Jose Luis Otamendi: "Gaur egungo toki askotan aurkitu daitezke poesiaren arrastoak"

miriam tamayo 2014ko aza. 19a, 05:06

Jose Luis Otamendik 'Kapital publikoa' lan berria atera berri du (Miriam Tamayo/Hitza). Zazpi urte igaro dira, Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959) bere azkenengo liburua argitaratu zuenetik. Aurreko astean Donostian aurkeztu zuen Kapital Publikoa, hiru ataletan banatutako 45 poema biltzen dituen lana. Liburua aurkezteko hainbat errezitaldi eskainiko ditu Otamendik, eta lehenengoa azaroaren 30ean izango da, Azpeitian bertan, Sanagustinen, 19:00etan. Kapitala, esanahi bikoitza duen hitza dela dio Otamendik. Bi alderdi edo kontraesan ekarri nahi izan ditu azpeitiarrak: «Kapitala hitzaren alderdi baikorretik begiratuta, ondarea esan nahi du, hau da, gu egiten gaituen hori, maite duguna da. Baina, beste alde batetik, kapitala sistema zanpatzailea da, jende askoren bizimodua txikitzeko gaitasun nabaria erakusten duena». Denbora asko igaro da zure azkenengo liburutik. Gaztea nintzenean, sarriago argitaratzen nituen liburuak. Nire ustez, idazketa lanbide bat ez izatearen askatasuna da. Hau da, barruak eskatzen didanean idazten dut, gogoa eta indarra sentitzen dudanean. Kapital Publikoa hiru ataletan banatu duzu. Elkarren artean zerikusia duten gaiak al dira? Atalen arteko interferentziak badaude, eta baita nahita bilatutako keinuak ere. Liburuaren hasieran badago irakurleak aurrerago topatuko duenaren aurkezpen bat ere. Lehenengo atalari Bake Hotza deitu diozu. Zergatik? Azkenengo zortzi edo hamar urte hauetan idatzi ditudan testuak azaltzen dira bertan. Bizi izan dugun giro soziopolitikoaren hainbat isla, memoria eta garai bateko bortxa egoerak, tortura eta desagerketak azaltzen dira. Hori dela eta, Gerra Hotza hitzarekin jokatu egin nahi izan dut. Azkenean, gaur arteko garaiek erakutsi didaten hainbat alderdiri begiratu diet. Zertaz da bigarren atala, Jendea Oinez deiturikoa? Bertan esan nahi dut oraingo garaia arduraz eta itxaropen handi batekin bizi dugula. Atal honetan ere, niretzako garrantzitsuak izan diren hainbat jenderen heriotzak eragin didan mina eta esker zorra ageri dira. Atal horren barruan galizieraz idatzitako poema bat dago. Zeini dago zuzenduta? Zoritxarrez urte askotan elkarrekin egon gabeko lagunak ditut Galizian. Ez haserretu garelako, baizik eta hiltzen ari direlako. Galiziara egin ditudan azken bi bidaiak, bi lagun agurtzeko izan dira. Beraz, senide eta lagun horienganako maitasun aldarrikapen moduan idatzi dut poema hau, lagunen laguntzarekin. Liburukoa Manuel Soto Galiziako kultur eragileari idatzi diot. Hirugarren atalari deritzozu intimoena. Bai, atal honetan alderdi pertsonala nabariago ageri dela uste dut. Gosaria eta Legea izena du. Izan ere, liburu honetarako idatzi ditudan testu gehienak goizez idatzi ditut, gosaritan. Esnatu eta berehala oharrak idazten hasten nintzen. Gosaria norberarena den zerbait dela pentsatzen dut, eta nire intimitatea, legearen testuinguru zabalean txertatu dut. Nori zuzendutako liburua da hau? Beharbada poesia gustuko duenarentzat eta gaur egungo euskal poesia ezagutu nahi duenarentzat da. Ikuspegi oso zabala dago poesiaren inguruan, eta ni saiatu egiten naiz sentitzen dudana ahotzaren bitartez adierazten, baina ezin dut jakin zeini gustatuko zaion. Nik ahal dudana egiten dut. Zenbait poema liburutik kanpo utzi dituzula esan duzu. Zein irizpideren arabera aukeratu dituzu liburuan azaltzen direnak? Normalean, testu asko idazten ditut eta poemak antolatzerako orduan, artisau lana egin dut eta liburua egituratzen joaten naiz. Multzo handi batetik, irakurketa zorrotz bat egiten saiatu naiz eta gero, adierazi nahi ditudan mezuen arabera poemak taldekatzen hasi nintzen. Idazle batentzat