Jabier Lazkano: "Ezkuztako kobazuloan edozein pertsona sartzeak kezkatzen gaitu"

miriam tamayo 2014ko aza. 12a, 05:25

Aurreko astean aurkeztu zituzten Donostian Azpeitiko Ezkuzta kobazuloan aurkitutako bi hagak. Aurten egindako indusketetan lortutako material esanguratsuenak direla nabarmendu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi hagak Azpeitiko Antxieta Arkeologia Elkarteko lehendakari Jabier Lazkanok aurkitu zituen. 2012 eta 2014 urteetan kobazuloan egindako indusketetan aurkitutakoak dira. Elkarteak hainbat aurkikuntza egin ditu eskualdean: Zestoako Ekain Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia, Zestoako Aizarnako Errailla Goi Paleolitoko kobazuloko aztarnategia, Errezilgo Arnailleta Behe Paleolitoko haitzuloko aztarnategia eta Zestoako Irikaitz Goi eta Behe Paleolitoetako kobazuloko aztarnategia, besteak beste. Nola hasi zineten Ezkuztako kobazuloan indusketak egiten? Ezkuztara sartu eta urte batzuetara, suharrizko laskak eta hezur batzuk aukitu genituen. Orduan, aurkikuntza horiek garrantzia handia zutela pentsatu genuen. Ondoren hasi zineten Aranzadiko Maria Jose Iriarterekin lanean. Nolatan? Maria Joserekin eta Alvaro Agirrezabalarekin beti egon gara harremanetan, eta Ezkuztan sondaketa bat egitea gomendatu ziguten. Sondaketa hasterakoan lehenengo haga aurkitu genuen. Gero, Maria Joserekin bi udaratan egin dugu lan, eta orduan azaldu zen bigarrengo haga. Zure ustez, zertarako erabiltzen zituzten zuk aurkitutako haga horiek? Alvaro Agirrezabalak esan zuenaren arabera, kobazuloa tailer bat izan zezakeen. Izan ere, amaitu gabeko hainbat atal azaldu dira bertan. Baina, hala ere, ez dago jakiterik benetan zertarako erabiltzen zituzten haga horiek. 14.000 urte inguruko piezak dira. Zer esan dezakezu horri buruz? Karbono 14aren froga egin ondoren, Erdi Madeleine garaiko hagak direla esan dezakegu, duela 14.500-15.000 urte ingurukoak, Izturitzen aurkitutako hagen antzekoak. Bi kobazuloetan, hagak egiteko teknologia bera erabiltzen zutela dirudi. Hagen marrazkiak ere oso antzekoak dira. Zein da Ezkuztako kobazuloaren egoera gaur egun? Pena bat da. Izan ere, uraren eraginez aztarnategia galtzen ari da. Bertako sedimentu gehienak urak eraman ditu, eta gelditzen dena testigantza bat da, eta geratu den testigu horri esker jarraitzen dugu guk lanean. Urak eraman ez duen sedimentuak nahiko ondo iraun du eta, horri esker, datatzeak egin ahal izan ditugu. Nolakoa izan zen hagak aurkitu zenuen unea? Saltoka hasi ginen, poz ikaragarria hartu genuen. Baina, hala ere, kezkatuta gaude, Ezkuztako kobazuloa herrian oso ezaguna delako. Zer da gehien kezkatzen zaituena? Aztarnategira edozein sartu daitekeela eta, horren ondorioz, edoizeinek triskantzaren bat egiteko aukera duela. Horregatik, kobazuloa babestea eskatzen dugu guk. Nork dauka aztarnategia babesteko ardura? Ez dakigu nork arduratu beharko lukeen kobazuloaren babesaz. Beharbada diputazioarena edo Eusko Jaurlaritzarena da ardura. Baina norbaitek babestu beharko luke, kobazuloan zerbait gertatu ondoren pena hartzea alferrikakoa dela uste dugulako. Ezkuztako kobazuloa aztertzen jarraituko al duzue? Bai, noski. Abuztuan hamabost egun inguru joaten gara aztarnategira Maria Jose zuzendari dugula. Bertan ez dago eremu handirik eta, beraz, 4 edo 5 pertsona inguruko taldeak aritzen gara indusketak egiten. Noiz sortu zen Antxieta elkartea? Andoni Albizuri Katxo-k eta Rafael Rezabalek sortu zuten taldea 1965. urtean. Gipuzkoako ikerketa arkeologikoa egiteko biltzen gara, eta doan egiten dugu lan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide