Eneritz Artetxek, Haritz Garmendiak eta Aitor Salegik irabazi zuten lehen kanporaketa Asteasun, ostiralean. Sariketa horren lehen edizioa da, eta taldeka jokatuko dute.
Erniarraitz bertsozale elkartea ordezkatuz, Pernando Amezketarra sariketako lehen kanporaketa irabazi dute Eneritz Artetxe azkoitiarrak, Haritz Garmendia azpeitiarrak eta Aitor Salegi zestoarrak. Asteasun (Gipuzkoa) jokatu zuten proba, ostiralean, eta oñatiarrekin jardun zuten bertsotan. Honakoek abestu zuten Oñatiren izenean: Egoiz Aizpuruk, Maider Arregik eta Andoni Goitiak.Lehen aldiz jokatu dute aurten sariketa, eta taldeko txapelketa izateaz gain, baditu beste berezitasun batzuk: ariketa guztiak neurri txikiko doinuetan egin behar dira, eta agurrak taldeka etxetik prestatuta eraman behar dira, puntuagarriak baitira. Gai baten inguruan bi, lau, sei, zortzi, hamar, hamabi eta hamalau puntuko doinuetan bertso bana kantatu behar izan zuen talde bakoitzak. Lau eskualdetako taldeek parte hartuko dute; Erniarraitz eta Oñatiz gain, Hernani eta Goierri dira lehiakideak. Azken biek datorren ostiralean jokatuko dute kanporaketa, Berastegin. Finala apirilaren 30ean izango da, Amezketan. Berastegiko irabazlea lehiatuko da Erniarraitzen aurka.
Fernando Bengoetxea Pernando Amezketarra bertsolariaren omenezkoa da sariketa. Amezketakoa zen hura, eta 1764 eta 1823 urteen artean bizi izan zen, eta artzaina zen lanbidez. Bertsotan erabiltzen zuen umorearengatik nabarmendu zen. Hark neurri txikian abestu ohi zuen, eta horregatik erabaki du Harituz bertsozale bilguneak bertso sariketari forma txikia ematea.
Umorea eta seriotasuna
Haritz Garmendiarentzat taldekako lehen sariketa da Pernando Amezketarra. Hark esan du «gustura» aritu zela neurri txikian, eta entzuleek ere estimatu zutela: «Aukera ematen dizu gai bakoitzean harira jotzeko, eta biziagoa da entzuleengana iristeko». «Eroso» sentitu zen saio guztian zehar. «Umorerako ere aukera polita eskaintzen dute neurri txikiek; nahiz eta gai serioak jorratzeko aukera ere ematen duten», nabarmendu du azpeitiarrak.
Taldekako lehia izatea ere ezaugarri ona izan zen, bertsolariaren arabera. «Aspalditik ezagutzen gara, eta konfiantza dugu Eneritz, Aitor eta hirurok: horrek lasaitasuna ematen du», azaldu du. Bestalde, esan du azpeitiarrak ere izan zirela Asteasun bertsolariei babesa ematen: «Haien ahalegina eskertu behar da, beti saiatzen direlako txoko guztietara iristen».
Beste sariketetan ez bezala, agurra puntuagarria da Pernando Amezketarra sariketan, eta Erniarraitzeko bertsolariek trikitiarekin lagundu zieten hitzei. Librea zen agurra, jarri zieten muga bakarra zen bost minuturen barruan egin behar zituztela lanak.
Agurraren ostean, zortziko txikiko ofizioa abestu zuten. Salegi zestoarra aritu zen Arregirekin, honako gaiaren bueltan: Zuek biok, afalostean, ETBko albistegiei begira zaudete, eta lehen hogei minututan Hego Euskal Herriaz eta Espainiaz soilik hitz egin da. Ez da Ipar Euskal Herria edo Frantzia aipatu ere egin. Haritz Garmendia eta Goitiak egin zuten bigarren saioa zortziko txikian, Euskal Herriko Itzulian txirrindulari eta mekaniko batek izandako gorabeherez.
Ondoren bederatzi puntuko bertsoen txanda iritsi zen. Talde bakoitzak hiru bertso abestu behar izan zituen. Lehenengoa, errimak emanda, bigarrena, bukaera emanda eta azkena, puntu erdika. Bukatzeko, kartzelakoa, hamarreko txikia, bakarkakoak eta puntukakoak kantatu zituzten.