Azkoitiko osasun etxeko hainbat langilek elkarretaratzeak eta lanuzteak egin dituzte azken asteetan
(Hitza)
Bigarren greba eguna izango dute bihar Osakidetzako langileek. Satse, SME, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Gipuzkoan egun osoko lanuztea egingo dute osasun zentroetan, eta eskualdean ere deialdiarekin bat egingo dute hainbat langilek. ELA sindikatuak salatu du «greba egiteko eskubidea oso gutxik» izango dutela, gutxiengo zerbitzu «altuegiak» daudelako ezarrita. Dena den, ezin dute aurreikusi nolako jarraipena izango duen: «Ez dugu batzarrik egiten. Beraz, eguna iritsi arte ez dugu jakingo zenbatek egingo duten greba», esan diote Urola Kostako Hitza-ri Azkoitiko osasun etxeko langileek.
Lan baldintzak hobetzea eta osasun publikoa indartzea eskatuko dute biharko protesta egunean. Osasun arloaren pribatizazioa eta egindako murrizketak salatu dituzte, eta esan dute «botere finantziarioak» sortutako krisiaren ondorioak eurak ari direla ordaintzen. Horien arabera, 3.000 langile kaleratu dituzte, eta beste 8.000 lagun behin-behineko kontratupean daude.
Ana Areta Azkoitiko osasun etxeko harrerako langilearen arabera, murrizketen eragina «nabaria» da euren egunerokoan. Urtean 40 lanordu gehiago izateaz gain, azken bost urteetan soldatak izoztuta dituzte, eta aparteko ordainsari bat kenduta dute. Gaixotasun eta istripu bajetan ere izan dute eraginik: «Orain, erabat kobratzeko operazio bat behar da, edo hilabete pasa behar da bajan». Era berean, ordezkapenak ere murriztu egin dizkiete; gaur egun bi lagunek falta behar dute horietako bat ordezkatzeko.
Horrez gain, pribatizazioaren eraginaz ere ohartarazi dute: «Ezkutuan eta isilik ari dira egiten», esan du Aretak. Neurrien ondorioz, lan baldintzak okertzeaz gain, lan karga gehiago daukatela salatu dute. «Hankamotz ibiltzen gara, guztira iritsi ezinik». Neurri horiek langileen lanean «nabarmen» antzematen direla, eta ondorioz, bezeroei ematen zaien kalitatea jaitsi egin dela dio.
Osasun publikoaren aldeko «apustu argirik ez dagoelako» eta langileen lana ez dutelako errespetatzen egingo dute greba. Eskaera «arrazoizkoak eta justuak» egin dituzte sindikatuek: «Langileak gaixotzean edo deskantsurako eskubidea gauzatzean ordezkatu ditzaten eta galdutako lanpostuak berreskuratzeko lan jarduna gutxitzea» aldarrikatu dute, eta enplegua finkatzeko «proposamen serioa» eskatu dute.
Hitzorduak, normaltasunez
Azken hilabeteetan, hainbat mobilizazio egin dituzte eskualdeko osasun etxe batzuetan. Ostegunetan, esaterako, hamabost minutuko elkarretaratzeak egin izan dituzte, eta hilaren 6an lau orduko lanuzteak egin zituzten. Azkoitian ere bat egin zuten protestekin. Adierazi dutenez, hamarretik zazpi langilek bat egin zuen azken deialdi horrekin, eta biharkoan ere greba egitekoak dira batzuk. Dena den, eguna iritsi bitartean nolako erantzuna izango duen ez dakitenez, greba egunari begira «normaltasunez» ari dira lanean: «Batzuk etortzen dira galdezka, eta zenbaitek hurrengo egunerako hartzen dituzte hitzorduak, baina oro har normaltasunez ari gara hitzorduak ematen».
Aurreko astean Arabako osasun zentroetako langileek egin zuten greba, eta LABek «oso positibotzat» jo zuen jasotako erantzuna. Osakidetzak, bere aldetik, %4,9ko jarraipena izan duela dio. Bihar Gipuzkoan egingo dituzte lanuzteak, eta hilaren 27an Bizkaiaren txanda izango da. Abenduaren 4an, berriz, Osakidetzako zentro guztietan dira greba egitekoak. Bien bitartean, Osakidetzak esan du hitz egiteko prest dagoela, eta sindikatuak azaroaren 24an deitu ditu negoziatzera.