztiak. Hortaz, Euskaraldian parte hartuko dugu egitasmoa babesteko, nahiz eta guk berez lanketa hori eginda daukagun».