zaila izango da hori. Bai, idazleok egin behar dugun gauzarik zailenetakoa da, baina aldi berean, zerbait beharrezkoa dela uste dut. Hainbat idazlek, poema kopuru zehatz bat eskatzen diotenean, kopuru hori betzeko idazten du eta, nik, zoritxarrez, ezin dut halakorik egin. Zer egingo duzu liburutik kanpo geratu diren poemekin? Gehienak errefusako edukiontzira joaten dira, eta aparteko artxibo batean geratzen dira. Hainbat poemak, berriz, liburuan argitaratu diren testuekin lotutako ideiekin egiten dute bat, eta beharbada, aurrerago egingo ditudan errezitaldietan irakurriko ditut, ekitaldira etortzeko lana hartzen duenari zerbait berria eskaintzeko asmoz. Zure azken lana ere poema liburua zen. Zerbait berezia duzu genero horrekin? 30 urte baino gehiago igaro dira poesia argitaratzen hasi nintzenetik. Barruak poesiarekiko joera errazten dit. Denbora asko eskaini behar zaion generoa dela uste dut, eta trebezia batzuk ere garatu egin behar dira. Eroso sentitzen naizen generoa da. Beharbada, sentipenak errazago adierazteko generoa da, ezta? Bai. Nik uste dut poesiarengana jotzen dudala nahigabe. Poesia asko landu dudalako eta gainontzeko generoei errespetu handia diedalako. Gainera, motzean aritzeak bere abantailak dauzka. Zeintzuk? Nik ia egunero idazten dut zerbait, poemak bihurtuko diren testuak edo oharrak hartzen ditut. Egunero idazteko, errazagoa izaten da labur idaztea. Zer esango zenioke poesia zerbait «zaharra» eta «erromantikoa» dela pentsatzen duen jendeari? Poesia tresna berezi bat dela. Nire ustez, pertsonak argi bila aritzen gara lan guztietan. Egia da poesia ez dagoela oso hedatuta, baina ez nioke beste berezitasunik bilatuko. Mota ezberdinetako poesiak daudela esango al zenuke? Poesian ia dena kabitzen dela uste dut. Ez da definitzeko erraza, baina hitzen bitartez, edertasuna bilatzeko tresna bat dela pentsatzen dut. Mota ezberdinetakoa izan daiteke: erromantikoa edo soziala, besteak beste. Baina egia da gaur egun poesiaren arrastoak toki askotan azaltzen direla: kaleko adierazpenetan, pankartetan eta publizitatean, adibidez. Zure editorearen arabera «estilo propioa» duzu. Hainbeste urte igaro ondoren, hitzak bata bestearen ondoan jartzeko modu berezi bat garatzen joango nintzen nahigabe. Beti ibiltzen gara estilo baten bila, idazleak sentitzen duena ahalik eta gertuena erakusteko eta irakurleak hori bera sentiarazteko modua bilatuz. Zure ustez, zein da zure estiloa? Eguneroko bizimodutik eta komunikabideetatik ateratako hiztegia erabili izan dut azkenengo garaian. Baina baita hizkera landuagoa duten alderdietatik ere. Nire azkenengo bi liburuetan nabarmentzen da sintasi sinpleagoa erabiltzen dudala. Beraz, besteengana iristea oso garrantzitsua da. Jendearengana iritsi behar horrek, beste modu batera idaztea eragiten dizu. Asko lagundu didate jendaurrean eskainitako poesia errezitaldiek. Duela 20 urte inguru hasi nintzen horrelakoak egiten, eta nire idazteko modua aldatu duen zerbait izan da. Zein da irakurlearekin bat egiteko modu egokiena? Oso garrantzitsua da autoezagutza. Zerbait argitaratzeko orduan, irakurlearengan eragin bat sortu nahi duzu, berarengana iritsi eta hainbat estrategia erabiltzen dira ahalegin horretan. Gero, asmatu dezakezu ala ez. Hil honen amaieran, Azpeitian eskainiko duzu liburu honen inguruko lehenengo poesia errezitaldia. Gaur egun, horrelako ekintzak galtzen ari direla uste al duzu? Poesia ertzean dagoen jarduera bat da eta ez dira horrelako asko egiten. Beraz, egiten den guztia ongi etorria izango da eta egingo dira behar edo ahal denean. Dagoen indarraren arabera. Zure hurrengo liburuan pentsatzen hasi al zara? Ez. Orain Kapital Publikoaren inguruko errezitaldiekin arituko naiz, eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide