Alain Irazu: "Ia 20 urte daramatzat hanka baten gainean eskiatzen, eta ideia hortik etorri zitzaidan"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko aza. 19a, 05:56

Alain Irazu patinatzailea (Aritz Mutiozabal/Hitza). Getaria-Zarautz Itsas Krosean harrituta utzi zituen Alain Irazuk (1974, Tolosa) lasterketa ikustera bildu ziren herritarrak, hanka bakarrarekin patina jantzita egin baitzuen lasterketa. Duela bi aste, berriz, Behobia-Donostia korritu eta podiumera igo zen Getarian bizi den kirolaria. Urratsez urrats bere burua gainditzen ari da, eta azken urteetan egindako progresioa izan du hizpide. Duela bi aste Behobia-Donostia lasterketa egin duzu patin bakarrarekin. Aspalditik al zabiltza lasterketetan parte hartzen? Aurten hasi naiz. Lehenbiziko lasterketa udan egin nuen, Villabonan, probatze aldera. Izan ere, astebete geroago Parisera (Frantzia) joatekoa nintzen Sei Orduak errelebotako lasterketan parte hartzera. Ezintasun fisikoak dituzten pertsonez osatutako bertako taldetxo batekin aritu nintzen, eta horien artean bazen mutil bat, ni bezala, hanka batekin patinean ibiltzen dena. Egia esan behar badut, Villabonako lasterketa ez nuen oso gustura bukatu, baina aurrera jarraitu dut eta hortik aurrerakoak hobeto joan zaizkit: Sei Orduak, Getaria-Zarautz Itsas Krosa, Txingudi Korrika, Soraluze-Bergara Lasterketa eta, urtea bukatzeko, Behobia-Donostia. Ezintasun fisikoak dituzten herritarrek askotan gurpildun aulkian edo bizikleta egokituetan hartzen dute parte lasterketetan. Zu nola hasi zinen patinetan? Duela 20 urte hanka galdu nuen, eta ordutik hainbat kirol probatu ditut. Ia 20 urte daramatzat hanka baten gainean eskiatzen, eta ideia hortik etorri zitzaidan. Negua bukatzen zenean uda luzea egiten zitzaidan, baina urte asko joan zaizkit kirolarekin asmatu ezinik. Duela urte batzuk emaztearen laguntzarekin patinean ibiltzea probatu nuen, baina zail samarra iruditu zitzaidan, ez bainuen nori begiratua. Ez nintzen eroso sentitu, eta alde batera utzi nuen. Baina aurkitu duzu modua. Urteak pasata, duela bi urte berriz egin nuen saiakera patinetako irakaslea den lagun batekin. Protesia jantzita, hanka batean patina nuela hasi nintzen, eta pixkanaka, ibilian-ibilian, protesia kendu eta hanka bakarraren gainean ibiltzea lortu nuen. Hasieran kiroldegian konoak jarri eta eslalomak egiten hasi nintzen, eta behin teknika kontrolatuta nuenean, kalera atera eta bidegorrietan kilometroak egiteari ekin nion. Bilakaera hori zaila izan al da? Pixkanaka joan naiz. Eskiaren esperientzia nuen; eski alpinoa hanka bakarrarekin egiten dut, eta hortik abiatuta ez zait gehiegi kostatu. Gainontzeko kiroletan gertatzen den bezala, orduak sartu behar dira. Dena dela, aitortu behar dut hasieran errespetua ematen duela patinean aritzeak; errepidea ez da elurra, eta errepidean erortzen bazara min hartu daiteke. Aldapan behera patinarekin lortzen den sentipena eskiatzen sentitzen denaren oso antzekoa da. Aldapan gora ere ibiltzen zara, ezta? Makuluen laguntzaz igotzen naiz, eta besoekin lan handia egin behar da. Behin goiko aldera iritsitakoan, beherakoan besoak lasaitzen ditut. Hanka bakarrarekin patinetan ibiltzea nahiko berria da. Ba al dakizu beste pertsona batzuentzat erreferentea izan ote zaren? Ezagutzen ditut batzuk. Hasieran ikus-entzunezko bat zintzilikatu genuen sarean, eta asko zabaldu zen; hori ikusitakoan kataluniar bat, andaluziar bat eta Mallorcako beste lagun bat hanka bakarrarekin patinean ibiltzera animatu ziren, eta bideoak ere bidali zizkidaten. Ilusio handia egiten du nik egindakoa ikusi ondoren jendea animatzeak. Lasterketetan ere modalitate berria  da, ezta? Azken urteetan hasi dira hainbat lasterketetan patinetako modalitatea sartzen, eta ezintasun fisikoak dituztenentzat patinetako modalitatea are berriagoa da. Behobia-Donostia Lasterketan, esaterako, patinetako lasterketa bazegoen, baina aurreneko aldiz antolatu dute patinetan ezintasuna dutenentzat lasterketa. Bi lagunek parte hartu dugu; Serafin Zubiri itsuak eta neuk. Nolako esperientzia izan da? Zubiri urtarrilean hasi zen patinetan ikasten, eta bederatzi hilabetetan maratoia egitea lortu du. Behobia-Donostia lasterketan elkarrekin atera ginen, eta gure modalitatean bi lagun bakarrik ginenez, biok podiumera igo ginen eta garaikurra ekarri genuen etxera. Poz handia ematen du horrek, bai neuri, bai semeei. Lasterketa bukatu eta burura etorri zitzaidan lehen pentsamendua izan zen datorren urtean berriz egin behar dudala. Lasterketa berezia da, jendearen animo oihuek bakarrik eramaten zaituzte, eta konturatzerako Donostiako Boulevardean nengoen. Gainera, fisikoki oso ondo amaitu nuen lasterketa. Etorkizuneko erronka bezala, 24 Ordu Lemans lasterketa egin nahiko nuke, erreleboka. 20 kilometro inguruko lasterketak saio gogorrak dira. Nola presratzen zara? Semeak eskolan dauden bitartean hemen inguruan entrenatzen naiz, Getaritik Zarautzera; tarteka Tolosara ere joaten naiz, eta Tolosatik Itsasondorako bidegorrian ibiltzen naiz. Joan-etorria eginez gero, 26 kilometroko ibilbidea osatu daiteke. Horretaz gain, aldapetan ere entrenatzen dut; hasieran banuen aldapan gora nola moldatuko nintzenaren beldurra, eta trebatzeko San Anton mendia igotzen hasi nintzen; gehiegikeria izan da, baina oso ondo etorri zait. Kilometroak egitean dago gakoa, baina korrika baino gutxiago kostatzen dela iruditzen zait. Korrika egitea ere probatu al duzu? Patinetan hasi baino lehen, korrika ere aritu nintzen; protesi moderno horietakoa erosi nuen eta entrenatzen hasi nintzen. Dena dela, oso gogorra da, Getariatik Zarautzera joateko oso ondo ibili behar da, eta korrika hasi nintzen garai berean patina ezagutu nuenez, patina aukeratu nuen. Hala ere, etorkizunean agian korrika egitera ere animatuko naiz, beti izan baitut horretarako ilusioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide