Kolore, kolore ta gustu guztiak...

Nerea Uranga 2015ko mai. 22a, 00:00

2011ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu izan zen botoemaileen hautua Urola Kostan. Ikusteko dago oraingoan zein izango den hautesleen erabakia; igande gauean jakingo da.Duela lau urteko udal hauteskundeek Urola Kostan utzitako emaitzak izen bat d...

2011ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu izan zen botoemaileen hautua Urola Kostan. Ikusteko dago oraingoan zein izango den hautesleen erabakia; igande gauean jakingo da.

Duela lau urteko udal hauteskundeek Urola Kostan utzitako emaitzak izen bat du: EH Bildu. 11 herrietatik zortzitan boto gehien jaso zituena izan zen ordukoan; eta, Aian (EAJ) eta Beizaman (Aurrena Beizama) izan ezik beste udal guztietan gobernatu du lau urteotan. Ordea, EH Bildu bezala, gehiengo osoa lau herritan bakarrik lortu zuen, honakoetan: Aizarnazabal, Azpeitia, Errezil eta Zestoa. Beste kasu batzuetan, gero Aralarrek lortutakoa gehitu zen gobernurako, adibidez, Zarautzen eta Zumaian. Orion, berriz, koalizazioak gobernua Orain herri plataformarekin osatu zuen.

Urola Kostan EAJk gobernatu duen udal bakarra Aiakoa izan da; bertan, gehiengo osoa lortu zuen 2011ko hauteskundeetan.

Datozen lau urteotako Urola Kostako 11 udaletako argazkia igandean erabakiko dute herritarrek. 2011ko hauteskundeetako datuak aintzat hartuta, bederatzi herritan borroka estuena EH Bilduren eta EAJren artean egongo dela iragarri daiteke. Eta, gehiengo osorik lortzen ez duten herrietan, gainontzeko alderdiak eta herri plataformak izan daitezke balantzak batera edo bestera eragingo luketenak.

Horren salbuespenak Errezil eta Beizama dira: Errezilen udalerako hautagaitza bakarra aurkeztu da, EH Bildurena. Beizaman, berriz, orain lau urte bakoitza bere aldetik aurkeztutako bi herri plataformak adostasunera iritsi dira, eta hautagai zerrenda bakarra aurkeztu dute: Aurrena Beizama Bai. Dena den, herri honetan ere PSE-EEk bere hautagai zerrenda aurkeztu du.

133 zinegotzirentzat tokia

Igandean, Urola Kostan 133 zinegotzi hautatuko dira; Gipuzkoan guztira 968. Horrez gain, foru hauteskundeak ere izango dira.

Hautesle erroldak, berriz, 2011ko udal hauteskundeetakoen antzekoak dira kopuruz, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Hala ere, duela lau urte baino 1.015 pertsona gehiago izango dira botoa emateko eskubidea izango dutenak: 2011ko hauteskundeetan eskualdean 55.918 pertsonek zuten botoa emateko aukera; oraingo honetan, berriz, 56.933 pertsonek.

Oro har, eskualdeko herri txikienak dira hautesleak galdu dituztenak: Aizarnazabalek 4 gutxiago; Beizamak 15 gutxiago; 9 gutxiago Errezilek; eta, Zestoak 13.

Herri handien artean, Azkoitiak 68 hautesle gutxiago ditu, eta Azpeitiak 68 gehiago. Orio eta Zarautz dira nabarmen, botoa emateko eskubidea duten herritar gehiago dituzten herriak: Oriok 273 gehiago eta Zarautzek 534.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide