Zumaiako Herri Eskolako ataria (Gorka Zabaleta/ Baleike).
Zumaiako Herri Eskolako frontoiaren ondoan dagoen jolastokia estaltzeko ideia ez da atzo goizekoa. Joan den urtean, azaro aldera, Udal Kirol Patronatuak proiektua garatzeko proposamen ekonomikoak eskatu zituen. Hiru bulego teknikoren eskaintzak jaso zituen; ordainsari merkeena NTd Arkitektoak estudioak eskatzen zuenez, hari adjudikatu zitzaion proiektuaren lanketa. Baldintza nagusia zen estalpearen koste osoa 400.000 eurotik ez pasatzea.
«Aurreproiektua lantzen hasteko, Kirol Patronatutik azaldu ziguten eskubaloi partidak jokatzeko nahi zutela kantxa, pista osagarri modura, talde asko daudelako eta Kiroldegian ez direlako ondo moldatzen denek jokatzeko», azaldu du NTd Arkitektoak bulegoko Daniel Carballok. «Horrek behar batzuk planteatzen zituen proiektua diseinatzeko orduan. Esate baterako, euria egiten duenean pista ez bustitzeko kanpo hormak eraiki behar ziren. Eskatu zitzaigun 40x20 metroko jokaleku bat egitea, baina ateen atzealdean eta alboetan arauak eskatzen dituen tarteak utzi behar dira; gutxienez 44x22 metroko azalera estali behar zen; zutabeetan ere babesak jarri behar ziren, jokalarien segurtasunerako; eta gutxienez zazpi metroko altuera behar zuen libre». Baldintza horiek kontuan hartuta landu zuen bulegoak aurreproiektua. «Udal teknikoekin kontrastatuta, aldaketa batzuk egin genizkion gure hasierako proposamenari, eta itxitura batzuk kentzea adostu zen, betiere ipar-mendebaldekoa mantenduz, euriak jokalekua ez bustitzeko». Aurreproiektua martxoan aurkeztu zion Kirol Patronatuari, 703.206 euroko aurrekontuarekin.
«Garestiegia zen»
Iñaki Ostolaza Kirol zinegotziak erantzun du: «Aurreproiektuaren aurrekontua ez zitzaigun onargarria iruditu, garestiegia zen», esan du. «Gure baldintza nagusia hori zen, hain zuzen ere, 400.000 eurotik ez pasatzea». NTd Arkitektoak bulegoak arrazoitu du ezinezkoa dela Kirol Patronatuak eskatutako baldintzak betetzea aurrekontu horrekin, baina Ostolazak ez du hala pentsatzen: «Diru horrekin beraiek ezin zutela egin planteatu zigutenean, erabaki genuen iazko lehiaketan parte hartu zuten beste bi bulegoei eskaintzea. Batek baiezkoa eman zigun», esplikatu du. Horrela, aurreproiektuaren lanketa XS Arquitecturaren esku utzi zuen Kirol Patronatuak. «Partaidetza Sailetik proposatu ziguten ondo legokeela herritarrei galdetzea ea beharrezkoa ote den estalpea, eta hiru oinarrizko aukera proposatzea». XS Arquitectura bulegoari eskatu zitzaion hiru proposamen lantzeko, eta horiek dira Alondegian eta Kiroldegian ikusgai daudenak.
«Oinarrizko ideiak dira; jendeak gustukoena aukeratzen duenean landuko da aurreproiektua, eta hor zeresana izango dute udal arkitektoak, eskolak eta inplikatuta dauden guztiek», osatu du Ostolazak. Bere iritziz, zuzen jokatu du Zumiako Udalak: «NTd Arkitektoak bulegoaren proposamena garestiegia zen, guk jarritako diru muga nabarmen gainditzen zuen. Ezin genuen onartu, diru publikoa dago jokoan. Behin hura baztertuta, beste aukera bat bilatu dugu, eta erantzun positiboa aurkitu dugu. Ez dago besterik».
Daniel Carballok oso bestelako iritzia du: «Prozedura ez da errespetatu. Lehiaketa guk irabazi genuen, eta Kirol Patronatuak eskatutako ezaugarrietan oinarritutako aurreproiektua landu genuen. Guk uste dugu ezaugarri horiek betetzeko ezin dela merkeago egin, eta hala adierazi genuen. Hurrengo berria izan da udalak sasilehiaketa bat antolatu duela estudio batek egindako hiru proposamenekin. Guk uste dugu proposamen horiek ez dituztela betetzen Kirol Patronatuak eskatutako ezaugarriak. Gurekin hasitako prozedura behar bezala itxi gabe, aukerarik eman gabe, beste bide bat hartzea erabaki dute, eta hori ez zaigu zuzena iruditzen. Moduak, jarrera eta prozedura ez dira batere egokiak izan», amaitu du Carballok bere jarreraren arrazoiketa.