Ander Iruretagoiena, aktorea: "Muturra sartzea da gakoa"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015ko urt. 7a, 05:39

ANDER_IRURETAGOIENAGoenkale euskal aktoreentzat harrobi «bikaina» da Ander Iruretagoiena zarauztarraren ustez (Vratsa, Bulgaria, 1995). «Guztiek hartu dute parte Goenkale-n». Baita berak ere. Eta asko eman dio, gainera: aktore zein pertsona bezala hazteko aukera, esaterako. Eta baita «hor egoteko» ere, bere burua ezagutarazteko, alegia. Hasi bezain pronto bukatuko zaio, ordea, ikasteko aukera hori. Izan ere, urte amaieran emitituko dute Goenkale-ko azken kapitulua. Hala ere, «hor» jarraituko du Iruretagoienak, batean eta bestean grina erakusten. Endikaren papera egiteko aukeratu zintuzten. Zein da Goenkale-ko Endika? Kaleko pertsona da Endika, ikasketak gustatu ez eta lanean hasi den mutil bat. Pertsonaia sinplea da. Lagun baten laguna. Nola moldatu zara paper horretan sartzeko? Egia esan, hasieran ez neukan oso argi neure papera. Orduan ikertzen hasi nintzen, deskubritzen. Nire generoa komedia da; ni naiz bizia jartzen duena. Horregatik, beti dramara jotzen nuen, lurrera. Eta orduan esaten zidaten  gora egiteko. Segituan harrapatu nuen pertsonaia arina zela. Noiz hasi zinen grabazioekin? Abuztuaren 25ean entseatzen hasi ginen, eta irailaren 28an grabatzen hasi ginen. NG bat egin genuen egun, hau da, kanpoan grabatu genuen, kamera batekin. Sentsazio onarekin gelditu nintzen. Zaila egin al zitzaizun kamera aurrean jartzea? Egia esan, ez; hasieran ez bainuen argi, ez nengoen oso zentratuta eta, hortaz, lasai nengoen. Behin zeure paperaz jabetuta, urduri jartzen hasten zara, zalantzak sortzen direlako. Oraindik ere urduri jartzen naiz grabatzen hasten garenean. Baina, ohikoa da hori. Lantaldeak lagundu al dizu horretan? Bai, asko. Oso gustura sentitu naiz lantaldearekin, giro oso ona dago geure artean. Arindu egiten dute egoera. Izan ere, grabazioek asko irauten dute. Goizeko 07:00ak aldera hasten gara, eta 14:00ak arte irauten du, gutxi gorabehera. Egunero izaten dira grabazioak, astelehenetik ostiralera. Ni deitzen nautenean joaten naiz, astean bitan edo... Nire papera txikia delako. Eskarmentu handiko aktoreekin ari zara lanean. Zer moduzkoa da halako profesionalekin grabatzea? Hasieran uste nuen askoz ere errespetu gehiago emango zidala haiekin lan egiteak. Baina ez, pertsona normalak dira. Konfiantza handia dute eurengan, hori bai. Niri, ordea, asko kostatzen zait konfiantza izatea neuregan. Lehen, adibidez, aktore berri bat lanean hasten zenean, pentsatzen nuen nik baino segurtasun gehiago zuela; jan egingo ninduela. Orain indartsuagoa naiz. Ikasi dut ezin dela konparaziorik egin; bakoitzak ematen du zerbait. Ikasteko eta hazteko aukera paregabea da, beraz, Goenkale. Goenkale da aktoreak formatzeko leku bat. Aktore berriak batez ere, baina baita taula gainean urteak daramatzatenak ere. Goenkale-n etengabe ari zara ikasten, gauza berriak deskubritzen, pertsona zein aktore gisa hazten, barrutik ateratzen zaizuna kontrolatzen ikasten duzu, gorputza... Ez da antzerkia bezala; antzerkia beste kontu bat da. Beste zerbait ematen dizu antzerkiak. Egia esan, gehiago gustatzen zait telebista baino. Noiz hasi zinen antzezten? Zarauzko Alproja taldearekin hasi nintzen antzerkigintzan. Orduan hasi nintzen muturra sartzen. Gero, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean sartu nuen muturra, eta urtebetez formatu nintzen bertan. Hori da gakoa: muturra sartzea, aurrea hartzea; hori, eta ateak zabalik izatea. Orain, gaztea naizenez, aukerak aprobetxatu beharra dut. Gero iritsiko zait ezetz esateko unea. Hogei urte dituzu, Goenkale telesailak  adina. Noiz izan zenuen saio horren berri? Kintokoak gara, bai. Ez naiz oroitzen noiz hasi nintzen Goenkale ikusten; Txapas eta Tximas-en garaian izango zen. Gerora, haria galdu nuen. Orain berriz ere errekuperatu dut. Eta errekuperatzerako, bukatu egingo da. Bai, otsailean amaituko dira grabazioak, eta abenduan emitituko dute azken aldiz telesaila. EITBk ez du nahi Goenkale-k jarraitzea. Urteetan zehar hainbat proiektu aurkeztu izan dituzte, baina alde batera utzi dituzte, Goenkale-ri jarraipena ematearren. Aurten iritsi da garaia amaiera emateko. Eta horrek bi alde ditu: batetik, zorte handia izan dut Goenkale-ren azken urtean telesailean parte hartzeko aukera izateagatik, eta bestetik, badirudi zorte txarra dudala, bukatu egingo delako. Dena den, oso harro nago. Eta, otsailetik aurrera, zer? Antzerkian ate bat zabaldu zait. Ttanttaka Produkzioak-ekoak istorio polit batean lanean ari dira, eta egun hauetako batean deituko didate eta entseatzen hasiko gara. Horrez gain, film labur bat ere egin nahiko nuke. Aspalditik buruan dudan zerbait da hori. Orain egin nahiko nuke, baina ezinezkoa da; bakoitzak bere denbora baitauka. Etorriko da garaia horretarako ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide