Aldundia: Ezkuztan aurkitutako hagak aurtengo material esanguratsuena dira Gipuzkoan

miriam tamayo 2014ko aza. 5a, 15:07

[caption id="attachment_115264" align="aligncenter" width="300"]IMG_0476 Antxieta Zientzia Elkarteko kideak eta hainbat agintari, gaur, Ezkuztan aurkitutako hagekin. (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption] Izan ere, Madeleine garaikoak dira Azpeitian aurkitutako hagak, duela 14.000 urtetik gorako antzinatasuna dutenak. Aurkitutako materiala "aurkikuntza handia" eta "nabarmena" dela diote: "Grabatu sakonekin apaindutako bi hagak osorik daude. Aparteko kalitatea duten bi pieza dira eta Iberiar Penintsula osoan dauden bakarrak dira", azpimarratu dute. Gaur goizean Donostian aurkeztu dituzte Azpeitiko Ezkuzta kobazuloan aurkitutako hezurrez egindako material sorta. Azpeitiko Antxieta arkeologia elkartearen eta Aranzadi zientzia elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz aurkitu dira. 2012an eta 2014ean aurkitutako materiala da, Jabier Lazkano Antxieta elkarteko lehendakariaren eskutik. "Balio arkeologiko ikaragarria duen bilduma" berreskuratu dela esan du aldundiak. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ere egon da gaur goizeko agerraldian, eta Antxietako kideei eskerrak eman dizkie egin duten aurkikuntzagatik: "Antxietako kideek doan egiten dute lana, amateurrak dira eta aurkikuntza hau beraiena da". Ondare hau aurkitzea oso garrantzitsua dela dio Etxeberriak. Ezkuztan aurkitutako materiala "isilpean" gorde dute orain arte, Azpeitiko alkateak dioenez, kobazuloa babestu gabe dagoelako hartu zuten erabaki hori, bertara "edozein sartu daitekeelako". Aurkitutako hagak, Izturitzeko kultur tradizioarekin lotu dituzte; Nafarroa Behereko aztarnategiko pieza "bereizgarriak" direla diote.  Aldundiak adierazi du Antxieta taldeak egindako prospekzioak "lan bikaina" eta zuzendaritza zientifiko "aproposak" lortu dituela: "Lan horrek altxor arkeologiko zoragarri hau berreskuratzea ekarri du. Nahiz eta hasiera batean kobazuloan ezer onik ez genuela topatuko pentsatu, garrantzia handikoa da Ezkuztan egindako aurkikuntza". Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko Prehistoria Ikerkuntza Taldeko ikerlaria eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak dioenez, ez dakite zertarako erabiltzen ziren haga hauek. Lauak eta konbexuak direla diote:  atzeko aldetik lauak, grabaturik gabekoak eta orein adarrekin egindakoak. "Isilpean" mantendutakoa Antxietako ikertzaileak Ezkuztara heldu zirenean, zuloa desagertzeko arriskuan zegoela diote, baina hala ere gaineko sedimentuak egonkortu eta induskatu egin zituzten. 2004. urtean hasi zuten elkarlana Azpeitiko arkeologia elkarteak eta Aranzadi Zientzia elkarteak. Izan ere,  Aldundiko Kultura zuzendaritzak erabaki zuen ikerketa hauek arkeologo batek zuzentzeko beharra zegoela. Horren ondorioz, Iriarte aukeratu zuten Antxieta taldeko arkeologia lanak zuzentzeko. Aldundiak dionez, Ezkuztako aztarnategia gizakiak eragindako kalteen ondorioz eraldatu da, eta aldaketa horiek bertako sedimentuetan nabari dira: "Leize zuloaren gainean harrobi bat jarri eta bertan egindako leherkeen ondorioz, karsten egiturak pitzatu egin ziren eta horren ondorioz kobazuloan ura erraz sartzen zen. Beraz, bertako higadura azkarragoa izan da".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide