[caption id="attachment_122274" align="alignleft" width="300"]

(Eneritz Albizu Lizaso/Hitza)[/caption]
Marcos Garcia EHUko Historiaurreko Taldeko ikerlariak (Bilbo, 1974) egiaztatu du
Danbolinzuloko labar artea, Alvaro Arrizabalaga eta Mari Jose Iriarte lankideekin batera. Haren arabera, «beharrezkoa» da horrelako margo txikiak ere aurkitzea, haitzulo handietakoek eskaintzen ez dituzten aukerak ematen dituztelako ikerketak egiteko garaian.
Margoek, gutxienez, 18.000 urte dituztela esan duzue. Nola kontserbatu dira horrenbeste urtez?
Kasualitatea izan da. Ez dago arrazoi zientifiko bakarra horiek hor jarraitzen dutela justifikatzeko: mila egoeren baturagatik jarraitzen dute ikusgarri pinturek. Hala nola, kobazuloaren forma geologikoa, uraren lasterbideak, tenperatura edo hezetasuna.
Inguruko autonomia erkidegoetan antzeko labar arte gehiago aurkitu direla esan duzu lehen. Oraindik asko al dago ikusteko bailaran?
Hori ezin dut ziurtatu, baina pentsatzen hasiz gero, Danbolinzulo, Ekain eta Astigarragako kobazuloak oso gertu daude elkarrengandik, leku txiki horretan hiru altxor daude, bata bestearen ondoan. Beraz, baliteke inguru hauetan margo gehiago aurkitzea. Hala ere, probabilitate kontua da, hemen badagoelako potentziala eta inguruko autonomia erkidegoek margo gehiago ezagutzen dituztelako.
Zein da margolan horiek mantentzeko formularik onena?
Formularik onena kobazuloa dagoen bezala uztea da, aldaketak egiten ez hastea. Beharrezkoa da margoak tenperatura eta egoera egonkorretan edukitzea; bestela, erraz hondatzen dira. Beraz, aldundiak eman dituen pausoei jarraitzea da onena: haitzuloa ixtea eta inguruko paisaia errespetatzea, lehen zegoena mantentzea.
Osinbeltzez ere hitz egin dute, inguruko paraje gisa.
Jakina, hori ere kontuan hartu behar da. Baina, azaldu duten bezala, oraingoz Danbolinzulok ez du zerikusirik Osinbeltzekin, ez dio eragiten batak besteari. Hala ere, administrazioak ikertu eta zehaztu egin beharko du zer dagoen haitzuloaren gainean, ezer ez ukitzeko eta egitura geologikoa zaintzeko. Behin hori ondo finkatuta, bakean utzi behar da barrunbea; izan ere, esperientziak erakutsi digu, aldaketak egiten saiatu garenean, okerrerako izan dela. Denborari pasatzen uztea, hori da aholku bakarra.
Zenbait adituk esan dute pintura horiek 18.000 urte eta 33.000 urte artean dituztela. Zure iritzia zein da?
Kronologikoki garai jakin batean kokatzeko, beste margo batzuekin alderatzen ditugu horrelako labar arteak. Kasu honetan, kaltzita dute margoek, eta horren inguruan hausnartuta hasi dira ikertzaileak data batzuk zehazten. Izan ere, labararteak kaltzita izan dezan, oso ezaugarri bereziak behar ditu lekuak, eta hori garai jakin batzuetan soilik sortzen da. Niri galdetzen badidazu, erdibidean geldituko nintzateke: nire ustez 22.000 eta 27.000 urte artean dituzte Danbolinzuloko margoek. Oraingoz, ikerketarekin jarraituko dute, baina ez dakigu data hori gehiago zehaztea lortuko ote duten.
Animalien irudiez gain, beste orban batzuk ere aurkitu dituzue. Zuk ikuspuntu errituala ematen diezu, ezta?
Bai, baina, oro har, ikertzaileei ez zaie gustatzen gai horietan sartzea, nahiago izaten dute haiek orban soil batzuk bezala ikustea. Badirudi orbanek mespretxuzko interpretazioa dutela, baina beste mundu batekin lotura izan dezakete, sinesdunek amabirjina erabiltzen duten bezala. Gizakiak beti aurkitzen ditu bere sinesmenarekin komunikatzeko bideak.